Corpus jaia A 2017-06-18
HOMILIA

Anaia-arrebok!

Esan genezake, gaurko lehen irakurgaiaren lehen hitzek dakarkigutela giltza, gaurko jai honen esanahia ulertzeko. Hara zer dioten: «Gogoratu Jaunak zeuen Jainkoak basamortuan berrogei urte hauetan eginarazi dizuen bidea». «Gogoratu», alegia. Basamortuan bizi izan zituzten 40 urte haiek baino askoz geroago idatzi zen testu hau.

Israel herria egoera oparoan bizi zen. Lasai eta arazo ekonomiko lasaian. Egoera horrek eraginik, ahaztu egin zen Jainkoaz. Profetak, bere iragana burura erakartzeko erregutu dio.

Eukaristia, hondo-hondoan, gogoratzea da. «Egizue hau nire oroigarri» esan ohi dugu geure Mezako sagarapenean.

Jesus gogoratzen dugu. Geure salbaziorako, bere burua eman digun Jesus. Ez gara mugatzen gurutzean hil izana gogoratzera. Jesus osoa dugu gogoratzen. Pobre jaio izana. Gurasoen esaneko bizi izana. Bataiatu izana. Bataiokoan misio edo eginkizun bat hartu izana, Espiritua beragana etortzean. Bere misioa buru-belarri betetzen saiatu izana; bereziki, jende pobreari emanik, bere bizia eskainiz; azkenean bere bizia eman izana, baina berpiztu izana.

Bizitza hori guztia gogorarazi nahi izan die Azken Afarian Jesusek: oinak garbitzean, berak nola jokatu izan duen agertu nahi izan die. Ogia eta ardoa ematean, bere burua guztiei eman izana gogorazi die. Eta bukatzeko, berek, ikasleek, zer egin behar duten agertu die: egizue hau nire oroigarri. Egizue, alegia, nik egin dudan buru-eskaintza.

Senideok, «ni naiz ogi bizia» esatean, ogi arruntaren gainetik dagoen zerbait adierazi digu. «Gizakia ez da ogitik bakarrik bizi» esan digu lehen irakurgaiak. Ogia baino gehiago den hori agertu digu Jesusek «ogi bizia» esatean.

Alegia, «egizue nahi nire oroigarri» esatean, adierazi eta eman digun eginkizuna betetzeko behar dugu laguntza da «ogi bizia» den Jesus hori.

Gure Eukaristia, egiazkoa bada, biziaren eta buru-eskaintzaren adierazpen eta agerpen da. Jesus bizi-emaile den bezala, Eukaristiak bizi-emaile bihurtzen du kristaua. Jesusek bere bizitza osoan bere burua gizon-emakumeon onerako eskaini duen bezala, Eukaristiak nork bere burua besteen onerako emateko gai egiten gaitu.

Egizue hau nire oroigarri esatean, Jesus osoa gogoratzen dugu. Mezako sagarapenaren ondoren, hau esaten digu apaizak: «Hau da sinesmenaren misterioa». Eta erantzun hau ematen dugu: «Hil eta piztu zarela, Jauna, zu berri etorri arte, hau dugu, hau, berri ona». «Hil dela» esatean, beraren bizitza guztia adierazten dugu: gizon-emakume guztion onerako hilez bizi izan da Jesus bere bizitza guztian. Baina Jesusen azken zoria ez da heriotza; piztu egin da. Horixe da gaurko jai honetan modu partikularrean ospatzen dugu misterio handia.

Misterio hori gogoan hartu eta geure egitara gonbidatu gaitu Jesusek: «Egizue hau nire oroigarri».

Dionisio Amundarain