Urteko 34. igandea B (2015-11-22)
Kristo Erregearen Eguna

Elizak beti bere bidea egiten du, eta datorren aste honetan bukatuko da urte liturgikoa, urte zibilarena baino hilabete aurretik. Abendu hileko igandeetan, Abendualdian Eguberriak prestatuko ditugu, eta segidan Eguberriak ospatuko. Baina orain urtea bukatzea dagokigu, eta Kristo Erregearen jaiarekin eta segidako astearekin egiten du hori Elizak.

Jai honen zergatia eta esanahia

Ez da oso antzinako jaia. Pio XI. aita santuak eratu zuen 1925ean. Horregatik, Kristo Erregearen irudiak Interneten bilatzen ditugunean, estanpatxo izugarriak ageri ohi dira, gustu txarrekoak; beti koroi bat ezartzen diote buruan. Aitzitik, arte erromanikoan eta gotikoan, Jesus handitsu agertzen dutenean, Maisu agertzen dute, eskuin eskua gorantz, irakasteko keinuaz, eta ez Errege bezala.
Pio XI.ak, zergatik nabarmendu nahi izan zuen errege alderdi hau? Hori ulertuko bada, jai hau noiz eratu zuten hartu behar da kontuan: 1925. Lehen Mundu Gerratea bukatua da duela zazpi urte, 1918an. Alemaniak, Frantziak, Italiak, Errusiak, Ingalaterrak, Austriak, Ameriketako Estatu Batuak barne, milioika hildako izan dituzte. Ondorengo krisi ekonomikoa eta soziala hain latza izan zen, non Errusiako tsarra erortzea eragin baitzuen, eta Errusian erregimen komunista ezartzea 1917an; Italian faxismoa agertzea, Mussolinik Erroma hartzean 1922an, eta nazismoa agertzea Alemanian eta Hitlerren estatu-kolpea 1923an. Ameriketako Estatu Batuetan euforia ekonomikoa bizi zuten, azkenean 1929ko hondamendia ekarriko ziena; Europan bitartean beste bat zen egoera: langabezia, gosea eta gizarte-tirandura gogorrak.
Egoera honen aurrean, Pio XI.a ez da konformatzen analisi sozio-politiko-ekonomiko soil batekin. Maila askoz altuago baterantz begiratu du; pentsatzen du,hau izan dela gaitz guztien, gerlaren eta segidan etorri den guztian kausa: «Kristo eta haren legea bizitzatik, familiatik eta gizartetik urrundu izana», eta «herrien artean ezin bizi izango dela bake iraunkor baten esperantzarik, gizabanakoek eta nazioek Kristo Salbatzailearen erregetza ukatzen eta baztertzen duten bitartean». Horregatik, uste du, berak, Pontifize bezala, bakea eraberritzeko eta berrindartzeko egin dezakeen gauzarik hoberena «Gure Jaunaren Erregetza berrezartzea dela». Komatxoen arteko hitzak, jaia eratzeko idatzi zuen Quas primas entziklikaren hasieratik hartuak dira.
Bistakoa da egin dakiokeen objekzioa: askatu al daitezke hainbat problema Kristo Erregearen ohoretan jai bat eratze hutsarekin?, lortuko al du jai batek jendearen bihotza aldatzea? Ordutik igaro diren laurogeita hamar urteek ezetz diote argiro.
Horregatik, 1970ean aldatu egin zuten jaiaren esanahia. Pio XI.ak urrian kokatua zuen jaia, Santu Guztien aurreko igandean. 1970ean urte liturgikoaren azken igandera aldatu zuten: Jesusez eta haren mezuaz igandez igande oroitu izan denaren gailurtzat emanez.
Gaur egun, jaiak ez du helburu nagusi, nazioen arteko bakea berregin eta sendotzea, baizik Kristo zoriontzea eskuratu duen garaipenagatik. Bere bizitzan besteen alde egindako ahaleginagatik eta heriotzaraino egin duen buru-eskaintzagatik, bere bizitzaren azkenean saririk handiena emango baliote bezala.

Irakurgaiak

Lehen irakurgaiak, Danielenak, Gizonaren Semearen garaipena iragarri digu, boterea eta aintza hartu baititu.
Bigarrenak, Apokalipsikoak, gogorarazten digu, Jesusen erregetzak eragina duela gu guztiongan: apaiz-erreinu bihurtu gaitu.
Hirugarrenak, Joanen ebanjeliokoak, ikuskari kritikoago bat eskaini digu erregetzaz. Jesus errege da, baina haren erreinua ez da mundu honetakoa. Jesus ez da etorri mundu honetara ohore eta aintza bila, baizik egiaren lekuko izatera. Larrutik ordaindu beharko duen lekukotza.

Azken gogoeta

Eskuarki, argitasuna espero izaten dugu homilia batetik, eta animo ematea, hobeak izan gaitezen, Jesusen irakaspenaren eta etsenpluaren arabera bizi gaitezen. Kristo Erregearen jaiak beste jarrera bat eskatzen du. Garrantzizkoa ez da ikastea, baizik zoriontzea. zorionak ematea gugatik hainbeste egin duenari. Aldi berean, jaiaren hasiera-hasierako zentzua egoki datorkio arazo sozial, politiko eta ekonomikoen aldetik gaur egun bizi dugun egoerari. Ezin izan gara xaloegi aterabideei dagokienez, baina ezin ukatu diogu arrazoia Pio XI.ari: mundua ebanjelioaren arabera biziko balitz, beste kuku batek joko lioke.

Jose Luis Sicre