URTEKO HOGEITA HAMAHIRUGARREN IGANDEA
A
Lehen irakurgaia

( Etxekoandre langilea, eskulanetan trebea )

Erran Zaharrak liburutik 31,10-13.19-20.30-31

10 Nork aurki etxekoandre ona?
Perlek baino askoz gehiago balio du.
11 Konfiantza osoa du senarrak haren baitan:
ez da harekin galduan aterako.
12 Biziko egun guzietan zoriona ekartzen dio, ez zorigaitza.
13 Artilea eta lihoa biltzen ditu,
gogotsu lan egiten dute haren eskuek.
19 Iruten lotzen da haren eskua, kilua harturik.
20 Dohakabeari eskua zabaltzen dio, eta behartsuari laguntza
emaiten.
30 Gezurrezkoa da xarma, hutsa edertasuna;
goresgarria, aldiz, Jaunaren beldurra duen emaztea.
31 Emazkiozue eskerrak bere lanarengatik:
herri guziaren aitzinean goretsiko dira haren egintzak.

Norbait gaizki mintzo bada emazteetaz, Erran Zaharren liburuko lerro hauek irakur ditzala. Erran Zaharren liburua Zuhurtziaz mintzo da hastapeneko bederatzi kapituluetan eta emazteen zuhurtzia goretsiz bururatzen da. Hauxe da beraz : Jainkoak zuhurtziaz bete duen
emaztearen irudia eta bere ingurukoeri Jainkoak amesten dioten gauza bakarra gizadi osoari emaiten diona, zoriona.
Erran Zaharren liburua ez da bakarra emazteetaz ongi mintzo dena. Ainitz eta ainitz lerrotan emazteak, edo heietakoak, ospatuak dira. Adibidez « Emazte aria senarraren korona » eta Ben Sirak liburuan : « Dohatsua emazte zentzudunarekin bizi den senarra (25,8)…dohatsua emazte onaren senarra: bi aldiz luzeago izanen da haren bizia; emazte aria senarraren bozkarioa: bakean emanen ditu hunek bere biziko urteak. » ( 26,1) Eta hau ere: «Emaztea duenak ontasunik baliosena du, dagokion laguntza eta bermagailu segur. Hesirik gabe, lapurren menean gelditzen da alorra; emazterik gabe, noraezean deitoreka gizona. » (36,29-30) Eta zer erran Kantika Ederrena liburuaz ?
Ez dezagun ahantz Bibliak, hastapenetik, emaztea ikusteko molde arras berezi bat duela. Babilonian, adibidez, emaztea gizonaren ondotik kreatua izana zela pentsatzen zen (beraz mundua bizi izan zela emazterik gabe). Bibliako kreazionearen olerkiak – Babiloniako desterruan apezek idatziak – argi emaiten du : « Jainkoak bere iduriko kreatu zuen jendea, Jainkoaren idurira kreatu zuen; ar eta eme kreatu zituen. » (Has 1,27) eta kondaira
zaharragoak, nola emaztea gizonaren ondotik lehen bai lehen egin zen kondatzen duenak, gizonaren heinekoa presentatzen du, « ene hezurraren hezur, ene haragiaren haragi. » (Has 2,23). Hain dira berdinak nun izen bera duten hebrearrez: ish (gizona) eta isha (emaztea), hitz horiek berdintasuna eta berezitasuna erraiten baitute. Testoa oraino urrunago doa, emaztea gizonaren zorion-opari dela erranez. « Ez da on gizona bakarrik egoitea. »
Konfiantxazkoak izan behar ziren harremanak aldatu dira geroztik: Jainkoaren eta haren kreaturaren artean bai eta emazte eta gizonaren artean duda sartu da. Ez da elkarrizketa lehen, bainan bai boterea, lillura alde batetik, eta nagusitasuna bertzetik: « tirriak senarrarengana bultzatuko zaitu eta hura ukanen duzu nagusi. » (Has 3,16) Egungo irakurgai hau idatzi zelarik, egia horrek zenbait miliun urte bazituen.
Erran Zaharren liburuak bere ametsa segitzen du: bikote ederrenean, bere emazteari esker senarra zoriontsu da. « Konfiantxa osoa du senarrak haren baitan; biziko egun guzietan zoriona ekartzen dio, ez zorigaitza.” (11,12) Harrigarri dena: delako emazteak ez du deus ohargarririk egiten. Hemen aipatu gauzak, etxekandre batek egiten dituenak dira. Egia erran, idazleak bi gauza nahi ditu azpimarratu, bi dohatsutasun. Lehena, « dohatsu bai zu Jaunaren errespetua duzuna » ; bigarrena: « dohatsu bai zu, zure lan xumeek, iduriz alferretan eginek, zoriona emaiten baitauzute. »

Salmoa 127

Leloa : Bai dohatsuak Jaunaren beldur dabiltzanak!

Dohatsu bai zu, Jaunaren beldur bazaudena,
Haren bidetan zabiltzana.
Zure eskuen lanetik duzu jan-edana,
Eskutan duzu zoriona.

Zure andrea mahats ondo bat bezain jori
Etxe xokoa bozten ari.
Zure semeak oliba ondo gotor batzu,
Mahainean so dagozkitzu.

Hara nolako zorionean dabilana
Jaunaren beldur den gizona.
Jainkoa lagun, bizi zareno izan urus,
Zure semeak azkar ikus.

Salmo hau laburrenetarik da. Bainan gaia garrantzitsua du : zoriona. Jainkoak zoriontsu izaiteko kreatu gaitu : Biblia osoan dabil egia hori, eta denbora heietan gauza harrigarria zen inguruko jendeentzat. Dabidek segurtamen hori bazuen eta Abrahamek ere. «Zorion » hitza ez da Abrahamen hiztegian, bainan erran nahi duena denbora heietako hoberena zen : ondorea eta aberastasuna. Benedikatzea eta zoriona parekatuak dira: « zure bitartez benedikatuko ditut lurreko herri guziak. » (Has 12,3) Erran nahi baitu munduko herri guziek ez dutela opatzen ahalko zure benedizionea baizik. Eta bat bertzeari erranen dute: «Aberats zaite Abraham haundia bezenbat. » Eta gehiago ere: « Munduko herri guziak zure bitartez aberastuko dira. » Zer asma hoberik?
Izraelen ixtorian, Jainkoak bere haurrak zoriontsu nahi dituela, denetan ageri da: hala nola manamenduetan. Deutoronomia Liburuak zernahi xede eta gomendio erraiten ditu zoriona eta bizi luzea ukan ditzan bere populuak : « Bete gaur emaiten dauzkizuetan lege eta manamenduak, zoriontsu izan zaitezten zuek eta zuen ondokoak…(Dt 4,40) Ai ene errespetatzeko eta ene manamenduen betetzeko gogo hori balute beti! » (Dt 5,29) . Eta fede aitorpena (shema Israel) kontseilu hunekin hasten da: « Emaiten dauzkizuetan haren lege eta manamendu guziak bizitza osoan betez luzaz biziko zirezte … hola zoriontsu izanen zirezte eta biziki ugalduko esnea eta eztia darizkion lurraldean, Jaunak zuen arbasoen Jainkoak hitzeman bezala » (Dt 6,3). Egungo salmoak oihartzun egiten dio: « Dohatsu bai zu, Jaunaren beldur bazaudena, haren bidetan zabiltzana. » « Haren bidetan ibiltzea » horrek erran nahi du manamenduak begiratzea, zoriona aurkitzea. « Zorion », «dohatsu » « benedikatua » hitzak errepikatuak dira eta erabiltzen diren itxurek, amets bat ederra aipatzen dute : jan-edana lasaiki, behar dena jori, etxe xokoa bozik, seme-alabak gotor eta azkar. « Benedika zaitzala Jaunak Siondik, goza zaitezela bizitza osoan Jerusalemen zorionaz, ikus ditzazula zeure haurren haurrak! »
Lerro hauen erakaspena : gure zoriona, egiazko errealitatean jokatzen da. Jadanik Testamendu Zaharrak aski indarrekin erraiten zuen Jainkoa ez dela elizetako murruen barnean bilatzen bainan bai gure eguneroko bizian. Alabainan Jainkoaren bidetik baztertzen ahal gira, libre izanez geroz, eta gure zorigaitza egin dezakegu. Egungo salmoak ez du alferrik itzultzen
Adam-eri errana bekatuaren ondotik: « madarikatua lurra zure gatik. Oinazetan aterako diozu janaria zure biziko egun guzietan. » (Has 3,17) Familiako bizia, baratze zoriontsua gerla-lur bilakatu da bide txarra hautatu dutenentzat: « oinazetan ukanen dituzu haurrak; tirriak senarrarenganat bultzatuko zaitu eta hura ukanen duzu nagusi. » (Has 3,16)
Mendeetan zehar, gure zorionari buruzko ikus-moldea alda daiteke, bainan ez dezakegu ahantz Jainkoaren helburu bakarra bere haur guziak zoriontsu ikustea dela.

Bigarren irakurgaia

( Gauden erne, Jaunaren etortzearen beha )

Jondoni Paulok Tezalonikarreri 5,1-6

1 Haurrideak, Jaunaren etortzea
noiz eta nola izanen den, ez duzue nik izkiriatze beharrik.
2 Zihaurek arras ongi badakizue
Jaunaren eguna ohoina gauaz bezala etorriko dela.
3 Jendea erraiten ariko denean: “ Hau bakea eta segurtasuna!”,
orduan eroriko zaiote gainerat suntsitzea, ustegabean,
haur-beharretan denari erdiminak bezala
eta ez dute ihes egiterik izanen.
4 Zuek, ordea, haurrideak, ez zirezte ilunbetan bizi,
egun horrek ohoinak bezala harrapatzeko.
5 Alabainan, guziak argiaren semeak zirezte, egunaren semeak;
ez gira gauarenak eta ilunbearenak.
6 Beraz, ez dezagun lo egin, besteek bezala,
bainan gauden erne, eta neurritsu.

“Jaunaren etortzea…Jaunaren eguna”, horra, Pauloren arabera, zerk emaiten dion gizonen historiari bere helburua : Jainkoaren xedea da gizadi guzia biltzea Jesu Kristoren ingururat. “Jaunaren etortzea” Kristoren gorputzaren biltzar handi hori da.
Gertakari alaia : gure zorionerako izanen da. Egun horrek argituko du ilunpeak desagertuko direlarik, amodioa herrari nausituko zaiolarik. Pauloren irakurleek uste zuten berehalako zela. Noizko den ? Nehork ez daki. Zergatik ? Denbora Jainkoarena delakotz. Jesusek berak aitortu zuen ez zakiela noiz izanen zen : “Egun eta oren hura noizko diren nehork ez daki, ez aingeruek zeruan, ez Semeak, Aitak bakarrik baizik.” (Mt 24,36)
Noizko den ez dugu jakitearen beharrik. Aski zauku Jainkoaren Berri Ona zabaltzea eta haren arabera bizitzea. Hortako ukan dugu Izpiritu Saindua. Hortako bereko Paulok erran dezake : “Zuek ez duzuen dohainik ez da, Jesu Kristo gure Jauna noiz agertuko den beha zaudezten bitartean. Berak sendo iraunaraziko zaituzte azkeneraino, nehork zuen kontra erraitekorik ukan ez dezan Jesu Kristo gure Jauna etorriko den egunean.” (1 Ko 1, 7-8)

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Huna berehala heldu dela Jauna.
Berekin dauka saria, bakotxari bere lanaren arabera emaiteko.

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 25, 14-30

Jesus bere etortzeaz mintzo zitzaioten bere dizipulueri,eta parabola hau erran zioten:
14 “ Gizon batek, urrunerat joaiterakoan,
bere mutilak deitu zituen, eta heien gain utzi bere ontasunak.
15 Bati bost talendu eman ziozkan, beste bati biga, beste bati bat bakarra,bakotxari bere ahalaren arabera.
Eta gero joan zen.
16 Bost talendu ukan zituena heiekin lanean hasi zen berehala, eta beste bost irabazi zituen.
17 Halaber biga ukan zituenak beste biga irabazi zituen.
18 Bat bakarrik ukan zuenak, aldiz, lurrean zilo bat egin zuen eta han gorde bere nagusiaren dirua.
19 Denbora luzearen buruan, etorri zen mutil horien nagusia, eta konduak xuritu zituen heiekin.
20 Hurbildu zen bost talendu ukan zituena, eta beste bost ekarri ziozkan, erranez:
‘ Nagusia, bost talendu utzi zinauzkidan; beha: beste bost irabazi ditut.’
21 Nagusiak erran zion:
‘ Ederki mutil zintzo eta leiala! Gauza gutian zintzo izan zira, ainitzen buru ezarriko zaitut; sar zaite zure nagusiaren bozkarioan.’
22 Hurbildu zen bi talendu ukan zituena, eta erran zuen:
‘ Nagusia, bi talendu utzi zinauzkidan; beha: beste biga irabazi ditut.’
23 Nagusiak erran zion:
‘ Ederki, mutil zintzo eta leiala! gauza gutian zintzo izan zira, ainitzen buru ezarriko zaitut; sar zaite zure nagusiaren bozkarioan.’
24 Gero hurbildu zen talendu bat ukan zuena, eta erran zuen:
‘ Nagusia, banakien gizon idorra zirela; erein ez duzun tokian uzta egiten duzu, eta bihirik zabaldu ez duzun tokian biltzen. 25 Beldurrez joan nintzen, eta lurpean gorde nuen zure talendua. Hor duzu zurea!’
26 Nagusiak ihardetsi zion:
‘ Mutil gaixto eta alferra! Bahakien erein ez dutan tokian uzta egiten dutala, eta hazirik zabaldu ez dutan tokian biltzen. 27 Beraz, bankuan ezarri behar huen nere dirua, eta nik itzultzean, neurea altxatuko nikan bere intresarekin.
28 Kenozue, bada, talendua eta eman hamar dituenari.
29 Duenari emanen baitzaio, eta gaindika izanen du.
Ez duenari, ordea, duen hura ere kenduko zaio.
30 Eta deusetako ez den mutil hori bota zazue kanpoko ilunbeetarat.
Han izanen da nigar eta hortz-karraska!’ ”

Iduriz, hirugarren zerbitzaria nigar eta dolu gelditzen da, bere nagusia gaizki jujatu duelakotz. Zertan huts egin du ? Beldurrez egoitean, bertzerik ez: « Beldurrez joan nintzen eta lurrean gorde nuen zure talendua. » Alabainan, ez du « ez hil ez ebatsi ». Nagusiak haren gain eman talendua xuxen xuxena itzuli dio… Huntan da hutsa : nagusiak konfiantxa eman dio eta zerbitzariak beldurra ordaindu. Konfiantxa alde batetik, beldurra bertzetik.
Nagusia berdin ari izan da hiru zerbitzariekin, bakotxaren gain emanez beren ahalaren arabera, leialtasun osoan. Parabola hunen lehen erakaspena hau da : Jainkoak konfiantxa emaiten dauku, bere kide egiten gaitu bere aferetan, gure gaitasunaren arabera. “ Bakotxari bere ahalaren arabera “: hitz hauek goxatzen gaituzte . Ez gira hobendun senditu behar, ez eginak gogoan; bertze bi aitzinekoekin, nagusia ez da xehetasunetan sartzen; bere ontasunaren ongia egin dutela ikusten du eta zorionak bihurtzen dizkie. Egiten daukun galde bakarra hau da: egin dezakeguna egitea Jainkoaren Erreinuarentzat. Eta erranen dauku: « Ez izi, ahal duzuna egin duzu. »
Nagusiaren konfiantxa urrunago doa: hura gabe, zerbitzariek beren burutarik har ditzatela bai arriskuak bai erabakiak. Bi zerbitzariek hori egin dute: talenduak doblatu dituzte galtzea arriskatuz. Hirugarrenak deus ez du arriskatu: prestu izan da; bertze zerbitzariak ez, eta hauek dira goretsiak. Nagusiaren konfiantxaren parean, bi egin-molde: lehena, egina den konfiantxa onartzea eta haren merezitzeari lotzea. Lehen bi zerbitzariek egin dutena. Bigarren egin-moldea, hirugarren zerbitzariarena: nagusiak eman, bainan konfiantxaz dela zerbitzariak ez du ikusten. Ez da ohartzen, nagusiaren beldurrez, idorra delakoan. Zerbitzari hunek nagusia kasik erasia lezake: eman dautazuna baino gehiago galdetzea xuxen ote da?
Bada hemen pasarte bat nekez konprenitzen duguna : “Duenari emanen zaio…Ez duenari… duen hura kenduko zaio. Irudi baten bidez zerbait ulertuko dugu : Norabide ona hautatu dugularik, urrats bakotxak helburuari hurbiltzen gaitu. Bainan helburuari bizkarrez jartzen bagira urrats bakotxak helburutik urruntzen gaitu.
Bainan itzul gaiten bi lehen zerbitzarietarat : nagusiak eman konfiantxari fidatu dira, eta arriskuak hartu dituzte. Jesus hiltzeari buruz abiatzen delarik eta Eliza bere dizipuluen esku uzten, erakaspena argia da : Jainkoaren Hitzaren zaintzea dizipuluen gain izanen da; erabakiak hartu beharko dituzte, fruituak ekar ditzaten. Jondoni Joanik dion bezala: « Nik zaituztet zuek hautatu. Eta hau zuen gain ezarri dut: joan zaitezten eta fruitua, fruitu egonkorra, eman dezazuen. » (Jn 15,16) Eta ez dugu beldurtzekorik : « Beldurrik ez da maitasunean » dio Jondoni Joanik (1 Jn 4,18).