Teologo azti-ustekoa eta samariar ona
Urteko 15. igandea C (2016-07-10)

Zenbat arau bete behar dira salbatzeko?

Duela urte asko, fama handia lortu zuen Jorge Loring jesuitak idatzitako Para salvarse liburuak; espainolez idatzitako liburu bat, idazlearen bizitzan milioi bat ale izatera iritsi zen lehengo idazkia. Bere katekesirako idatzitako apunte batzuekin hasi zen guztia; baina 1084 orrialdeko liburukote bat izatera iritsi zen. Orrialde-kopuru horren aurrean, Deuteronomioan zirriborratua den antzinako israeldarra bezala senti daiteke irakurlea: Jainkoaren nahia ezin jakinekotzat ematen duelarik, edota betiko bizia lortzeko Jesusi zer egin behar duen galdetzen dion ebanjelioko legelaria bezala.
Deuteronomioaren erantzuna garbi dago: ez da Himalaiara igo beharrik edota Atlantikoa zeharkatu beharrik Jainkoak gugandik zer nahi duen jakiteko. Jainkoak israeldar batengandik nahi duena idatzia dago «lege honen kodean», Deuteronomio liburuko 12-16 kapituluetara mugatzen den horretan. Arazoa ez da asko ikastea, baizik eta konbertitzea bihotz osoz eta arima osoz, eta betetzea han esaten dena.
Baina Deuteronomioari Para salvarse liburuari gertatua bera gertatu zitzaion. Testua ukiezina bazen ere, eta inor ez bazegoen ere ezer kentzera edo eranstera baimendua, liburuko arauen interpretazioa haziz joan zen inolako kontrolik gabe. Jesusen garaian, judaismoak 613 arau zituen (365 debeku, eta 248 agindu), edozein pertsona zorarazteko modua.

Sintetizatzeko ahaleginak

Arau-kopuru honen aurrean, logikoa izan da sintetizatu nahia sortzea, edota garrantzizkoena zer den jakin nahi izatea. Jesus baino urte batzuk lehenago bizi izan ziren Shammay eta Hillel rabinoak zirela-eta, anekdota hau kontatu ohi zen. Behin batean, pagano bat joan zitzaion bere intolerantziaz ezaguna zen Shammayri, eta esan zion: «Proselito (judu berri) egingo naiz, baldin eta Torah guztia irakasten badidazu hanka bakarrean ibiltzea jasaten dudan bitartean». Rabinoak kanpora bidali zuen, eskuan zuen neurtzeko makilaz mehatxu eginez. Orduan, bere tolerantziaz famatua zen Hillel-engana joan zen paganoa, eta erantzun hau jaso zuen: «Ez egin lagun hurkoari zeuretzat gustuko ez duzun ezer. Honetan datza Legea; gainerako guztia interpretazioa da». Rabi Aquibaz (K.o. 135 inguruan hildakoaz) ere Legea esaldi batean sintetizatzeko antzeko ahalegin bat oroitzen da: «Lagun hurkoa maitatu zeure burua bezala; burubide handietako bat da hau Torah-n».
Ebanjelioetan askotariko ahaleginak ageri dira arazoa erantzun labur eta zorrotz batean sinplifikatzeko. Famatuena Urrezko Araua da, Mateoren ebanjelioak Mendiko Hitzaldia ixteko darabilena: «Egin zuek besteei, besteek zuei egitea nahi izango zenuketena. Honetan dautza legea eta profetak« (Mt 7,12). Berriro ageri da gai hau gaurko ebanjelioan, agindurik nagusiena zein den Jesusi galdetu diotenean. Lukasen kontakizunak aldaketa esanguratsuak gehitu dizkio Markosen ebanjelioari.

Markosen ebanjelioko eskribau ona

Eskribauak edo lege-maisuak gaur egungo teologi doktoreen pareko ziren, baina botere, aginpide eta sona handiagoak zituztelarik. Nolanahi ere, ebanjelioetan ez dira ondo ikusiak. Oro har, fariseuen ondoan ageri ohi dira, Jesusen arerio bezala. Markosen kasu hau salbu; honetan lege-maisu batek galdetzen dio Jesusi zein den agindurik nagusiena, eta Jesusek erantzun dio: Jainkoa maitatzea eta lagun hurkoa maitatzea. Eta lege-maisuaren erreakzioa Jesus goraipatzea izan da, eta beste horrenbeste egin dio Jesusek.

Lukasen ebanjelioko asmo txarreko legelaria

Lukasen kontakizuneko protagonista ez da ari asmo onarekin; Jesus estu harrapatu nahi du, eta ez dio proposatzen arazo teoriko bat («zein da agindurik nagusiena?»), baizik eta oso pertsonal bat: «zer egin behar dut betiko bizia heredatzeko?»
Jesus ez da erori tranpan. Erantzun ordez, galdetu egin dio: «Zer dago idatzia Legean? Zer irakurtzen duzu han?» Eta legelaria beharturik dago aitortzera oso ondo dakiela zer egin behar duen: Jainkoa eta lagun hurkoa maitatu. Jesusek, ironia apur batez, adierazi dio beraren problema ez datzala zer egin behar duen jakitean, baizik betetzean.
Hemen bukatzen ahal zen guztia. Baina legelariak, barregarri gerta daitekeela uste baitu, bere burua zuritzeko, arazo filosofiko-teologiko bat planteatu du: «Eta zein da nire lagun hurkoa?» Zorionez, Jesus ez zen alemana. Ez dio eskaini Antropologiako hitzaldi bat, ez dio idatzi ere bostehun orriko Eskuliburu bat, arazo korapilatsu hori argitze aldera. Samariar onaren parabola kontatzera mugatu da, bi jokabide-eredu eskainiz: bata, apaizarena eta levitarrarena; hauek lapurrek eraso eta erdi hilik utzi duten gizajoa ikustean itzulinguru bat egin eta kasurik egin gabe utzi dute; bestea, samariarrarena; honek pena sentitu du, eta hurbildu, zaurietan olioa eta ardoa isuri, bendatu, zamari gainean jarri, ostatura eraman, artatu eta zaurituaren ostatu-aldia ordaindu du. Zazpi ekintza dira, hasierako pena-sentimenduan oinarrituak.
Legelariari iraingarri gerta zekiokeen ipuin bat kontatu izana. Baina Jesusek ez dio protestarako astirik eman; erasora jo du zuzenean, eta aitorrarazi dio garrantzizko gauza lagun hurko bezala jokatzea dela. Eta bukatzeko, esan dio: «Ea, egizu zeuk ere beste horrenbeste». Inporta duena ez da eztabaida, baizik jarduera.

Parabolako ideia txarra

Askori gustatuko litzaioke parabola samariarraren etsenplura mugatzea, eta gu aho-gustu onarekin uztea. Alabaina, Lukas, zeinaz beti onberatasuna azpimarratzen baitugu, kasu honetan oso zaurgarri gertatu da. Ez du aski izan protagonista batekin, hiru behar izan ditu. Eta ideia guztiarekin aukeratu ditu: apaiz bat, levitar bat, samariar bat.
Apaizak eta levitarrak, pertsonaia bereziki Jainkoari sagaratuak, gauza bera egin dute biek: itzulinguru bat egin eta aurrera segi. Zer dela eta jokatu dute horrela? Gaizto eta egoista direlako? Ez. Zauritua, zauritu hutsa ez, baizik hila badago, aski izango litzatekeelako hura ukitzea norbera lohi gertatzeko.
Legeak zorrotz dio: «Apaiza ez bedi kutsa ahaide baten gorpua ukituz, hurbileko ahaideren batena −ama, aita, semea, alaba, anaia edo norberaren arreba ezkongabea, ezkontzarako emana ez dena− ez bada. Honengatik gelditu daiteke kutsaturik» (Levitarrena 21,2-4). Ahaide batekin ezin kutsa badaitezke, askoz gutxiago ezezagun batekin, bide bazterrean den batekin.
Eta tragikoa da horretatik darion ondorioa: Jainkoaren legea izango litzateke errukitsu izatea eta zaurituaren lagun hurko bezala jokatzea eragotziko lituzkeena.
Lukasek aipatzen ahal zuen hirugarren protagonistatzat apaiz aurrerakoi bat eta lege obsesiorik ez lukeen diakono iraunkor bat. Baina gutxiena espero zena aukeratu du: samariar bat. Judu batentzat pertsonaiarik gorrotagarriena eta mespretxagarriena, Erregeen liburuaren arabera «Jauna beneratzen ez duen eta Jaunaren arauen eta aginduen arabera jokatzen ez duen» herri bateko kidea. Ironikoki, Jaunaren arauak eta aginduak betetzen ez dituen herri honen ordezkari bat da errukitsu diharduena eta lagun hurko bezala jokatzen duena.

José Luis Sicre