URTEKO 3. IGANDEA A 2017-01-22

SARRERA

Senideok, pozik gatoz beste behin Jaunaren hitza entzun eta ospatzera. Hitz hori geure argi izango dugu, eguneroko geure eta munduko gorabeherak egoki ulertu ahal izateko. Gorabehera horien aurrean begiak irekirik bizi ahal izateko. Hau eta hori eta beste hura, gizakiaren onerako al dira? Jesus da gure argia. Gaurko ebanjelioak esaten digu Jesus Galilean barna ibili zela irakasten, Jainkoaren Erregetzaren Berri Ona hots egiten eta gaixoak sendatzen.
Horra zer egiten duen Jesusek gaur ere, borondate oneko jendearen bitartez: Berri Ona hots egin eta munduko miseria kentzen saiatu. Hain zuzen, Jesusek zer egin du: irakatsi? Bai, baina bihotz-berritzera gonbidatuz. Eta zergatik bihotz-berritu? Jainkoaren Erregetza hurbil delako. Baina, aldi berean, beste hau: bihotz-berrituz hurbilaraziko du Erreinu hori.
Egun hauetan, gainera, 18tik 25era Kristauen Batasunaren Zortziurrena ospatzen ari gara. Nola ikusiko zenuke katoliko, protestante eta ortodoxoek bat egitea? «Aita, bat izan daitezela, zu eta ni bat garen bezala», esan zuen Jesusek. Hor dago gaurko bigarren irakurgaian Paulok korintoarrei esaten diena ere: «Jesu Kristo gure Jaunaren izenean diotsuet: elkartu zaitezte eta ez zaitezte bizi bereizirik».
Lagundu gaitzala Jaunak gaurko salmoaren adierazpen hau geure egiten: «Ene argi eta ene salbamen da Jauna».

LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (9,1-4)

Aspaldi, K.a. VIII. mendean, Galileak jasan zuen inbasioaren zoritxarra aipatuz hasi da Isaias profetaren gaurko pasartea: orduan Galilea konkistatu eta bertako jendea erbestera eraman zuten asiriarrek.
Baina egoera horrek hobera egingo duela adierazten du Isaiasek. Eta Galileak ezagutuko duen askapena adierazteko irudi desberdinak darabiltza: ilunpean bizi zenak argi bikain bat ikusiko du; poza, gozamena izango ditu.
Guretzat, argi hori, poz eta gozamen hori Kristo da. Jesus argi, poz eta gozamen gertatu zaigu. Gaur ere Jesus argia da; gure bitartez gaur egun munduan hitz egiten ari da, gaixoak sendatzen eta zapalduak askatzen ari da.

BIGARREN IRAKURGAIA Paulok korintoarrei egindako lehen gutunetik (1,10-13.17)

Paulok jakin zuen, Korintoko kristau-elkartean arazo asko eta handiak zituztela. Orain entzungo dugun pasartean, arazo horietako lehenaz ari zaigu Paulo: elkarteko zatiketaz, hain zuzen ere.
Batzuek diote halakoaren ikasle direla; beste batzuek beste baten ikasle direla, etab. Paulok esaten die: zer eta zein da halako eta bestelako hori? Kristo da sinesten duguna, baita halako edo beste hori ere.
Gaur egun ere gerta dakigu Korintokoena. Ni halakoaren jarraitzaile, ni beste harena. Kontuan izan dezagun, halako hau eta beste hura ez direla ezer, baldin eta Kristo predikatzen ez badute. Eta, zoritxarrez, askotan gertatzen da hori, Kristok ez bezala hitz egitea.
Halako hura edo beste hura Kristo bezala ari den ala ez egiaztatzeko, hau da bidea: Jesusek egiten zuena egiten ote duen, Berri Ona hots egin eta munduko miseria kentzen ote duen, errukia predikatzen ote duen, maitasuna ereiten ote duen. Eta, jakina, errukia ardatz, muin, gihar bezala emanik, eta ez eranskin bezala.

EBANJELIOA San Mateoren liburutik (4,12-23)

Segidan entzungo dugun Mateo ebanjelariaren pasarteak lau gauza aipatzen ditu: batetik, Jesus non hasi zen predikatzen, Kafarnaumen alegia , bigarren, predikuaren gai nagusia zein izan zuen, bihotz-berritu zaitezte, alegia, Jainkoaren Erregetza hurbil delako eta, bihotz-berrituz, Erregetza hori hurbiltzen parte hartu dezakegulako; hirugarren, lehen ikasleak aukeratzea; laugarren, Jesusen jardueraren laburpena, hau da, ebanjelioa hots egin eta gaixoak sendatu.
Kafarnaumen hasi zen predikatzen, arrantzale-herri zen hartan; handik, alde batera eta bestera ibili zen erreinuaren albistea eramanez. Ingurumen paganoa zen hura guztia.
Gogoan hartzekoa da, Jesus ez zela hasi Jerusalemen, baizik albo-herri batean. Bestetik, hau zuen bere gai-nagusia: konberti zaitezte. Baina Jesus ez zen gelditu hitz hutsean, baizik eta gaixoak sendatzen zituen,
Jesus Aitaren altzora joatearekin, Jainkoaren hitza ez da mututu. Gure esku utzi du Jesusek bere egitekoa burutzen jarrai dezagun. Baina, jakina; hitz eginez bakarrik ez. Mundua miseriatik ateratzen ahalegintzea ere leporatu digu. Lagun izan dezagula bera, geure egitekoa betetzen.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Munduko haur guztien alde: Jesusen eta haren jokabidearen berri nork erakutsia izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Erlijio guztietako jarraitzaileen alde: Jainkoaren izena, borrokarako ez, baizik guztien artean adiskidetasuna eragiteko eta sustatzeko izan dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Munduan gerran bizi diren herri guztien alde: gerraren sustraian diren injustiziak ikusi, aztertu eta halakoak ezerezteko bide egoki eta eginkorrak hartzen saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Kristau-izeneko guztien alde: katoliko, protestante eta ortodoxoak bat egiteko bideak bilatzen eta onartzen saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.