Omenaldia apostolu anonimoei
Urteko 14. igandea C 2016-07-03

Jesusek misiolari bidali dituenean ikasleei emandako argibideak, Mateoren ebanjelioan, Hamabiei emanak dira; Lukasenean, berriz, hirurogeita hamabiei. Lukasentzat, misioa ez da talde txiki eta berezi baten lana; ebanjelioaren mezua erromatar inperioan zabaldu bazen, pertsona anonimo askoren kopuruari esker gertatu zen, gaur egun gertatzen den bezala.

Aldez aurretik hiru oharpen ebanjelioaz

1) Hirurogeita hamabiak bidaltzearen eta itzultzearen artean, Jesusen beste hitz batzuk tartekatu ditu Lukasek (Korozainez eta Betsaidaz, etab.), liturgiak jaso ez dituenak.
2) Jesusen hitzaldiak hitz oso gogorrak dakartza ikasleei harrera ona egiten ez dieten herrien kontra; politikoki hain zuzenak garen geure garai honetan eskandalagarri gertatzen ahal zaizkie pertsona batzuei.
3) Ondorioz, irakurketa bikoitza egiteko ahalbidea eskaintzen digu liturgiak: bata, luzea; bestea, laburra (inoiz ez Lukas 10,1-20aren testu osoa). Lehenengora mugatuko naiz.

Irakurketa laburra politikoki zuzena (Lukas 10,1-12)

Gauza bitxi samarra: hirurogeita hamabiek lehenik eta behin egin behar dutena, Jaunari otoitz egitea da, bere uztara langileak bidal ditzan eskatuz. Gai honek lotura du joan den igandekoarekin, hiru bokazio-kasuei dagokienez. Hain latz egin zuen hitz Jesusek, non ematen baitzuen ez zuela nahi jarraitzailerik. Gaurkoan, berriz, argi dago guztiz beharrezkoak direla eta eskatu beharra dugula uzta-jabeari bidal ditzan. Uzta-jabea ez da Jainko Aita, baizik eta Jesus bera, bideari ekiteko agindu diena. Oharpen batekin eta agindu batzuekin.
Oharpena: ez doaz lan eroso eta atsegin batera. Bildotsak otso artera bezala doaz. Mateok, esaldi hau kopiatu duenean, Jesusen beste hitz batzuk gehitu ditu: «izan zaitezte sugeak bezala zuhur eta usoak bezala xume». Ahalegindu zaitezte otsoak jan ez zaitzaten. Lukasek, ordea, beste arrisku-mota bat ikusi du otsoengan eta halakoei aurre egiteko beste era bat. Arriskua ez da heriotza dakarren horzkada, baizik eta ebanjelioaren mezua desitxuratzen eta baliogabetzen duena. Erromatar inperioan pilaka ziren talde eta predikari erlijiosoak, gaurko askoren antzekoak, erlijioa bizitza ateratzeko jokabidetzat hartzen zutenak. Horregatik, otsoen horzkada saihesteko erarik hobena, bizimodu guztiz pobrea eta soila egitea da. Ez eraman poltsarik, ez zakutorik, ez oinetakorik. Poltsak diruari egiten dio aipu, zakutoak jatekoari, oinetakoek jantziari.
Ondoren, beraren ebanjelioan bakarrik datozen hitz batzuk gehitu ditu Lukasek: ez gelditu bidean inori agur egiten. Horixe bera esan zion Eliseo profetak bere morroi Gejazi-ri, premiazko egiteko batera (sunamitaren semea sendatzera) bidali zuen batean. Lukasek buruz zekien Itun Zaharra, eta uste izan zuen une egokia zela oraingo hau Jesusen ahoan hitz hauek berak ipintzeko. Ikasleen misioa premiazkoa da; ezin galdu da denborarik bide erdian hizketan geldituz.
Zer egin behar du, beraz, herri edo herrixka batera iritsiko direnean? Egundoko garrantzia eman dio Jesusek ostatuari, etxez aldatzen ez ibiltzeko azpimarratuz. Segur aski, beraren esperientzia propioa islatzen du horrek; eta Lukasek, lehen misiolariena. Etxez aldatzeak jelosia eta tirandura asko eragin ditzake.
Segidako hitzak arraro gertatzen dira leku honetan: Herri batean sartu eta harrera ona egiten badizuete, jan ematen dizuetena, sendatu bertako gaixoak, eta esazue: «Hurbil duzue Jainkoaren Erreinua». Ikasleak iritsiak ziren herri batera eta harrera ona egina zien familia batek, jatekoa ere emanez. Lukasek ordenagailuz idatzi izan balu, agian blokea, etena eta itsatsia markatu izango zuen, esaldien hurrenkera aldatuz. Edota agian ez, zeren eta hurrenkera ilogiko honek azkenerako uzten duelako, inportantzia handiagoa emanez, ikasleen egitekoa: gaixoak sendatzea eta Jainkoaren Erreinua hurbil dela iragartzea.

Irakurgaia Isaiasen liburutik (66,10-14c)

Testua, oso poetikoa, nahasgarri gerta dakioke irakurle modernoari. Horregatik, hasteko bi argibide:
1) Judu batentzat Jerusalemek katoliko batentzat Erromak edo Vatikanoak baino mila bider gehiago esan nahi du. Kristo aurreko VI. mendetik Jesusen egunetara arte, Judaren historian gogorrenak izan ziren horietan (hurrenez hurren babiloniarren, pertsiarren, greziarren eta erromatarren dominioa), esperantzarik handiena Jerusalemen aintza eta bikaintasuna izan zen. Gai hau testu profetiko eta Salmo askotan ageri da.
2) Hiri eta ama bezala irudikatzen dute Jerusalem. Hiri izateari dagokionez, erabat suntsitua gelditu zen K.a. 586an babiloniarren konkistaren ondoren. Ama izateari dagokionez, seme-alabarik gabe gelditu zen, erbesteratu zituztelako. Seme-amak, berriz, jatekorik gabe eta amaren txerarik gabe gelditu ziren.
Testuinguru horretan, profetak bere mezu utopikoa aldarrikatu zuen, segidako gai hauek erdigunetzat emanez: seme-alabak amagana itzultzea, Jerusalem alaiago bihurtzea eta erbestetuek kontsolamendurik handiena lortzea. Erdian jarri ditu bakea eta hiria blaituko duten aberastasunak ere. Mundu miresgarri bat: pozak, kontsolamenduak, bakeak eta distirak jantzia.
Nola lortuko den? Zer egin behar dute juduek? Poema honen arabera, ezer ez. Den-dena Jainkoak egingo du. Jainkoak eratorriko ditu Jerusalemera bakea eta nazioen aberastasuna; Jainkoak ditu kontsolatuko. Jainkoak agertuko die bere zerbitzariei bere ahalmena (bere eskua), poemaren azken esaldiak dioenez.

Bi utopia-era: Isaiasen eta ebanjelioaren arteko kontrastea

Isaiasen mundu utopikoa inolako ahaleginik gabe gauzatuko da, Jainkoaren egintza hutsez. Jesusek eta ikasleek predikatzen duten munduak, ostera, sakrifizio eta ahalegin handiak ditu berekin. Gainera, uko egiten ahal zaion mezua da, Jesusi berari Korozainen eta Betsaidan gertatu zitzaionez. Azken hitza, ordea, garaipena eta esperantza da: Satanas, ebanjelioari aurka jokatzearen sinbolo den hori, zerutik erori da tximista bailitzan; ikasleak, berriz, garaile atera dira espiritu likitsen kontra, eta, batez ere, haien izenak idatzirik gelditu dira zeruan.
Gainera, eta hauxe da Lukasen ekarpen handia, misiora bidaliak diren ikasle horiek ez dira super-aukeratu batzuen taldea. Guztiok ezagutu dugu on handia egin digun jendea, giza eta kristau-ikuspegitik, Jainkoaren Erreinua hots egin diguna. Geuk ere egin dugu eta egin behar dugu zerbait eginkizun horretan; batzuetan oso gogorra izanik bada ere eta askotan porrotaren sentipenarekin geldituz bada ere. Baina hori guztia ez da arrazoia utopiaren garaipenaz ustea galtzeko.

José Luis Sicre