URTEKO HOGEITA BIGARREN IGANDEA A

Lehen irakurgaia

( Profetak ainitz sofritu behar bere Jainkoarengatik )

Jeremi profetaren liburutik 20,7-9

7 Lilluratu nauzu, Jauna, eta ni zure lillurapean erori;
bortxatu nauzu, eta meneratu.
Irringarri naiz orai, egun guzian, trufaka ari zaizkit denak.
8 Mintzo naizen aldi bakotxean, oihu eta garrasi egiteko da:
“ Indarkeria eta lapurketa!”
Jaunaren hitza laido eta trufa-bide da neretzat egun guzian.
9 Nere baitan erraiten nuen:
“ Ez naiz gehiago hartaz orroituko,
ez naiz gehiago haren izenean mintzatuko. ”
Bainan bazen nere baitan sua bezalako zerbait
hezurretaraino erretzen ninduena.
Entsaiatzen nintzen itotzera, bainan ezin.

Testu huntan sendi da Jeremik Jainkoarekin duen hurbiltasuna, maitasun. Jainkoak bihotza
beretu dio, gisa batez bortxaz: “Bortxatu nauzu eta menperatu.”
Ondorioz Jeremik bere profeta eginbidea bete behar du. Erran nahi baita haize kontra behar
duela jokatu ,“indarkeria eta lapurketa salatu.“ Horrela « laido eta trufabide bilakatu » da
profetaren bizia. Jendeak nahiago ditu ile-alde perekatzen dutenak, beren egitate higuingarriak
begien aitzinerat ekartzen diozkatenak baino. Jesusek berak ez ziotena oroitarazten Judueri profetak
gaizki erabiliak izan zirela beti Izraelen ?
Ikusiz jendeak nola arbuiatzen duen profetak zabaltzen duen mezua, Jeremik, etsimenduz,
gibelerat egin nahi du :“ Ez naiz gehiago haren izenean mintzatuko.“ Bainan ezin da ixilik egon,
bere baitan badu sua bezalako zerbait, ezin itoa.
Jainkoak bere mezuaren hedatzea gizonen eskuetan uzten du, eta gizonek ez dute maite
beren usaiako esparru goxoetarik kanporat ateratzea. Bainan Izpiritu Sainduak munduan barna,
mendez mende, beti hartu ditu jende batzu“ hezurrretaraino erretzen duen su batez“ bete dituenak
eta, beldurrik gabe, goi-mezua, gostaia gosta, zabaldu dutenak. Gaur egun ere badira profetak, indar
handiz ezohiko mezuak oihukatzen dituztenak.

Salmoa 62

Leloa: Egarriz noa, deika noa,
Noiz ikus ote, noiz Jainkoa.

Nere Jainkoa, goizetik noa zure bila:
Zutaz egarri banabila.
Lur agortua uriz egarri den bezala,
Ni zure minak nerabila.
Zauden etxean zu, Jauna, ikus zaitzadala,
Indarrez, ospez hoin zabala.
Bizia baino zure grazia gozoago;
Zuri gogotik kantuz nago.
Jaun izenari nere bizian laudorio:
Eskuak luze nagokio.
Nere arimak Jauna du Jauna gozoz gozo:
Nere ezpainek bozkario.
Izan zare zu nere laguntza gal bidean:
Gostuz nagozu hegalpean.
Nere arima badago tinki zu ondoan,
Atxik beti ni Zuk eskuan.

Levitar baten otoitza da salmo hau. Jainkoa dagon etxea aipu du : ”Eskuak luze nagokio.”
Horrela otoitz egiten zuten tenploko zerbitzuan ari ziren apez edo apez-ordeek. Gostuz dago
Jaunaren “hegalpean.” Izrael osoaz ari da hemen otoizlaria. Izrael da, hastapenetik eta denborak
diraueno Jainkoaren hurbiltasun hortaz lorietan. “…Zutaz egarri banabila…Goizetik noa zure bila.”
Betidanik Izrael Jainkoaren ondotik dabila. “ Ni zure minak nerabila, lur agortua euriz egarri den
bezala…” Euriaren beha dagon lurraren esperientzia badute Izraeldarrek. Konparaketa hoberik ez
zitaiken asma : euriaren egarriz dagon lurra eta Jainkoaz egarri den gizona.
“Zauden etxean, zu, Jauna, ikus zaitzadala.” Hunek gogorarazten du nola, Sinai mendi
gainean, Jainkoa ikusia izan zen « indarrez, ospez hoin zabala », eta nola han bere batasuna eskaini
zion Izraeli. Alabainan Egiptotik, esklabotasunetik, Jainkoak libratu zuen herria. Izraelek ez du
ahanztekoa Jaunak Moisi errana: « Ikusi dut ene herriaren atsegabea Egipton eta entzun haren
oihua zapaltzaileen pean; bai, badakit haren oinazeen berri. Egiptoarren eskuetarik libratzera
etorri naiz…“ (Jal 3,7)
Jainkoak denboran Izraelentzat egin zuena oroitarazteak erran nahi du, hain segur, salmo
hau idazten den mementoan ere Jainkoaren beharretan dela herria. Aferak ez doazi nahi bezala.
Otoitz hau bururatzean hauxe irakurtzen da alabainan : « Ni galdu nahiz dabiltzanak, ordea,
lurperat doatzila! Ezpataz hil bite, azerien janari bilaka. » Izraelek, Jaunak hitzemanak bete diten
nahi luke : zeru berriak, lur berria, gaizkia lur gainean suntsitua…“Goizetik noa zure bila…Zutaz
egarri banabila… » Horrek ere erran nahi du Izrael beha dagola, esperantzan bizi dela, goizetik
arrats Jainkoaren bila.
Gaurko egunean, giristinoak ere esperantzan bizi gira, « Etor bedi zure erreinua“ diogula.

Bigarren irakurgaia

( Girixtinoen oparia )

Jondoni Paulok Erromanoeri 12,1-2

1 Haurrideak, otoizten zaituztet, Jainkoaren urrikalmenduarengatik,
zuen buruak eskain ditzazuen opari bizi,
saindu eta atsegingarri Jainkoarentzat:
hori da egiazko zuen adorazionea.
2 Ez zaitezte mundu hunen iduriko egin,
bainan alda zaitezte, zuen pentsa-moldeak berrituz:
Hola berexten ahalko duzue zer den Jainkoaren nahia,
zer den ona, atsegingarri zaiona eta on baino hobea.

Erromanoeri igorri eskutitzaren lehen hameka kapituluetan dotrinaz ari da Paulo: Graziaren
indarraz, denak joiten dituen bekatuaz, fedearen bidez eman salbamenduaz, Bazkoko misterioaz,
Izpirituaren ekintzaz, deneri hitzeman eta eman salbamenduaz. Egungo testu huntan Paulok erakutsi
nahi du irakaspen horren ondorioak zer diren fededunen egun guzietako bizian.
Apostoluak dioena hauxe da: Holako urrikalmendua, holako barkatzeko nahikaria erakusten
duen Jainkoaren aldera eginbide dugu guhauren burua Haren eskuetan emaitea, konfiantxa oso oso
batekin:“ Haurrideak, otoizten zaituztet, Jainkoaren urrikalmenduarengatik, zuen buruak eskain
ditzazuen opari bizi, saindu eta atsegingarri Jainkoarentzat: hori da egiazko adorazionea.“ Horrek
erran nahi du “egizue zuen biziaz gauza sakratu bat, Jainkozko gauza bat.“ Jondoni Petrik gauza
bertsua zioen: “Jainko ahaltsuak sainduki bizitzeko behar den guzia eman dauku, bere aintza eta
indarraz deitu gaituen Jesus ezagutaraziz. Hitzeman zauzkigun ontasun baliosenak eman dauzkigu,
gutizia tzarrengatik munduan den ustelkeriatik ihes eginez, Jainkotasunean parte har dezagun.“
( 2 Petri 1,3-4)
Paulok, ondotik, galdatzen du bakotxa, ukan dituen dohainen arabera, Elizaren zerbitzuko
jar dadien gizon guzien onetan. Eta horrek bihozberri gaiten eskatzen du : “Ez zaiteztela mundu
hunen iduriko egin, bainan alda zaitezte, zuen pentsa-moldeak berrituz…“

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Jesu Kristoren Aitak gutan bihotz begiak argi bitza,
jakin dezagun norat doan deituak giren esperantza.

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 16,21-27

Petrik Jesusi errana zion: “ Zu Mesias zira, Jainko biziaren Semea.”
21 Ordutik hasi zen Jesus bere dizipulueri agertzen,
Jerusalemerat joan behar zuela,
eta han ainitz sofritu zahar, apezburu eta lege-irakasleenganik,
hilen zutela eta hirugarren egunean piztuko zela.
22 Jesus berex harturik, Petri hasi zitzaion erasiaka:
“ Ez balinba, Jauna! Ez zaitzu holakorik gertatuko.”
23 Bainan Jesusek, itzulirik, Petriri erran zion:
“ Ken nere aitzinetik, Satan! Erorbide zira neretzat,
zure gogoetak ez baitira Jainkoarenak, bainan gizonenak.”
24 Orduan Jesusek bere dizipulueri erran zioten:
“Nere ondotik etorri nahi duenak uko egin bezo bere buruari,
har beza bere gurutzea, eta jarraik bekit.
25 Alabainan, bere bizia salbatu nahi duenak galduko du;
bere bizia neregatik galduko duenak, aldiz, aurkituko du.
26 Zertako du gizakiak mundu guziaren irabaztea,
bere bizia galtzen badu?
Eta zer eman dezake bere biziaren ordain?
27 Zeren, Gizonaren Semea etorriko da bere aingeruekin
bere Aitaren aintzan;
eta orduan, bakotxari bere obren arabera ordainduko dio.”

Petrik Jesus Mesias zela aldarrikatu ondokoa da testu hau.“ Petrik Jesusi erran zion: Zu
Mesias zira, Jainko biziaren Semea.“ Eta horra nun Jesusek agertzen dioten nolakoa izanen den
geroa: « Jerusalemera joan behar zuela, eta han ainitz sofritu zahar, apezburu eta legeirakasleenganik,
hilen zutela eta hirugarren egunean piztuko zela… » Apostoluek ez zuten batere
holako Mesias bat igurikatzen. Heientzat, Mesias, errege guziz ahaltsu bat beharra zen, erromanoak
heien herritik haizatuko zituena.
Jesusek dioena ezin onartua da apostoluentzat. « Ez balinba, Jauna! Ez zaitzu holakorik
gertatuko!” erranen dio Petrik. Jesusek Petriren ateraldi hori tentaldi bat bezala hartzen du. « Ken
nere aitzinetik, Satan…Zure gogoetak ez baitira Jainkoarenak, bainan gizonenak. »
Izaik zioen bezala: « Hau dio Jaunak: Nere gogoetak ez dira zuenak bezalakoak, ez eta nere
joka-moldea zuena bezalakoa. Nere joka-moldeetarik zuenetara eta ene gogoetetarik zuenetara
bada zerutik lurrera bezenbat bide. » (Is 55, 8-9)
Jainkoaren nahia gizon guziak salbatzea da. Helburu hortara heltzeko gizonek bihozberritu
behar dute eta Jesusek bihozberritze horren bidea bere biziaz erakusten dauku. Bizi hori ez da
balentriazkoa, bainan umiltasunean, bere Aitari leial egonez amodioz, gizonentzat eman bizi bat.“
Nehork ez du maitasun handiagorik bizia bere adiskideentzat emaiten duenak baino. » (Jn 15, 13)