Urteko 13. igandea C (2016-06-26)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko ebanjelioarekin, Lukasenaren bigarren zatia hasi dugu. Lehen zatian, Galilean hitz egiten aurkeztu digu Lukasek Jesus. Bigarren zati hau, berriz, Jesusek Jerusalemera igotzeko erabaki sendoa hartu duela esanez hasi du Lukasek: «Zerura eramana izateko aldia betetzera zihoala jakinik, Jerusalemera joateko erabaki sendoa hartu zuen Jesusek». Jesusek misio bat egin beharra sentitu du, bokazio bat sumatu du, Aitarekin izan dituen harreman guztietan. Jerusalem da bokazio horren helmuga:
−han salatuko ditu agintari erlijiosoak;
−han jasango du tortura;
−han piztuko da;
−han ikusaraziko die ikasleei, azken hitza ez duela, ez injustiziak, ez heriotzak;
−han ikusaraziko die ikasleei, heriotza gainditu eta bizi dela.

Hori guztia, jendeari askatasun-bidea agertzeko egin du. Eta bide horretan, batzuetan uko egingo dio jendeak, beste batzuetan onartu egingo du.

Samariarrek harrera ukatu. Jerusalemerako bidea hartu duenean, Samariatik igaro beharra izan du Jesusek. Ostatu bila bidali ditu ikasleak. Samariarrek uko egin diote. Gogoratzen al zarete Jesus haurra erditzeko zegoen Mariari eta Joseri zer egin zioten Betleemen? Betleemeko hura bere bizitza errealean gertatuko zitzaionaren sinbolo izan zen. Ikasleetako bik, Joanek eta Santiagok, gustura ikusiko zuen onartu ez duen jende hori tximista batek jorik. Artean ez dute ulertu zertara etorria den Jesus: ez naiz etorri inor galtzera, baizik guztiak salba daitezen.

Inkisizioa bi ikasleen jarrerarekin parekatu. Pasadizo hau komentatzean, biblia-irakasle batek, bi ikasle horien erreakzioarekin parekatu du Elizaren historiako gertakizun itsusi handi bat: Inkisizioarekin; fededun ez omen ziren batzuk torturatzera, hiltzera, erretzera… jo baitzuen kristau askok. Dena den, inkisizioa aspaldiko gertakizuna bada ere, gaur egun zer erreakzio izaten dugu:
−atzerritarrak gure artera etortzean;
−musulmanek meskita eraiki nahi izaten dutenean; eskolara beren jantzi bereziekin joaten direnean?;
−katoliko ez diren kristauekin edo beste erlijio batekoekin, zer jarrera agertzen dugu?

Bokazioa. Jerusalemera bidean doala, batek baino gehiagok agertu dio Jesusi beraren jarraitzaile izateko gogoa. Baina Jesusek ez du inor engainatu nahi. Esango die: osasungarria duzue niri jarraitzea, baina ez da jolas bat. Adibidez:
a.- Niri jarraituko didazula? Kontu egizu, azeriek badutela beren zuloa eta txoriak badutela zeinek bere habia, baina gizonaren semeak ez duela burua non ipini.
b.- Niri jarraituko didazula? Kontu egizu, gauza ona dela gurasoei bizitzan lagun egitea, baina lehentasuna Jainkoaren erreinuak duela; premia handiagoa duela Jainkoaren hitza gizon-emakume guztiei hots egiteak; zu gabe ere, gurasoek izango dutela nork kasu egin.
c.- Niri jarraituko didazula? Kontu egizu, helburu bat ikusi, begi-bistan duzun helburu bat lortzera jo, eta atzera begira jartzen bazara, ez duzula iritsiko helburu hori.

Eliseo. Lehenengo irakurgaian, bokazio-eredu bat entzun dugu. Elias profeta handia zahartzarora iritsi da; borroka handia egina du egiazko Jainkoaren federi zutik eusteko. Bere egitekoaren jarraitzaile izateko eskaria egin dio Eliseori. Honek bete-betean egin du bere Eliasen misio eta eginkizuna.

Konklusioa. Kristautasunaren historian eredu asko ditugu; bakan batzuk aipatzeko: San Benito handia: bere familiako aberastasunak, bere familia bera, bere kargu politikoa… utzirik, basamortura doa; Asisko Frantzisko zoro zentzuduna: bere familia eta familiako aberastasun handiak utzi, eta zoro baten bide argia hartu duena; Loiolako Ignazio santua: gaztetako damaren bilaketa utzi, eta egiazko damaren bila ekin diona. Jakina, eredurik handiena Jesus bera dugu. Sai gaitezen, geure bihotzean Jesusen Espirituari txoko bat egiten; hark argitu gaitu.

Dionisio Amundarain