Urteko 28. igandea B 2015-10-11
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaur zalantzan egon naiz: Erroma egiten ari diren Sinodoaz hitz egin ala, ohikoa dudan bezala, gaurko Mezako irakurgaiez hitz egin. Azken honi eustea iruditu zait egokiena.

Oso esanahi handikoa da lehen irakurgaia. Salomon erregeari leporatzen zaizkion hitzak dira: Erregutu nion, eta jakinduria eman zidan Jainkoak. Urrearen, zilarraren, koroiaren, tronuaren gainetik estimatu nuen jakinduria. Osasuna eta edertasuna baino gehiago estimatu nuen jakinduria. Honekin ondasun guztiak etorri zitzaizkidan.

Bizia zer den, bizirako bidea zein den, bizirako bidelagun zein dugun, bizia zein ederra den agertzen digu Jakinduriak. Jesu Kristo da gure Jakinduria.

Horrelako zerbaiten bila zebilen gaurko ebanjelioko aberatsa ere. «Maisu on, zer egin behar dut betiko bizia ondare izateko?» galdetu dio aberats horrek Jesusi. Honen erantzuna maitasun handiaz egina izan da: «Saldu zeure ondasunak, eman pobreei eta jarraitu niri». Espero ez zuen erantzuna jaso du, eta kopetilun alde egin du aberatsak.

Jakinduria, benetako jakinduria, Jesus bera da. Bera ezagutzera, bera onartzera dei egin digu. Guztioi. Kontua ez da ondasunak banatu ala ez. Arazoa, bihotza ondasunei ez itsastea da. Bihotza Jesusi itsastea. Hori da benetako Jakinduria. Horrekin ondasun guztiak, denak batera etorriko zaizkigu.

Kristautasunaren historian adibide miresgarriak izan ditugu. Guztien artean, bat aipatu nahi nuke. Atzo, larunbata, ospatu genuen Daniel Konboni santua. Italian jaio zen 1831n. Gazte-gaztetandik hartu zuen ikur hau: «Afrika edo hil!» Eta amarena jarrera miresgarria. Seme gazteak Afrikara zihoala esan zionean: «Hoa, Daniel, eta Jaunak bedeinka hazala!» Afrikatik gurasoei idazten zienean, behin eta berriz eskertu zien agertu zioten bihotz-zabaltasuna. Sudango Jartumera iritsi eta hango abelera ikusi orduko, idatzi zien gurasoei: «Nekatu beharra izango dugu, izerdia bota beharra, hil beharra; alabaina, pentsatzean, Jesu Kristoren maitasunagatik eta abandonatua den jendeagatik bota beharko dudala izerdia eta hil beharko dudala, behar den kontsolamendua aurkitzen dut, hasitako lanbide handi honetan ez etsitzeko».

Benetan, bere Jakinduria aurkitu zuen Konbonik. Zirraragarria da haren jarrera, hain gazte delarik. Zailtasunak zailtasun, Kristogan aurkitu zuen Jakinduria, argia eta indarra.

Beste testigantza bat ere eder-ederra. Kubako emakume batena. Preso politikoen alde ari den emakume-taldekoa. Frantzisko aita santua duela gutxi han izan denean, berarekin egon nahi izan du. Poliziak ez dio utzi. Aita Santuaren bidaia nola baloratzen duen galdetu diotenean, erantzun du: bedeinkazio bat izan da Kubarentzat; halere, zapalketa jasaten ari garen biktimok ez gaitu ase; berarekin hitz egiteko modurik izan banu, hau eskatuko nion: egin zezala otoitz publikoki Kubako askatasunaren alde; eskatu zezala poliziaren indarkeriaren bukaera, preso politikoen askatasuna eta askatasun erlijiosoa; ez du egin horrelako ezer. Eta katolikoa den galdetu diotenean: haurtzarotik katolikoa naiz, azken 15 urte hauetan Santa Rita elizara joaten naiz beti mezara; Mesedetako Andre Mariaren jaia ospatu dugu gaur, presoen zaindariarena; nire fedea handituz doa; izan ere, badakit Kristo gurekin dagoela; haren ordezkariek egiten dutenak min eman diezadake, baina ez dio erasaten nire fedeari (Vida Nueva 2015-10-3/9, 43. or.)

Anai-arrebok, ez dakit, oso juxtu, Salomonen jakinduria nolakoa izan zen; dakidan apurtxoaren arabera, ez zen izan gaurko lehen irakurgaiak pintatzen digun bezain distiratsua. Poztu nau ebanjelioko aberatsari entzutean, agindu guztiak betetzen dituela; pixka bat lausotu egin zait uste hori, Jesusi ez diola jarraitu ikustean.

Baina historian Jesusi hainbat jendek jarraitu diola jakiteak bihotza berotu dit. Are gehiago, aipatu ditudan bi adibideez irakurri dudana irakurtzean. Saia gaitezen, munduko gauza ezkorretan bakarrik gelditu gabe, geure begiak zabaltzen, munduan den egiazko aberastasuna ikusi, hartaz gozatu eta aberastasun horri jakinduriazko ur-tanta bat gehitzen.

Dionisio Amundarain