EBANJELIOAREN EROALEAK (Lukas 10,1-12.17-20)
Urteko 14. igandea C (2016-07-03)

Jesusen hitzaldi inportante bat moldatu du Lukasek, Hamabiei ez baizik ikasle-talde handi bati zuzendua, Jainkoaren erreinuaren egitasmoan bere lankide izateko bidaltzen dituelarik.Jesusen hitzak gutun fundatzaile baten antzeko dira, jarraitzaileek beren zeregin ebanjelizatzailea non elikatu izan dezaten. Hona zenbait ildo nagusi.

«Ekin bideari»

Behin eta berriz ahazten dugun arren, Jesusen bidaltzeak markatua da Eliza. Horregatik, gauza arriskutsua da bere erlijioa zaintzeko eta garatzeko Jesusek fundatutako erakundea bailitzan hartzea. Jesusen jatorrizko nahiari hobeto datorkio Elizaren beste irudi hau: historian barna bidaltzearen logikaren arabera bide egiten duen mugimendu profetikotzat hartzea: bere baitatik irtenik, gogoan gainerakoak izanik, munduari Jainkoaren Berri Ona eskainiz. «Eliza ez da beretzat, baizik gizadiarentzat» (Benedikto XVI.a).
Horregatik da hain arriskutsua geure interes propioen inguruan hesitu nahi izatea, geure iraganaren, geure lorpen doktrinalen, geure jardueren eta ohituren inguruan. Are gehiago, hori guztia munduarekiko geure harremanak gogortuz egingo bagenu. Zer izango litzateke Eliza zurrun bat, zaharkitu bat, bere baitan itxia litzatekeen bat, Jesusen profetarik eta Ebanjelioaren eroalerik gabe bat?

«Herri batean sartuko zaretenean… sendatu gaixoak eta esan: hurbil duzue Jainkoaren erreinua»

Hauxe da albiste handia: Gugandik hurbil da Jainkoa, geure bizitza gizatarrago egitera eragiten digularik. Baina ez da aski egia bat oihukatzea, erakargarri eta gustagarri bihurtzeko. Alde horretatik, beharrezkoa da geure jarduera berrikus dezagun. Zerk eraman dezake jendea gaur egun Ebanjeliorantz? Nola suma dezake Jainkoa zerbait berri eta on bezala?
Segur aski, egungo mundua egiaz maitatzea falta zaigu, ez dakigu nola iritsi egungo gizon-emakumeen bihotzera. Ez da aski aldaretik hitzaldia egitea. Ikasi beharra dugu gehiago entzuten, onartzen, sufritzen ari den jendearen bizitza sendatzen… Horrela bakarrik aurkituko ditugu hitz apalak eta onak, jendea Jesusengana hurbilarazteko; haren bihozberatasun mugagabeak jarriko gaitu guztiok harremanetan Jainkoarekin, guztion Aita On den harekin.

«Etxe batean sartuko zaretenean, esan lehenik: Bakea etxe honi»

Jesusen Berri Ona erabateko errespetuarekin bakarrik komunika daiteke, jarrera adiskidetsu eta haurridezkotik, bakea kutsatuz. Oker handia da goitasunetik ezarri nahi izatea, mehatxuka edo erresuminez. Anti-ebanjelikoa da pertsonari maitasunik gabeko tratua ematea, soilik gure mezua onartzen ez duelako. Baina nolatan onar lezake, baldin eta Jesusen izenean aurkezten garenok bera ez dugula ulertzen sumatzen badu?

Jose Antonio Pagola.