URTEKO 6 IGANDEA A 2020-02-16

SARRERA

Senideok, gaur ere Mendiko Hitzaldiko zati bat entzungo dugu, aurreko bi igandeetan bezala. Gauza harrigarria da hau. Gizakiok, geure bizitzarako, errezetak-edo nahi izaten ditugu, nola jokatu eta nola bizi jakiteko. Jesusek, berriz, ez digu ematen ez arau xehe jakinik, ez lege zehatzik. Azaleko munduan gelditu gabe, pertsonaren izaeraren barruraino doa Jesus: «Maitatu, maitatu», esan digu. «Ez inor hil» esaten digunean ere, ez da gelditu «ez isuri inoren odolik» esanez. Hori gutxienekoa da. Sakonagora doa Jesus: norbaiti gorrotoa diozunean ere, hura hiltzen ari zara; norbait iraintzen duzunean ere, hura hiltzen ari zara.
Lege bakarra du Jesusek: maitatu lagun hurkoa. Senideok, izan dezagula Jesusen Espiritua bidelagun, geure bizitzako kasu bakoitzean lege bakar hori nola bizi eta nola bete jakin dezagun.

LEHENENGO IRAKURGAIA Ben Sirak-en liburutik (15,16-21)

Jesus ben Sirak israeldar jakintsu bat zen. Kristo aurreko bigarren mendean bizi izan zen; ez Israelen, baizik Egipton. Haren bilobak eman zuen argitara osabaren idazkia. Siriako erregeen mende zeuden israeldarrak. Ohitura atzerritarrak ezarri zituzten Israelen.
Judu askori atsegin gertatu zitzaizkion kanpoko ohitura haiek, nahiz ikasi izan zuten beren tradizioaren kontrakoak izan. Hori da idazkiaren autorearentzat benetako arriskua: pagano bihurtzeko arriskua dakarten ohiturak dira. Horregatik, erne bizitzeko eskatzen die horrelako ohituren aurrean.
Zehazkiago esanda, gizakiak bizi duen askatasunaren misterioa gogoratzen du. Ongia nahiz gaizkia egin dezakegu, bizitza nahi heriotza aukera dezakegu. Ezin ihes egin diogu geure erantzukizunari. Aukera handiak ditugu bizitzan. Gure artean gaitza eta heriotza nagusi badira, geuk atera beharko genuke konklusioa. Geure burua garatu, osatu eta bere betera eramateko gaitasuna dago jokoan. Gizakiaren askatasunaren misterio handia da. Guri galdetu gabe kreatu gaitu Jainkoak. Ez gaitu salbatuko geuk geure egitekoa bete gabe.

BIGARREN IRAKURGAIA korintoarrei egindako lehenengo gutuna (2,6-10)

Paulok bi jakinduria kontrajartzen ditu: Jainkoarena eta munduarena.
Jainkoa ez da agertzen gauza harrigarrietan, miresgarrietan, handi-mandikoetan. Jainkoak bere burua gauza txikietan agertu du. Gehiago oraindik: gurutzean agertu du bere burua. Hain zuzen, Kristo gurutziltzatuak agertu digu Jainkoa zer den: Jainkoa maitasun dela agertu du Jesusek.
Munduak ezin ulertu du Jainkoaren izaera hori. Askoz gutxiago onar dezake hori. Beste era bateko burubide, pentsaera eta jokabide batzuez baliatzen da mundua: harrokeria, zapalketa, egoismoa.
Mundua esatean, bekatuaren arabera bizi den mundua esan nahi da. Alde horretatik, guk ere, geure burua kristau aitortu arren, izan dezakegu parte munduaren jokabide oker horretan. Saia gaitezen geure burua aztertzen. Zertan den Kristoren antzeko, zertan bekatuaren arabera bizi den munduaren antzeko. Har dezagun, bero-bero, Kristo bidelagun.

EBANJELIOA SAN MATEOREN LIBURUTIK (5,17-37)

Gaurko pasarte hau antitesi-moduan eratu du Mateok. Era honetan alegia: antzinakoek hau zioten; ba, ni beste hau diotsuet. Kontuan izan behar dugu, Mateo bere garaiko kristau-elkarte bati mintzo zaiola; jende asko judu dituen elkarte bati. Beraz, ebanjelioko alderdi batzuk ez dira izango guretzat. Baina alderdi asko ditu betiko balio dutenak.
Ni ez naiz legea hondatzera etorri, baizik bere betera eramatera esan digu Jesusek. Adibidez: fariseuek legea betetze hori azalez eta itxuraz betetzean jarri dute; nik, ordea, bihotzez betetzean.
Legeak dio: Ez hil inor; nik, berriz: ez da aski odola ez isurtzea; bihotzean ere bizia opa izan behar diozu hurkoari. Ez da aski gorrotorik ez izatea. Maitasuna zor diogu, edozein delarik ere lagun hurko hori.
Gauza bera egiten du Jesusek beste kasuetan ere: ez adulteriorik egin, ez aldarera joan norbaitekin haserre bazaude. Ez da aski zeurea ez duzun emakume edo gizon batekin ez etzatea; desiratzeari berari ere ihes egin behar diogu. Bihotzeko kontua da guztia, eta nagusiki.
Beste behin, Jesus ez da legalista. Ez digu esaten zehazki zein jokabide diren onak eta zein txarrak. Arau nagusi hau eman digu: maitatu lagun hurkoa; norberak atera behar du nola bizi gomendio hori bizitzako kasu bakoitzean.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Munduan pobre bizi diren guztien alde: gogo oneko jendearekin bat eginez, zuzentasunaren bila saia daitezen, amore eman gabe. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Geure artean ditugun arazo handiak ─pobretasun materiala eta pobretasun erlijioso eta kulturala, norberaren barneko eta kanpoko egiazko askatasun falta, erosotasunari emanik bizitzea, apaiz-bokazio falta eta abar─ nola konponduko saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Gure artean, gauza bat dela eta beste bat dela, fedea koloka sentitzen dutenen alde: Jaunari argia eska diezaioten, eta izan diren eta gaur diren fededunei begira jartzeko apaltasuna eta adorea izan ditzaten. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Munduan goseak bizi den jendearentzat, laguntza eskaintzen ari diren talde guztientzat. Ireki ditzala Jaunak gizon-emakume guztion begiak, izurrite ikaragarri hori desegiten saiatzeko. Eska diezaiogun Jaunari.