Urteko 33. igandea A (2014-11-16)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Joan den igandean, hamar neskatxen parabola genuen irakurtzekoa, baina alde batera utzi genuen hura, Erromako Letrango Basilikaren jaia ospatzeko. Neskatxen ebanjelio hartan, buruargi, zuhur eta aurreikusle izateko eskatzen digu Jesusek.

Gaurko parabolan, langile eta ekintzaile izateko esaten digu. Hartu ditugun dohainez baliatzeko, geure dohainei fruitu emanarazteko.

Duela bost asteko parabolako nagusia, mahasti baten jabe zen. Gauza bera beste aste batzuk lehenagokoa ere. Gaurko parabolako nagusiak ez du zerikusirik, ez mahastiarekin, ez lurrarekin, ez artaldeekin. Haiek nekazaritzari lotuak ziren. Gaurkoa hiriari lotua da. Milioi askoren jabe da. Dirutan da aberats. «Talentuak» ditu.

Talentuak dirutza handia esan nahi zuen. Lurraldeen arabera, zilar-kantitate handia esan nahi zuen talentu batek. Grezian 26 kilo-zilar; Egipton 27 kilo; Erroman 32.

Beraz, aberats handiaren eskutik talentuak hartu dituzten administratzaileek dirutza handia jaso du, irabazian jartzeko: batek 300 kilo-zilar; besteak 120; hirugarren 60, gutxi gorabehera.

Lehen biek bikoiztu egin dute hartua. Hirugarrenak hartua soilik itzuli dio nagusiari.

Zein izan da buruargiena hiruretan? Beren dirua irabazian jarri dutenak, ala bere dirua zuloan gorde duena? Gaur egunean, auskalo zein izango litzatekeen erantzuna: dirua akzio arriskuetan ezarri ala kutxa gotorrean gorde? Parabolako nagusiarentzat argia da erantzuna: onura ateratzera jo behar zuen hirugarren hark.

Hona zer aurpegiratzen dion parabolak hirugarrenari: beldurtia izatea, alferra, ardurarik gabea; bost axola izana nagusiaren interesak.

Baina parabolaren materialtasuna utzirik, zein dohainez, zein gaitasunez ari da Jesus? Asko izan dira interpretazioak: giza kualitateak, fedea dohain hartu izana, eliztar izateko dohaina, familia… Egia esateko, bata ez doa bestearen kontra. Horiek guztiak eta gehiago dira hartu ditugun dohainak: ikustea, hitz egitea, irribarre egin ahal izatea…

Horietan guztietan, zein eskertu dut gehiena?, zein landu dut?, zein gutxietsi dut?

Ebanjelioaren testuinguru ekonomikoarekin oso ondo lotua da lehenengo irakurgaiko emakumea. Emakume langile, emakume ekintzailea, enpresa-emakumea: premian direnez arduratzen da, senarraz eta seme-alabez arduratzen da; goizetik gauera ari da lanean; bere dohainak ondo baino hobeto inbertitu ditu (31,10-31 pasarte osoa irakurri beharko litzateke).

Migel Unamuno ere argi mintzatu zen puntu honetaz: pertsona ez da entitate finko bat; bizi izandako esperientzia da; ezin bizi da bakardadean, beti behar du bizi harremanetan. Maitasun ekintzailea da pertsona: norbera gizatasunean hazten eta lagun hurkoari gauza bera egiten laguntzen diona. Parabolako administratzaile alferra, berriz, agorra da, zama bat da elkartearentzat.

Senideok, saia gaitezen bata bestearen zirikatzaile, bultzatzaile izaten. Hala ari zaigu Jesusen Espiritua. Hari atea irekitzea falta.