URTEKO HOGEITA HAMEKAGARREN IGANDEA C

Lehen irakurgaia

( Jainkoak bere kreatura guziak maite ditu )

Zuhurtziaren liburutik 11, 23 –12, 2

23 Jauna, guziak urrikari ditutzu, dena baitezakezu.
Gizakien bekatueri ez ikusiarena egiten duzu, bihozberri daitezen.
24 Diren guziak maite ditutzu,
eta ez duzu zuhauk egin duzunik deus gutiesten,
zerbait hastio izan bazinu, ez baitzinuen eginen.
25 Eta nola iraun lezake zerbaitek, zuk nahi ez bazinu?
Nola dirauke, zuk deitua ez denak?
26 Zu bihozbera zira izaki guziekin, zureak baitira,
bizia maite duzun Jauna,
12,1 zure izpiritu ezin hila guzien baitan baitago.
2 Erortzen direnak pixkanaka larderiatzen ditutzu,
eta ohartarazten, zertan bekatu egin duten ezagutaraziz,
gaizkitik urrundu eta zure baitan sinets dezaten, Jauna.

Zoin ederra egungo irakurgai hau! Ez da pentsaketa bat Jainkoari buruz; idazlea Jainkoari
mintzo da, zuzenean, esker onezko otoitz batean eta idazteko molde hunek hunkigarria bilakatzen
du testoa.
Zertaz esker on hori? Fagore handia izan da Izraelentzat Agerpena (Errebelazioa), agerpen
horrek Jainkoa ezagutarazi baitio. Zuhurtzia liburu hau, arras berant idatzia izan da, doi doia 50 urte
Jesus sortu aintzin, Izraelen fedea zohitua zelarik. Ez da harritzekorik herri hautatuak mendez
mende egin aurkikuntzen bilduma bezala balinbada.
Egungo irakurgaia kreatzaile den Jainkoari egin himnoa da. Jainkoaren boterea eta bere
ahulezia ikusiz, Izraeli beldurra nagusitu bide zitzaion, bainan polliki polliki Jainkoa bere populuari
agertu zaio, beldurretik libra zadin.
Izraeldarren lehen aurkikuntza izan da “Jainkoak bere populua libratzen duela. ” Jainkoak
bere populua laguntzen du bere askatzearen bidean, eta laguntza hori kittorik emaiten dio,
populuaren merezimendurik gabe, maitasunez bakarrik. Izraelen fedea, esperientzia hortarik sortu
da, Jainko libratzailearekin egin duen elkargotik. Izraelek bere gogoetak Kreazioneaz egiten
dituelarik, bere esperientziatik egiten ditu eta ondorioztatzen du kreazionea bera amodiozko egintza
bat dela. Orduan, beldurretik libratzen da: fedean, Izraelek bere apaltasuna du gogoan, bainan ongi
badaki Jainkoaren ahal guzia amodio dela. Ondorioz, “Jainkoaren beldurra” konfiantza bilakatzen
da.
Agerpen hori, Izrael populuak egin duena bidean zehar, egungo irakurgai huntan ezagun da.
Beha dezagun: “Diren guziak maite ditutzu, eta ez duzu zuhauk egin duzunik deus gutiesten, zerbait
hastio izan bazinu, ez baitzinuen eginen. Eta nola iraun lezake zerbaitek, zuk nahi ez bazinu ?…
bizia maite duzun Jauna..” Badugu hemen Hasiera Liburuaren lehen kapituluaren oihartzun bat,
errepika iduri duen bertsu bat : “eta Jainkoak ikusi zuen ona zela. ” Hasiera Liburuaren olerki harek
burutik buru erraiten du Jainkoak bere kreaturak maite dituela. ” Bizia maite duzun Jauna “,
aitorpen hunek erran nahi du azken hitza ez duela hiltzeak. Ikustean Jainkoak bizia eta bizidunak
maite dituela, Izrael hilen piztean sinesten hasi zen : ” Zure izpiritu ezin hila guzien baitan
baitago.”
Bainan, fededunaren ikustatea sortarazten duena hau da bereziki : kreatzailearen amodioa
betikoa dela desleialtasun guzien gatik ere. Jainkoaren egiazko indarra urrikalmendua da. : ” Jauna,
guziak urrikari ditutzu, dena baitezakezu.” Aski ongi dakigu mendekuak baino indar gehiago
galdetzen duela barkatzeak. Jainkoak barkatzen du, bizia eta bizi direnak maite dituelakotz eta gu
bizi gaitezen : ” Guziak urrikari ditutzu, dena baitezakezu… Gizakien bekatueri ez ikusiarena egiten
duzu, bihozberri daitezen..Erortzen direnak pixkanaka larderiatzen ditutzu, eta ohartarazten, zertan
bekatu egin duten ezagutaraziz, gaizkitik urrundu eta eta zure baitan sinets dezaten. ” Ezekielek
ez du bertzerik erraiten, diolarik : ” Jainkoak ez du bekatorearen hiltzea nahi, bainan bihozberri eta
bizi dadin. ”
Zuhurtziaren liburu huntan, Deutoronoma liburuan bezala, ikusten dugu Jainkoak bere
pazientzia zabaltzen duela, orai eta beti, lehen eta gero. Badugu zer egitekorik bihozberri gaitezen…
bainan Jainkoak behar den pazientzia badu. Jondoni Petrik dio : ” Jainkoarentzat, egun bat mila
urte dira eta mila urte, egun bat. ”

Salmoa 144

Leloa: Zure izena dut goretsiko mendez mende,
Zu zaitut Jainko, zu Errege.

Bai gora Jauna, zu zaitut Jainko, zu errege:
Zure izena dut aipatuko mendez mende.
Zuri eskerrak egun guzian zeru alde,
Goretsiko dut zure izena mendez mende.
Eztia eta guziz ona da gure Jauna:
Urrikaltsua eta bihotzik nasaiena.
Mundu guziko guzientzat da ona Jauna:
Egin dituen ororentzat du bihotz ona.
Zuhauk eginek, Jauna, goraipa zaitzatela:
Zure gizonek eskerrak zuri zor bezala.
Zuk erresuman duzun ospea diotela,
Aipa ere bai zure besoan den ahala.
Egia Jaunak, beti egia erranetan;
Saindu da eta dena bihotz da egintzetan
Jaunak laguntzen bidean ezin joan guziak:
Altxatzen ditu, berak altxatzen eroriak.

Izai profetak Izraelen fedea hunela laburbiltzen zuen : Jainkoa urrikalmendu da eta
bere herriari dei egiten dio erranez : “Bihozberri zaite.” Salmo hau Jainkoari emaiten zaion
errepostua da : “Goretsi dut zure izena mendez mende.” Salmo alfabetikoa, erran nahi baita
bertset bakotxa alfabetako letra batetik hasten dela, A-tik Z-era. Esker onezko salmoa da,
Jainkoaren elkargoagatik. Bizi guzia A-tik Z-era Jainkoaren amodioan igeri dugu.
Izaik erraiten zuen : “Zerua lurretik gora da : berdin gora ene bideak zuen bideetarik.”
Salmoak oihartzun egiten dio :”Handia Jauna eta osoki goresgarria : gure Jaunaren
handitasuna ezin neurtuzkoa.” “Handi” hitza, salmoetan, erregeaz erraiten dena da. Bainan
errege hori ez da lurrekoen idurikoa. Boteretsua da, bai, bainan amodioaren boterez : gure
zoriona du nahi. “Jauna samurtasun eta urrikamendu da, berant-haserre eta maitasunez
betea”. Ederragorik ezin daiteke erran Jainkoaz.
Salmo huntan irakurtzen dugu ere : “Zuzena da Jauna bere bidetan, beti zuzena.” Bainan
gaurko Ebanjelioak kondatzen dauku etxeko jaun batek bere langile guziak berdin pagatu
zituela, goizean hasirik lanean ala astirian. Nun da zuzentasuna? Amodioan. Besteak maite
balinbaditugu guhauren burua bezanbat, besteeri egin ongiaz bozkariatuko gira.

Bigarren irakurgaia

( Bakean presta gaiten Jaunaren etortzeari buruz )

Jondoni Paulok Tezalonikarreri 1,11 – 2, 2

Haurrideak,
11 zuen alde otoitzean ari gira beti,
gure Jainkoak bere deiaren gai egin zaitzaten,
eta bere ahalaz beren beterat ereman ditzan
ongiaren egiteko duzuen gogoa eta zuen fedearen egitekoa.
12 Horrela, Jesus gure Jaunaren izena goretsia izanen da zuen baitan,
eta zuek haren baitan,
gure Jainkoaren eta Jesu Kristo gure Jaunaren graziaren arabera.
2,1 Haurrideak, Jesu Kristo gure Jaunaren etortzeaz,
eta gu haren ondoan biltzeaz,
hau eskatzen dautzuegu:
2 ez dezazuela lasterregi burua gal, ez eta beldur izan,
norbaitek gure gain emaiten badu
Jaunaren eguna etorria dela dion agerpen, solas edo letra bat.

Jondoni Paulok diolarik ” Haurrideak, zuen alde otoitzean ari gira beti ” gauzak ez direla hain
errex iduri luke. J.K. ondoko 51an gira eta Tezalonikako anaidia Jondoni Paulok sortarazi duen
lehenetarik da, eta lehena Grezian. Pauloren lehen bidaia Turkian izan zen, eta bigarrena Grezian,
Philippes hirian eta gero Tezalonikan. Denetan Paulok eta haren lagunek usaia zuten, larunbat
goizetan Zinagogarat joaiteko eta Testamendu Zaharraren irakurgaiaren ondotik, Jesusen Berri
Onaren zabaltzeko, erranez igurikatua zen Mesias sortu zela, Jesus zuela izena, kurutzefikatu eta
hil ondoan piztu zela Jerusalemen, hogoi bat urte lehenago.
Toki guzietan, gauza bera gertatzen zen guti gora behera : entzule multzo batek sinesten zuen
eta bataioa galdetzen. Bainan, arrakasta handiago eta kontrakoak etsaiago. Predikatzaileak haizatzen
zituzten edo preso sartzen, ideia berri horiek iraultza ereiten zutelako aitzakiarekin. Eta egun batez
edo bertzez, lekuak husten zituzten, bataiatu berriak beren gain utziz, formakuntza gutirekin.
Tezalonikan gauzak hola izan ziren : Paulo doi doia hiru aste egon zen han, Apostoluen
Egintzen arabera. Ihesi joan behar ukan zuen, preso hartua izan aintzin. Tezalonikako giristinoek
hiru aste ukan zituzten konbertitzeko eta Pauloren erakaspenaren ondotik, laster bakarrik egon
ziren. Erlisione berri bat sortzen delarik, ezagutua ez denaz geroz, zekta bat bezala ikusia da
hastapenean. Lehen girixtinoentzat hori izan zen. Tezalonikako lehen girixtinoen lehen zailtasuna
hori izan zen: bataiatuak izan orduko, beren gain jarri behar. Jondoni Paulok joan behar izan zuen
eta hek, bakarrik egon, judu, lagun, familiakoak heien kontra jarri ondoan. Larrialdi haundia beren
fede doi doia sortuarentzat. Paulok arrazoin zuen erraiteko: “Zuen alde otoitzean ari gira beti.”
Bada ere bertzerik. Bigarren zailtasuna talde berri horrentzat izan zen ez sobera jakitea zertan
zen , “burua galtzea”, Paulok dion bezala. Mesias nor den jakinez geroz, Jainkoaren erreinua etorria
izanez geroz, azken mendean izanez geroz, denak uzten ahal dira! Errana da batzuek beren lana utzi
zutela. Bertze batzu ari ziren erraiten, edo entzuna errepikatzen, denboren azkena zela. Horiek oro
ahulenak galtzen zituzten .
Jondoni Paulok kasu emaiteko erraiten diote: “Haurrideak, Jesu Kristo gure Jaunaren
etortzeaz, eta gu haren ondoan biltzeaz, hau eskatzen dautzuegu: ez dezazuela lasterregi burua gal
,ez eta beldur izan norbaitek gure gain emaiten badu Jaunaren eguna etorria dela dion agerpen,
solas edo letra bat.” Ez gaitezen beraz beldurtu, ez dezagun burua gal, bainan igurika dezagun
konfiantxarekin Jainkoaren xedeen betetzea. Jondoni Paulok dio: “Horrela, Jesus gure Jaunaren
izena goretsia izanen da zuen baitan, eta zuek haren baitan, gure Jainkoaren eta Jesu Kristo gure
Jaunaren graziaren arabera.”
Beha egon, ez du erran nahi deus egin gabe. Jainkoak bere xedea badu: “gure Jainkoak bere
deiaren gai egin zaitzatela”, bainan horrek ez du erran nahi ez dela deusik gure gain. Paulok
segitzen du bere otoitza: “bere ahalaz beren beterat ereman ditzan ongiaren egiteko duzuen gogoa
eta zuen fedearen egitekoa.”
Hori zaio gertatu Zakeori. Jesusek Zakeoren etxean sartzeko gomita aintzindu du,
Jainkoarekilako elkargoa proposatuz; hola eginez, Jesusek erakusterat eman du Jainkoaren
aintzinean nehor ez dela galdua; orduan Zakeok bere bizi moldea itzuli du eta Jainkoaren xedearen
arabera zuzendu.
Galde bera Tezalonikarreri eta guri: Jainkoak dei egiten dauku; guri da erantzun emaitea
denborarik galdu gabe.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Jainkoak hain maite izan du mundua
non bere Seme bakarra eman baitu,
Haren baitan sinesten duenak izan dezan betiereko bizia.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 19, 1-10

1 Jesus Jerikon sartu eta bazoan herrian barna.
2 Bazen han Zakeo izeneko gizon bat,
zergalari-buru zena eta aberatsa.
3 Jesus nor zen ikusi nahiz zabilan,
bainan ez zezakeen jendaldearengatik, ttipia baitzen.
4 Aitzinago lasterka joan eta pikondo baterat igan zen,
Jesus ikusteko, handik iragan behar baitzuen.
5 Jesusek, toki hartarat heltzean, goiti behatu eta erran zion:
“ Zakeo, jauts zaite laster: gaur zure etxean egon behar dut.”
6 Jautsi zen laster eta bozkariotan hartu zuen etxean.
7 Hori ikustean, denak marmarikan ari ziren:
“ Bekatari baten etxean gelditu da.”
8 Bainan Zakeok, xutik, Jaunari erran zion:
“ Jauna, nere ontasunen erdia behartsueri emanen diotet,
eta norbaiti makurrik egin badiot, halako lau bihurtuko diot .”
9 Orduan, Jesusek hartaz erran zuen:
“ Gaur salbamendua etxe huntarat etorri da,
gizon hau ere Abrahamen seme baita.
10 Alabainan, gizonaren Semea galdua zenaren bilatzera
eta salbatzera etorria da.”

Jeriko hiria munduko beherena da, 300 metra itsasoa baino beherago, Jordan ibaiaren ibarran,
Itsaso Hilaren ipar aldean. Jerikotik Jerusalemerat badira 35km, dena goiti, basamortu batean. Egun
hartan, Jeriko hiria dena soinu, dena arrabots zen, jende ainitz etorria baitzen profetaren eta haren
dizipuluen ikustera.
Jendaldea gaitza zen beraz, eta gure Zakeo pikondo baten gainerat igana. Zakeo hori zergalari
bat zen, eta zergalari buru, etsaiaren laguntzaile, Erromanoen laguntzaile, eta dirua lasai ebasten
zuelako fama egina zioten. Eta huna nun Jesusek Zakeoren etxerat joaitea deliberatzen duen! San
Lukek dio jendalde guzia xifritua zela: nola profeta bat joan zitekeen bekatari baten etxerat ?
Juduen legearen arabera, jende lohiarekin ez ditake ibili. Alabainan, Zakeo jende lohia da heien
arabera, Erromano-paganoekin ibiltzea gatik. Jesus egiazko profeta izan balitz, legea errespetatuko
zuen. Hau gizonen ikusmoldea da, eta Liburu Sainduek berriz ere erakusten digute Jainkoaren ikus
moldea ez dela gurea.
Zakeok, loriatua, Jesus errezebitzen du bere etxean. Eta hortan, gauzak kittorik gelditzen ahal
ziren. Bainan, bertzerik bada : ” eta Zakeok, xutik, Jaunari erran zion : Jauna,… “. Geldi gaiten
hemen : Jesus – “Jauna”, erran nahi baita- Jainko dela, Zakeo oraintxetan ohartzen da… hori da
salbatua izaitea. Salbamendua, Jesus ezagutzea da eta Jainko den bezala errezebitzea, denentzat
opari. Bainan jende xumeek, beren burua beharretan dutela aitortzen dutenek dute errezebitzen.
Zakeo ez da salbatua bere dirutik eman duelakotz; Zakeoren salbamendua, Jesus Jainko dela
onartzean da .
“Gaur salbamendua etxe huntara etorri da” : ” gaur ” hitza bi aldiz errepikatua da irakurgai
huntan. Lehenik, Jesusek dio: “gaur zure etxean egon behar dut.” Lehen urratsa, Jesusek egiten du,
bainan Zakeo arras libro da. Segur, arbol gainerat igan denaz geroz ikusteko, ez du ezetz erranen
profetaren galdeari. Jendetasun haundirekin errezebitzen ahal zuen, bere bizian deus aldatu gabe.
Arras libro zen ere bertzela egitea, Jesusen proposamena onartzea eta bera aldatzea. Gainerat, ohar
gaiten, Jesus salbamenaz mintzo dela Zakeok bere bizia aldatuko duela erran ondoan.
Irakur dezagun testoa: “Zakeok, xutik, Jaunari erran zion: Jauna, nere ontasunen erdia
behartsueri emanen diotet eta norbaiti makurrik egin badiot, halako lau bihurtuko diot.” Eta orduan
, orduan bakarrik, dio Jesusek hartaz mintzatuz: “Gaur salbamendua etxe huntarat etorri da gizon
hau ere Abrahamen seme baita.”
Jesusen erran hunek orroitarazten du Jainkoak egin agintzaren lokarria Abrahamen
ondorearekin. Bestela erran: “Gaur salbamendua Zakeoren etxerat etorri da, agintzaren seme
baita.” Hor ziren jende zuzenak gaitzituak dira ikustearekin Jesus Zakeoren etxerat joaiten dela,
ohoin baten etxerat. Jende horiek ez zuten ahantzi behar salbamendua deneri emana dela beti,
Jainkoak bere agintzak atxikitzen dituelakotz. Jondoni Paulok Timoteori zion bezala : “Gu leial ez
bagira, hura leial dago, ez baitezake harek bere burua uka.” (2 Tm 2, 13) Eta San Lukek
orroitarazten dauku Magnificat kantuan : “Gure arbasoeri hala zioten hitzemana, Abrahamen eta
haren ondokoen betirako ona.”
Farisau eta zergalariaren parabolan gauz bera aurkitzen dugu: salbamendua “opari ” da,
zergalaria “garbitua” da (ez du berak bere burua garbitzen) : garbitua, Jainkoak eman salbamendua
onartzea gatik. Gauz bera da egungo irakurgaian. Salbamendua Jainkoaren opari da; ez du Zakeok
egin bere salbamendua, bizkitartean onartzea beharrezkoa da, salbamendu hori gaur egun egina
izan dadin.