Salomon, gazte aberatsa eta ikasleak
Urteko 28. igandea B 2015-10-11

Gaurko irakurgaiek hiru jarrera dituzte ikuspuntu: Salomonena: urrearen, zilarraren eta harri-pitxien gainetik jarri du jakinduria; gazte aberatsarena: Jesusen gainetik jarri ditu bere aberastasunak; ikasleena: dena utzi dute, Jesusi jarraitzeko. Ebanjelioak bi eszena ditu: lehenengoan, gazte aberatsa eta Jesus dira protagonista; bigarrenean, Jesus eta ikasleak.

Lehen eszena: Aberatsa eta Jesus

Xehetasun bitxiak ditu; Markosek kontatzeko erak dituenak. Bat «korrika» hurbiltzen da; «belaunikatzen da», «maisu on» deitzen dio (Jesusi nolabaiteko ondoez bat eraginez), galdera egin du, Jesusek «txeraz begiratu dio». Azkenean, gizonak «kopetilun» jarri eta triste alde egin du.
Protagonistak, galdera egin aurretik, Jesusen onginahia erakarri nahi du edota, agian, arrazoitu zergatik datorkion: «maisu on» esan dio; Israelen ez zaio esaten hori inongo maisuri (Strack-Billebecks-ek kasu bat bakarrik jaso du, K.o. IV. mendekoa).

Galdera

Hau du bihotza estutzen dion galdera: «zer egin behar dut betiko bizia heredatzeko?»; funtsezko puntua da, gaurko pasarte osoa ulertzeko. Protagonistak nahi duena, garai hartako judu-esapide batekin esateko, «geroko bizian partaide izatea» da edota «geroko munduan»; gutako askok «salbatzea» esaten duena. Desira honek ohikoa ez den egoera batean ezartzen du gure protagonista: aitortzen du geroko mundu bat, oraingoa ez den bat, oraingoa baino hobea, eta partaide izan nahi du hartan. Bestetik, haren galdera ez da pentsatzen dugun bezain bitxia. Galdetuko baligute zer egin behar den «salbatzeko», askotarikoak izango lirateke erantzunak segur aski. Antzeko galdera bat egin zioten Eliezer rabiri (90. urte inguruan) bere ikasleek. Eta erantzuten du: «Saia zaitezte zeuen auzokoen estimua lortzen; galarazi zuen seme-alabek Liburu Santuak arin irakurtzea, eta saiatu eser daitezen jakintsuen ikasleen belaunetan, eta otoitz egitean, izan gogoan zein duzuen zeuen aurrean. Horrela lortuko duzue geroko munduko bizia».

Jesusen erantzuna

Jesusek, erantzun aurretik, egin dion agurraz hitz egingo dio, hitzak arinegi ez erabiltzeko adieraziz. On bakarra Jainkoa da. (Zorionez, garai hartan ez zen existitzen Fedearen Doktrinako Kongregazioa; honek errore kristologikotzat kondenatuko zuen).
Ondoren galderari erantzun dio, Moisesen bost agindu aipatuz, guztiak bigarren taulakoak, nahiz ordena aldaturik eman dituen eta dekalogoan ez datorren «ez iruzurrik egin» gehituz.
Gauza bitxia: Jesusek ez du aipatzen lehen taulako agindurik; halere, esango genuke, hauek direla garrantzizkoenak: Jainkoaren kontrako beste jainkorik ez izan, ez aipatu Jainkoaren izena gezurretan, gorde larunbata. Jesusentzat, gure sentierarako aski eskandalagarria bada ere, «salbatzeko», aski da hurkoarekin ondo portatzea.
Protagonistak hori guztia gaztedanik bete duela erantzutean, Jesusek txeraz begiratu dio eta gauza berri bat proposatu: utz diezaiola beste bizian pentsatzeari eta pentsa dezala bizitza honetan, zentzu berri bat emanez. Zentzu berri hori Jesusi jarraitzea izango da, benetan eta fisikoki; aurrez, ordea, dena saldu beharra du eta behartsuei eman beharra. Jesusen egitaraua hiru aditzetara mugatzen da: saldu, eman eta jarraitu.

Aberatsaren erreakzioa

Orduan da pertsonaia kopetilun jartzen, eta alde egiten du; «izan ere, oso aberatsa zen». Jarrera honekin ez du galtzen betiko bizia (betetako aginduen baitan baitago hori), baina bai Jesusi jarraitzea, bizitza orain, lurrean, bere betera eramatea.

Bigarren eszena: Jesus eta ikasleak

Bere irakaspena osatzeko balio dio Jesusi; kasu honetan, aberastasunen arriskuaz eta aberatsen problemaz. Markosek, ezer esan baino lehen Jesusek «ingurura begiratu zuela» esatean, suspense moduko bat eragin du. Zer esango ote du aberatsaren erreakzioaz?

Aberatsen problema

Jesusen hitzek, «Bai zaila aberatsak Jainkoaren erreinuan sartzea!», argibide bat eskatzen dute. Jainkoaren erreinuan sartzeak ez du esan nahi beste bizian salbatzea. Hori garbi gelditu da: aginduak betez lortzen da hori, aberatsa izan ala pobrea izan. Jainkoaren erreinuan sartzeak kristau-elkartean sartzea esan nahi du: bizitza honetan serioski eta etengabe Jesusekin berarekin konprometitzea.
Ikasleak harritu direlarik, Jesusek bere irakaspena errepikatu du, gamelua jostorratzaren begitik igarotzearen konparazio sonatua gehituz. Jadanik, Erdi Aroan hasiak ziren jostorratzaren begi hori Jerusalemgo murruan zegoen ate txiki batetzat hartzen; alabaina, ate hori ez da existitu sekula eta argibide horrekin era barregarri batean Jesusen hitzak leundu egin nahi izan dira. Jesusek ekialdeko irudimenez adierazi du zein zaila den aberats bat kristau-elkarte batean sartzea.

Ikasleen erreakzioa

Zergatik harritu eta izutu dira ikasleak? Bi eratan interpreta dezakegu haien erreakzio: 1) nor salba daiteke?; 2) zerk iraun dezake?
Lehen kasuan, aberastasunak Jainkoaren bedeinkazio direla uste duen ikasleen mentalitatea islako luke; aberatsak salbatzen ez badira, zein salba daiteke?
Bigarren kasuan, ikasleek pentsatuko zuten, elkarteak ezin iraun duela, aberatsak hartan sartzen ez badira, beren ondasunak guztien eskura jarriz.
Nolanahi den, ematen du, Jesusen erantzunak («Jainkoarentzat dena da daitekeena») askatutzat eman duena korapiloa.
Izatez, Pedroren esku hartzeak ez du zerikusirik aurrekoarekin, baizik eta ikasleen eta aberatsaren jarreren aldea adierazten du: «guk dena utzi dugu eta jarraitu dizugu». Horrenbestez zer dagokion jakin nahi du.

Salomonena ez bezalako aberastasun bat

Jesusen erantzunak zazpi ukapen-gauza aipatzen ditu, erabateko ukapenaren sinbolotzat: etxea, anaiak, arrebak / ahizpak, ama, aita, seme-alabak, soroak. Horrek guztiak bizitza honetan izango du bere saria (ehun bider gehiago, gurasoen kasua salbu) eta, bestean, beti bizia. Baina, bizitza honetako sariaz hitz egitean, Markosek «pertsekuzioekin» gehitu du.
Salomonek esan zuen: jakinduriarekin «ondasun guztiak batera etorri zitzaizkidan». Ikasleei, ondasunen ugaritasuna Jesusi jarraitzeak ematen die.

José Luis Sicre