URTEKO 11. IGANDEA A CORPUS 2017-06-18

SARRERA

Senideok, Corpus eguna ospatzen dugu gaur. Ostegun Santuko Jesusen Azken Afariarekin lotura handia du. Orduan, maitasunaren seinalerik handiena agertu zigun Jesusek. Gaur, gure artean jarraitzen duela ospatzen dugu, gure bideko jan-edari bezala.
Garai batean, Israeldarrei, Egiptotik ihesi zihoazela, mana eman zien janari, eta lehorte-aldian ura aterarazi zien arrokatik. Orduan ez bezala, orain bere gorputz-odolak demazkigu jateko eta edateko.
Alabaina, har dezagun gogoan gaurko ebanjelioan datorrena: ogi hau jaten duena biziko da. Zer ogiz eta zer biziz ari da? Jakina, Jesusek Galilean eta Jerusalemen bizi izan zuen bizia bizitzeko indarra ematen duen ogia da. Gaurkoaren segidako pasartean (Jn 6,63) hauxe esango digu Jesusek: «Espiritua da bizia ematen duena». Ez da, beraz, ogi materialaren kontua bakarrik; ez da, beraz, bizitza fisikoaren kontua bakarrik. Joanen ebanjelioko biziaren ogiari buruzko pasarte luzearen hasieran, hori leporatu zion Jesusek jendetzari: «Nire bila zabiltzate, ez ikusi dituzuen mirarizko seinaleengatik, baizik eta ogia asetzeraino jan duzuelako» (Jn 6,26). Eta guk? Ez ahal diogu emango arrazoirik, guri horrelako zerbait aurpegiratzeko!
Emazkiogun eskerrak, Jesusi, gurekiko horrelako borondatea agertu nahi izan duelako.

LEHENENGO IRAKURGAIA Deuteronomio liburutik (8,2-3.14b-16a)

Deuteronomio liburua, lege- eta agindu-saila baino gehiago, erregu-saila da. Jaunak berari jarraitzeko eskatzen dio israeldar herriari.
Esaten dio, basamortua toki basatia dela, ez dela batere erosoa. Bertan gosea eta egarria pasatu beharko dituela. Halere, agindutako lurralde zoragarrira iritsi nahi badu, Jaunari loturik bizi beharko du. Proba gogorra izango da basamortua. Baina Jaunak ez dio eskutik utziko: edateko, ura aterako du arrokatik, eta jateko, mana emango dio.
Pasarte hau idatzi zen garaian aspaldiko gauza zen basamortuko ibilaldi hura. Baina autoreak aspaldiko gauza miresgarriak gogoratzeko eskatzen dio herriari. Izan ere, eroso bizitzera iritsi zenean, herria ahaztu egin zen Jainkoaz.
Gure Eukaristiaren aurrekari dira ur hori eta mana hori. Basamortu hori. Gogoan izan dezagun zer egin duen Jesusek gugatik: bere bizia eman du. Eukaristia, hain zuzen, oroitzapen da: Jesus ogi bizia jaten dugunean nola bizi behar dugun gogorarazten digun oroitzapen. Geure Galilea nola bizi adierazten digu oroitzapen.

BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik (10,16-17)

Paulo zorrotz eta gogor ari da idolatriaren kontra. Idolatriak, sasi-jainkoarekin bat egitea esan nahi du.
Kristauok, Eukaristian, Kristorekin egiten dugu bat: Kristoren sentimenduekin, asmoekin, pentsamenduekin, gogoarekin… Kristok modu berezian maite zuen jendearekin: pobre, preso, gaixo, etorkinekin…
Kristorekin bat egiteak, gizon-emakume guztiekin bat egitea esan nahi du. Beraz, Kristorekin eta gizon-emakumeekin bat egitea da Eukaristia ospatzea. Ez da ametsezko bat egitea; bat egite erreala da, konprometitua.

EBANJELIOA San Joanen liburutik (6,51-58)

Egiazko ogia naiz ni, dio Jesusek. Janari eta edari ematen zaigu Jesus. Berarekin bat egiteko. Bat egiteko, Galilean eta Jerusalemen bizi izan duen bizieran bat egiteko.
Eukaristian parte hartzen dugun bakoitzean, batasun bizia sortzen da fededunaren eta Kristoren eta gizon-emakume guztien artean; Jesusek eta Aitak beren artean dutenaren antzeko batasuna da: bakarra dugu Aita, bakarra Kristo salbatzailea; ondorioz, bat guztiok geure artean.
Batasun hori zer den agertzeko, hainbat esapide erabiltzen ditu ebanjelariak: Jesusengan egon, harengan iraun, haren bizileku izan, harengan bizi. Senideok, bizilagun eta bidelagun on-ona dugu Jesus.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztien alde: Jainkoaren maitasunaren testigu izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Aurten lehenengo aldiz jaunartu edo jaunartuko duten haurren alde: misterio handi honetaz ahaztu ez daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Munduan pobre bizi diren guztien alde: beste guztien laguntza ikusteko zoria izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Gaur hemen bildu garenon alde: elkartasun hau kalean ere agertu dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.