URTEKO 33. IGANDEA A 2014-11-16

SARRERA

Anai-arrebak, urteko 33. igandea ospatzen dugu gaur. Lehenengo irakurgaia emazte jatorraz mintzo da, emazte hori Jainkoaren Jakinduriaren sinbolotzat harturik, batez ere, baina ez sinbolotzat bakarrik, baita emakumearen jatortasunaz ere. Ebanjelioa, berriz, jaso ditugun abildadeez, dohainez, mintzo da; honek ere baditu zailtasun batzuk ondo ulertua izateko. Beraz, bietan ibili beharko dugu kontuz, alea eta zaborra bereizteko.
Ebanjelioko parabola gure bizitzako alderdi guztiei dagokie. Nagitasunaren kritika da, beti bila ibiltzeari diogun beldurraren kritika. Geure baitan ditugun ahalbideak eta gaitasuna handiak dira. Astia hartu behar da horien bila ibiltzeko; batez ere, beldurra baztertu behar, gaitasun horiek abian jartzeko.
Parabola, beraz, beti bilatzen ibili beharraz mintzo zaigu. Nagikeriarik gabe, beldurrik gabe. Gizakiaren bekatua izango litzateke gauzak –materialak, kulturalak, sozialak, espiritualak– arin eta azaletik hartzearekin konformatzea; gauzak sakontzen ez aritzea, besteek lortu dutenaren peskizan bizitzea. Gizakiak bere ahalbide guztiei kutsua ateratzeari emanik bizi beharko luke, bere abildadeei fruitu emaraziz.
Alabaina, efikazia efikaziagatik ez da balio ebanjeliko bat. Efikazia, besterik gabe, azpimarratuaz, gaur egungo neoliberalismoari laineza eta indarra ematea izango litzateke; horren dogma produkzio eta produkzioa baita. Ebanjelioaren araberako efikaziak beste ezaugarri batzuk ditu. Beste hainbat ezaugarri izan behar ditugu kontuan; adibidez: «efikazia Jainkoaren erreinua indartzeko», «gizakia ez da ogitik bakarrik bizi». Batez ere, datorren igandean irakurriko dugun ebanjelioa izan behar dugu kontuan: «gose nintzen, egarri nintzen, biluzik nengoen, kartzelan nengoen, gaixo nengoen, eta laguntzera etorri zinen».
Jakin dezagun, Jesusen Espiritua geurekin dugula beti, bila ibiltze horretan.

LEHENENGO IRAKURGAIA Esaera Zaharrak liburutik (31,10-13.19-20.30-31)

Esaera Zaharrak liburua, Salomonena balitz bezala dator. Alabaina, jakinduriazko esapide-saila da; esapide horiek bizi-egoera jakinetan jasotakoak dira. Batzuetan kontraesanak ere ageri dira. Liburua, oro har, biziaren bila ibiltzeaz ari da, biziaren nolakotasunaren bila, bizia bere betera eramatearen bila. Alde horretatik, gaur egunerako oso interesgarria izan daiteke.
Garrantzi handia ematen dio emakumeari. Jainkoaren Jakinduriaren sinbolotzat hartzen du emakumea. Baina ez du hartzen sinbolotzat bakarrik. Ezaugarri handiak aitortzen dizkio emakumeari. Babiloniako erbestealdi ondoko literaturan emakumeari horrelako inportantzia eman izanak, pentsarazi behar digu, emakumeak gizartean bazuela bere ospea edo izena. Adibidez, gaurko pasarteko 31. txatalean datorren esaldiak zerbait baino gehiago adierazten du alde horretatik: «Kanta iezaiozue [emakumeari] bere lanarengatik, goretsi herri osoaren aurrean berak eginarengatik».
Dena den, emakumea sinbolotzat hartuz, gaurko pasarte honek, Emakume adoretsutzat ematen du Jakinduria. Etxeko egonkortasunaren iturritzat.
Ama batek alabari emandako irakaspentzat hartu dute komentariogile batzuek pasartea. Adoretsua eta duina da emakumea. Batez ere, jakintsuki hitz egiten du, zer esaten dakiela, maitasunaren eta solidaritatearen Legea irakasten du.
Sinbolotzat hartua izateaz gain, garai hartan emakumeaz zabaldua zegoen ikuspegi ederra ageri da.

BIGARREN IRAKURGAIA Tesalonikarrei egindako lehen gutunetik (5,1-6)

Esan dezagun, beste behin: gutun hau Itun Berriko lehenengo idazkia da. Gaurko pasarteari dagokionez, gaurko honen aurreko zatian hildakoez hitz egin die Paulok tesalonikarrei; esaten die: ez dutela zertan atsekabetu hildakoak direla-eta; Jesusen heriotza eta piztuera direla medio, kristau fededun guztiak «Jaunarekin egongo dira».
Gaurko pasarte honetan, gizadiaren azkenaz beste puntu bat ere aipatu da: gizadiaren azken hori noiz izango eta zein inguruabarrez inguratua izango. Baina Paulok ez du horretaz aparteko argibiderik.
Soil-soilik, tradizioak bildu duena errepika dezake. «Jaunaren eguna» ustekabean etorriko da; gauez lapurra bezala.
Baina pax romanaren segurtasunean eta ilunpean bizi direnentzat azken hori mehatxagarri izango bada ere, kristauek ez dute zertan kezkatu, «argiaren seme-alaba» baitira. Baina horretarako, erne eta adi bizi behar dute.
Gure adi egotea hauxe izango da: fedea bizi eginez, esperantza bizi-poz eginez eta maitasuna elkartasun-lokarri eginez bizitzea.

EBANJELIOA San Mateoren liburutik (25,14-30)

Jainkoak bakoitzari eman dizkigun talentuez edo abildadeez mintzo da ebanjelioa. Abildade horiek ondo erabili behar ditugula adierazi nahi digu parabolak.
Jesus laster joango da. Ikasleak utziko ditu, berak hasi duen egitekoari segida emateko. Nork bere erantzukizuna du egiteko hori gauzatzeko orduan.
Talentu bat dirutza handia zen. Sei mila denario balio zuen. Denario bat eguneko soldata zen langile arrunt batentzat. Pentsa: sei mila eguneko soldata zen talentu bat; 16 urteko soldata. Zenbat eta handiagoa abildadea edo gaitasuna, orduan eta handiagoa erantzukizuna.
Parabolako biek bikoiztu egin dute hartutakoa. Biak goratu ditu nagusiak. Hirugarrenak ez du arriskurik hartu nahi izan, eta hartutakoa bakarrik itzuli dio nagusiari. Honek gutxietsi egin du, ezer egin ez duelako.
Gaurko ebanjelioaren mezuk, gu animatzea du helburu guztia. Erdi lo egotetik ateratzeko animatzea; beldurra alde batera uzteko animatzea. Jakina, Ebanjelioaren arabera, gure abildadeak gizadiaren onerako erabiltzen saiatu behar dugu. Kontua ez da ekin eta ekin aritzea, helburu zuzenik gabe. Dezente aldiz entzuten dugu EITBn «pertsona helburu» delako esapidea. Hala izan beharko luke. Hala ote da, ordea, oro har, gure gizartean? Duda handiak izateko froga asko ditugu. Baina era berean galdetu behako genuke: «gizakia helburu» al da gutako bakoitzaren kasuan? Jesusen Espirituak arnastu gaitzala, geure lanean, geure denbora-pasan, geure harremanetan.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztientzat: inguruan ditugun guztientzat, animatzaile eta eragile izan gaitezen, batez ere lur jota-edo ikusten ditugunean. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Alderdi politiko txikientzat, lanbide politikoan ordezkapen txikiagoa dutenentzat: pesimismoan erori gabe, gatz eta akuilu izan daitezen, zuzenbidea jatorrago egiteko. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gaixo, bakarti, goseak sufritzen ari direnentzat: ARGI handira gidatuko dituen izarra zeru-sabaian ikus dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Eukaristia ospatzen ari garenontzat: gure erromesaldi hau helmugara iritsiko denean, Jesusek adi-adi, zain-zain aurki gaitzan. Eska diezaiogun Jaunari.