URTEKO 19. IGANDEA C (2016-08-07)

SARRERA

Senideok, urteko 19garren igandea ospatzen dugu gaur. Jainkoaren Erreinua kontuan hartzera gonbidatzen gaitu ebanjelioak. Jesusek ez digu eman definizio zehatz bat Erreinu horretaz. Jesusek ez ditu atsegin errezetak: orain hau, gero hori, hurrena hura. Aspaldi hartan kristau-ikasbidea galdera eta erantzun labur batzuen bidez ikasten zen. Jesusek ez du jokatu horrela. Errealitate bizi bat bezala aurkeztu digu Jesusek Jainkoaren Erreinua. Azken batean, eta funtsean, bere burua, bere biziera aurkeztu digu Erreinu bezala. Jainkoaren dohaina da Erreinua da. Jainkoaren erregalua.
Guk Erreinu hori etor dadin eskatzen dugu, GURE AITA esaten dugunean bezala: «etor bedi zure erreinua». Batez ere, Erreinu horri harrera ona egiten saiatu behar dugu. Horretara gonbidatzen gaitu Jesusek gaurko ebanjelio honetan ere: «Ez beldur izan, ene artaldetxoa; zeren zuen Aitak atsegin izan baitu zuei Erreinua ematea».
Erreinuari harrera ona egiteak, bizi-bizi zain egotea esan nahi du, Itun Zaharrean Abraham egon zen bezala; Itun Berrian Andre Maria eta beste milaka lagun egon izan diren bezala.
Gauzak pixka bat soilduz, hau esan nahi du: konfiantza beteko fedea, sufritzen ari direnekin bat egitea, eguneroko gauzetan erne eta azti bizitzea. Hiru osagai hauek aipatzen ditu gaurko ebanjelioak.
Izan ditzagula bidelagun Abraham, Andre Maria eta mundu honetan zain bizitze hori bizi izan duten beste milaka lagunak, eta lagundu gaitzatela orain zerutik beren bidea egiten.

LEHEN IRAKURGAIA Jakinduria liburutik (18,6-9)

Jakinduria izeneko liburua judu fededun handi batek idatzi zuen Kristo aurreko 30garren eta Kristo ondoko 14garren urte bitartean. Gaurko testua liburu horren hirugarren zatikoa da; Israel herriaren historian bizi izan duten jakinduriaz mintzo da. Batez ere, Egiptoko esklabotzatik askatzekoan agertu zen jakinduriaz.
Gaurko testu hau, berriz, Israel herriak Egipton bizi izandako lehen Pazko-gau hartaz mintzo da. Gau izugarria egiptoarrentzat: egiptoarren lehen seme guztiak hil ziren eta egiptoarren gudarostea itsasoan galdu zen. Gau askatzailea eta zoragarria israeldarrentzat, Jainkoak parte hartu zuelarik. Israeldarrek urtero egingo zuten gau askatzaile haren oroitzapena.
Jakina, gaur egungo kristauok ezin hartu dugu hitzez hitz juduen sineste hori: Jainkoa ez zen izan eta ez da herri baten adiskide eta beste guztien etsai. Soilik, hau aitortzen dugu: Jainkoak gizon-emakumeen ardura duela, bidelagun dela, era misteriotsuan egiten badu ere. Eta juduek egiten duten urteroko oroitzapen horrek hau adierazten digu: Jainkoak egindako mesedeen oroitzapena egin behar dugula guk ere. Horixe egiten dugu, hain zuzen, Eukaristian Jesusen misterioa ospatzen dugunean.

BIGARREN IRAKURGAIA Hebrearrei egindako gutunetik (11,1-2.8-19)

Gutun honen laugarren zatia, fedeaz eta iraupenaz mintzo da; gogo-galdu samar dagoen kristau-elkarteari bihotz eman nahi dio, animo eman nahi dio. Horretarako, arbasoek bizi izan zuten fedea gogorarazten dio elkarteari.
Gaurko testu honetan, berriz, lehenik eta behin, fedea zer den adierazten du: «espero dugunaren segurtasuna» da eta ezagutza-modu berezi bat. Ondoren, Abraham proposatzen digu etsenplu eta eredutzat; alde batetik, Jainkoaren deiari entzunez, bidaia luze bati ekin dio, nora doan jakin gabe; bestetik, konfiantza osoa jarri du Jainkoagan, ondorengo handi baten arbasoa izango dela esan dionean; azkenik, ondorengoaren aita izango zela uste zuen bere seme bakarra ere opari egiteko prest agertu da, Jainkoari leial izateko.
Senideok, Abraham eredutzat hartzen dugu bai juduek, bai musulmanek, bai kristauek. Eska diezaiogun Abrahami, erregutu diezaiola Jainkoari aipatu fededun guztiok adiskide eta solidario bizi gaitezen.

EBANJELIOA San Lukasen arabera (12,32-48)

«Jerusalemerako bidean» Jesusek eman duen irakaspena dakarkigu Lukasek gaur ere. Lehenik, aberastasunen balioaz mintzo zaigu; zertarako diren, alegia; joan den igandean esandakoaren konklusioa da gaurko hau: aberastasunei ez lotzea da kontua.
Ondoren, Jaunaren etorrerari dagokionez, erne bizitzeko eskatzen digu. Jauna etorri dator, eta harrera ona egiteko prest egon behar dugu beti.
Erne egote hori hainbat parabola laburrez agertzen du. Esaten digu: zorionekoak, jauna ezteietatik itzultzean azti dauden zerbitzariak; zorionekoak, jaunak esna aurkitu dituen zerbitzariak; zorionekoak, jauna etortzean, zerbitzariek ondo tratatu dutela esaten badio menpekoak.
Senideok, Erreinuari harrera ona egitera gonbidatzen gaitu Jesusek. Baina harrera egite horrek berekin du jarrera aktiboa. Azken batean, Jesus bera geure biziera bihurtzea da kontua.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Eska diezaiogun Jaunari argi ditzala gure begiak: egunean eguneko gertaeretan bera ikusi ahal izateko eta, batez ere, beharrean bizi direnengan Jesus bera ikusi ahal izateko. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Eska diezaiogun Jaunari gure esperantza sendotu dezan: gizon-emakumeen geroa, lur honetan berean ere, fedez eta maitasunez ikus dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Eska diezaiogun Jaunari oporretan joan direnentzat: atseden osasungarri bat aurki dezaten, eta animo handiz itzul daitezen, gizadiaren onerako lan egiteko animoz. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Eska diezaiogun Jaunari, lagundu gaitzala gure bizitza balore iraunkorretan oinarritzen eta ondasun materialak era egokian hartzen. Eska diezaiogun Jaunari.