Urteko 19. igandea C 2016-08-07
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko irakurgaietan, gomendiorik nagusiena, ebanjelioko hau da: bizi zaitezte zain-zain, adi-adi.

Halere, garrantzizkoa da testuingurua aipatzea. Joan den igandeko parabolarekin erlazionaturik dago: gizon aberats batek bere aletegiak handitzea erabaki du, uzta guztia jasotzeko. Dena jasoa duelarik, bere buruari lasai egoteko esan dio. Baina, honetan, Jainkoak esan dio: zer ari haiz? Gaur gauean berean hire biziaren bila etorriko zaizkit. Zeinentzat hire ondasun horiek guztiak?

Baina Jesus ez da etorri beldurra sartzera. Gaurko ebanjelioa hitz goxo eta esperantzagarri hauekin hasi da: «Ene artaldetxoa, ez beldur izan; zuen Aitak gogo-gogoko izan du zuen bere erreinua ematea».

Baina den-dena ez dago Jainkoaren esku. Lehenengo irakurgaian ageri den ohiturak garbi agertzen digu: «seme-alaba jainkozaleek opariak eskaintzen zituzten»; esan nahi da, batasun solidarioa adierazi nahi izaten zutela: elkarrekin, elkarte bezala egiten zituzten eskaintza haiek, sinbolo gisa.

Jesusek modu zehatzagoan adierazten digu solidaritate hori. Hain zuzen, joan den igandeko aberats handiaren jarreraren kontra, «egin limosna» eskatzen digu Jesusek.

Eta jarraitzen du: «bizi zaitezte gerrikoa loturik eta argiontzi pizturik». Jesusen denboran tunika luzeak jantzi ohi zituzten. Bidaiatzeko edo lanerako, tunika horiek bildu beharra izaten zuten.

Esan nahi du. Erreinua eman dizue zeruko Aitak. Hau da, zeruan izango duzuen biziera aurreratu dizue. Baina Erreinu hori ez da oraindik betea. Zuen esku dago bere betera eramatea. Erreinu hori orainaldikoa da jadanik, neurri handian; baina ez oraindik osoa.

Falta den hori betetzera deitzen gaitu. Hori esan nahi du Jesusek «zain-zain bizitzeko» eskatzen digunean. Egon hadi, egon erne: tunika bildurik eta argiontzia pizturik. Hain zuzen ere: ondoan eta ez hain ondoan duzun lagun hurkoa nola bizi den ikusteko, argiontzia pizturik; eta behar duen laguntza emateko «tunika bildurik».

Alabaina, ez dezagun ahaztu. «Ene artaldetxoa, ez beldur izan». Jesusek konfiantza eta esperantza eman nahi dizkigu. Jesus etorri zen, etorriko da. Bitarte horretan, izan gogoan zein den etorri den hori, izan gogoan zein den etorriko den hori.

Kristauei ere heriotzak beldurra ematen digu. Jesusen hitz horietan konfiantza handia izango beharko genuke. Hiltzearekin, betiko bizira jaioko gara. Hiltzearekin, Jesus berpiztuarekin topo egingo dugu. Garrantzizkoa da hitz horiek zeinek esaten dizkigun kontuan hartzea.

Garrantzizkoa da, Jesusen segidan, beste hitz hauek ere zeinek esan dizkigun kontuan hartzea: «Geroak gaurtik, menderen mende hau beza eresi [kantu] berri: Oinazez ez da herririk galtzen. Hilerria da sorterri». [1946an abuztuaren 6an hil zen Peli Markiegi apaizaren hitzak dira].

Eta zein zen Peli Markiegi: 1946an hil zen Argentinako erbestean; hamar urte lehenago, 1936an, bera bezala apaiza zen anaia Jose fusilatu zioten frankistek Oiartzunen; beste anaia, Polentzi, Debako alkate izana, 1937an fusilatu zioten Santoñako hondartzan. Bazekien, hala Jainkoa, zer esaten zuen.

DIONISIO AMUNDARAIN