Urteko 22. igandea A (2017-09-03)
Pedro, Satanasen bozemaile,
eta maletatxoaren eta bitxi-kutxatilaren parabola

Joan den igandeko ebanjelioan, Pedrok, Jainkoak inspiraturik, Jesus Mesias dela aitortu zuen. Handik berehala, bere inspirazio propioak eraginik, Jesus apartarazi egin nahi izan du Jainkoak gomendatutako eginkizunetik. Hiru eszenatan bana dezakegu kontaera.

Lehen eszena: Jesus eta ikasleak (nekaldiaren eta piztueraren lehen iragarpena)

Pedrok aitortu berria du Jesus Mesiastzat. Baina Mesias aintzatsu bat du gogoan Pedrok, Mesias garaile bat. Horregatik, Jesusek ezinbestekotzat jo du ikasleen ustea argitzea. Jerusalemera doaz, baina Jesusi ez diote harrera onik eskainiko. Aitzitik, jende handiki guztia, politikoak («zaharrak»), goi-mailako kleroa («apaiz nagusiak») eta teologoak («lege-maisuak») aurka jarriko zaizkio, asko sufriaraziko diote, eta hilko dute. Nekez jar daitezke ados hiru klase sozial hauek. Halere, honetan bat etorri dira: Jesusi sufriarazi eta bera garbitzeko gogoan. Baina hau guztia, giza konjurazio huts dela ematen duen hau, Jainkoaren egitasmoaren osagarritzat hartu du Jesusek. Horregatik, ez die esan ikasleei: «Jerusalemera goaz, eta han alproja-talde batek pertsegitu eta hil egingo nau», baizik eta Jerusalemera «joan beharra dut» Jainkoak gomendatu didan eginkizuna betetzera, sufrimena eta heriotza ekarriko dizkidana, baina bere azkena piztuera izango duen eginkizuna.

Mesiastzaz judu-herriak izan zezakeen ustearentzat, Pedrok eta ikasleek ere izan zezaketenarentzat, inoiz entzungabe gauza zen hori. Halere, sufrimenaz eta heriotzaz bere herria salbatu eta garaile aterako den pertsonaia baten ideia ez da gauza ezezaguna Israel herrian. Profeta anonimo batek adierazi zuen, eta haren mezua Isaiasen liburuko 53. kapituluan gelditu da, Jainkoaren Zerbitzariaz mintzo delarik.

Bigarren eszena: Pedro eta Jesus (berriro datoz tentazioak)

Jesusek piztueraz hitz eginez bukatu du; baina Pedrori atentzioa eman diotenak «asko sufritzea» eta «hila izatea» izan dira. Markos 8,32aren arabera, Jesusi haserre egiten hasi zitzaion orduan Pedro, baina ez ditu aipatu esan zizkion hitzak. Mateok gogorkiago deskribatu du Pedroren erreakzioa: Jesus «Aparte hartu eta errieta egiten hasi zitzaion. Ez dezala nahi izan Jainkoak horrelakorik, Jauna! Ezin gerta dakizuke horrelakorik!» Oraingoan ez da Jainkoa Pedroren ahoz ari dena, Pedro da bere bulkadari amore eman diona. Prest dago Jesus onartzeko Mesias garailetzat, baina ez Jainkoaren Zerbitzaritzat. Eta Jesusek, lehentxeago zorioneko esan dionak, guztiz latz erantzun dio: «Ken nire begi-bistatik, Satanas, estropezu egiten didazu!»

Hitz hauek, bataioaren ondoren Satanasek Jesusi ezarri zizkion tentazioen pasadizoa dakarkigute gogora. Deabruaren lekua Pedrok hartu du oraingoan, Jesus gehiena maite duen ikasleak, harengan konfiantzarik handiena duenak, harekin berarekin eta haren mezuarekin gogo-beroena den ikasleak. Eta Satanasen tentazioetan aparteko arriskurik sumatu ez zuen Jesusek, arrisku larria ikusi du oraingoan. Horrengatik, ez du izan erreakzio batere barea, deabruaren aurrean bezala; ez du jo Liburu Santura, tentatzailearen aurrean argudioak patxadan aipatzeko, baizik bortxa biziz erantzun dio: «Zuk gizakiak bezala pentsatzen duzu, eta ez Jainkoak bezala». Gizakiok sufrimenari eta heriotzari uko egitera jo ohi dugu, ez ditugu hartzen berez bezala on bat ateratzeko gauzatzat. Jainkoak, berriz, badaki, hain negatiboa den horrek fruitu handia ekar dezakeela.

Pasarte honetan Pedrok jokatu duen zeregin honek eta hain bortitza izan den Jesusen erreakzioak gogorarazten digute, ezen gure kristau-bizitzan izan ohi ditugun tentaziorik handienak ez direla etortzen deabruagandik, baizik alboan izan ohi dugun eta maite gaituen jendeagandik. Deabruak gure bizitzan duen arriskua mitifikatzen eta handiesten duen burubidearen aurrez aurre, onuragarri izango dugu gogoratzea ebanjelioko pasarte hau eta Teresa santuaren hitz batzuk, hari berekoak. Bere bizitzako une askotan jasan behar izan zituen duda-muda eta ziurgabetasun asko, batzuetan alde guztietan deabrua ikusarazten zioten aitor-entzuleek eraginak, kontatu ondoren, honela laburbildu du bere azken esperientzia: «… beldur handiagoa diet nik deabruari hain beldur handia diotenei deabruari berari baino; zeren eta deabruak ezin baitit kalterik egin, eta beste hauek, bereziki aitor-entzule badira, asko larriarazten baitute bat, eta hain nekoso igaro ditut urte batzuk, non orain izutu egiten bainaiz nolatan jasan izan ditudan pentsatzean» (Bizitza, 25. kap, 20-22 zenb.).

Hirugarren eszena: Jesus eta ikasleak (maletatxoaren eta bitxi-kutxatilaren parabola)

Ez zuten elkar ezagutzen, ezertan ere, lehen klaseko bi eserleku partekatzea egokitu zitzaien soilik. Berak, emakumeak, bere bitxien kutxatila dotorea ezarri zuen konpartimentuan. Berak, gizonezkoak, maletatxo astun bat eskuko ordenagailuarekin. Ordu batzuen buruan, biena izan zen estutasun bizia, motorretako bat sutan ikusi eta larrialdiko lur-hartzerako prestatzeko abisua entzun zutenean. Zoruaren kontrako talka izugarriaren ondoren, emakumeak bere bitxiak utzi eta irteera-atera korri egin zuen. Gizonezkoa atzeratu egin zen bere agiriak salbatu nahian. Gorpua eta maletatxoa biharamunean aurkitu zituzten, suhiltzaileek sutea itzali zutenean. Gauza bitxia, emakumeak osorik berreskuratu zuen bere bitxien kutxatila.

Jesusen garaian ez zen hegazkinik, eta ezin kontatu ahal izan zuen berak parabola hau. Baina egoki etorri izango zitzaion ebanjelio honen azken irakaspena argitzeko. Hirugarren zati hau ulertzeko, azkenetik hastea komeni da, Gizonaren Semea nori bere jokabidearen arabera ordaintzeko etorriko den unetik. Izatez, bi jokabide bakarrik daude: Jesusi jarraitzea (bizia salbatzea, bitxi-kutxatilari uko eginez) edota nork bere buruari jarraitzea (maletatxoa salbatzea biziaren bizkar). Jesusi jarraitzeak sakrifizio handia du berekin; gehiena maite duzuna galtzea ere eskatzen dizula irudi dakizuke. Nork bere buruari jarraitzea garrantzizkoago gertatzen da: bizia eta maletatxoa salbatzea. Baina hegazkina sutan dago jada eta ez dago atzerapenerako astirik. Maletatxoa salbatu nahi duenak bizia galduko du. Paradoxaz, bitxi-kutxatilari uko egin dionak bizia salbatu du eta bitxiak berreskuratu.

José Luis Sicre