Urteko 6. igandea A 2020-02-16

HOMILIA

Anai-arrebok!

Atzo, larunbata, irakurgaien otoitzaldian irakurri dut, bihotza ukitu didan esaldi hau: «Zergatik, anai-arrebok, kezkatzen gara hain gutxi bata bestearen salbazioaz; zergatik ez gara saiatzen batak bestea laguntzen laguntzaren premiarik handiena dugun hartan, batak bestearen zama eramanez, anai-arreba arteko espiritu edo bihotzez?» (Beato Isaak [+ Siria 406], Stella Monasterioko abadea, in urteko 5. larunbata, in Liturgia de las Horas III)

Halere, Jesusen garaian bezalaxe, jende asko laguntza hori hartzeko zain-zain egon ohi da. Duela alditxo bat adibidez, bisitatxo bat egitera joan nintzaion hil berria zen Hiazinta Aranbururi, beilatokian; agur egitean, hildakoaren iloba bati esan nion: «izan zaitez izeba bezain emakume ona». Eta berak: «eskerrik asko; hurrena elkar ikustean, agertuko dizut zer esan didazun». Ezer gutxi esana. Baina esanahi handikoa. Eta momentu onean esana. Pertsona, hartzeko egoera eta une onean zegoenean esana.

Senideok, Jesusek zoriontasunez hitz egin digu. Esan digu ere munduaren gatz eta argi garela. Jainkoaren Erreinuaz adierazi nahi duen mezua ulertzeko moduan daudenei hitz egiten hasi zaie / zaigu orduan. Kontuan hartu, zer diogun: mezua ulertzeko eta onartzeko moduan daudenei.

Garrantzizkoa eta funtsezkoa da geure burua modu egokian ipintzea. Jesusi entzuteko prest zeuden haiek bezala. Aipatu dudan Hiazinta Aranbururen iloba bezala. Eta zein da gure jarrera?

Eta zer esan die Jesusek? Ez naiz etorri Moisesen legea desegitera. Baizik eta bere betera eramatera. Bi gauza azpimarratu nahi nituzke Jesusen bi esaldi horietan.

Batetik, ez naiz etorri Moisesen legea desegitera. «Moisesen legea» esatean, arrisku bat dugu. Pentsatzekoa, legea norbaitek kanpotik derrigorrez ezartzen digun zerbait dela. Pentsatzekoa, Moisesen eta Jainkoaren legea, enperadoreek, diktadoreek, bestelako agintariek askotan ezarri ohi dituzten legeak bezalakoa dela: norbaitek beste bati derrigorrez ezarritakoa. Gure artean auzi-mauzi bat bizi ohi dugu: batzuek diote, gobernuak eskuartean diru gehiago izan dezan, zerga fiskalak igo egin beharko lituzkeela; beste batzuek diote hori ez dela arrazoia zergak igotzeko. Beraz, badirudi, batzuen ustez, gobernuak bere kapritxoen arabera ezar duela obligazio bat. Moisesen eta Jainkoaren legeen kasuan ez da horrelakorik. Eta Moisesen legeen kasuren batean horrelakorik izan bada, lege horrek erabat galdu du bere indarra Jesus etortzearekin. Hor dugu erdainkuntzaren kasua. Baina ez. Moisesen eta Jainkoaren legeek zer egiten dute? Hauxe: pertsona bakoitzak bere izatearekin dakarren bide hura azaldu, bide hura ageriago egin. Zer garen azaldu, eta geure burua bere betera eramateko zer egin behar dugu agertu. Moisesen eta Jainkoaren legeak ez dira kanpotik norbaitek ezarri dizkigun aginduak. Eta jakina: Jesus ez da etorri norberaren barneko bide hori desegitera. Pertsona desegitea izango litzateke

Bestetik, Moisesen legea bere betera eramatera etorri da Jesus. Esan nahi du, Moisesen legea ez dela ageriko zerbait bakarrik; ez dela letrak esaten duena bakarrik. Legearen mamia eta muina da inportantea eta funtsezkoa. Eta hiru adibide eman dizkigu:
• Ez hil inor. Baina ez da aski odolik ez isurtzea. Lagun hurkorekin haserre dagoena, hura hiltzen ari da.
• Ez egin adulteriorik. Baina ez da aski beste pertsona batekin ez oheratzea. Bihotzean beste pertsona bat desiratzea ere adulterioa da.
• Ez egin gezurrezko zinik. Baina alferrik zin egitea ere bekatua da.

Inporta duena ez da ez egitea. Inporta duena hurkoari on egitea da. Azken batean, agindu bakarra maitasuna da.

Senideok, maitasuna zer den ulertzeko eta, batez ere, bizitzeko, jarrera jator eta gizakoi eta jainkozko bat behar da. Zer naiz ni? Zer da lagun hurkoa? Zer da Jainkoa? Jesusek ordu asko eman zituen Aitarekin elkarrizketa egiten. Aitaren eskolan ikusi zuen, nola maite gaituen hark, nola maite duen gutako bakoitza. Jesus ez zen konformatu Pedrok nekaldikoan egin zion ukoa gogoratzearekin; ukoa eta guzti, Jainkoak nola maite zuen izan zuen gogoan; ukoa eta guzti, Pedrok zuen bihotz handia izan zuen gogoan. Jesusek Jainkoaren errukia izan zuen gogoan.

Dionisio Amundarain