URTEKO HAMABIGARREN IGANDEA C
Lehen irakurgaia

( Zilatu dutenari behatu diote )

Zakari profetaren liburutik 12, 10-11a ; 13, 1

Huna zer dion Jaunak:
10 Grazia eta otoitz-izpiritua ixuriko dut
Dabiden etxe gainerat, eta Jerusalemeko bizilagunen gainerat.
Zilatu dutenari behatuko diote;
dolu eginen dute seme bakarragatik bezala;
nigar samina eginen dute lehen semeagatik egiten ohi den bezala.
11 Egun hartan, handia izanen da dolua Jerusalemen.
13 1 Egun hartan, iturburu bat sortuko da
Dabiden etxearentzat, eta Jerusalemeko bizilagunentzat
beren bekatu eta kutsaduratik garbituko ditu.

Huna idatzi bat arras interesgarria. Frangotan egiten dugu: « Jesus Salbatzaile dela… bainan
zertarik salbatzen gaitu ? Eta nola? » Lehen girixtinoek galde bera zuten, eta erantzuna aurkitzeko
Zakariasen ganat joan ziren.
Zertarik gaitu Jesusek salbatzen? Herratik, bortizkeriatik, berekoikeriatik gaitu salbatzen. Gure
harrizko bihotzak haragizko bihotz bilakatzen ditu. Zakariasek dio: « Grazia eta otoitz-izpiritua
ixuriko dut ». Nola gaitu Jesusek salbatzen? Bere gorputz zauritua gure behakoari eskainiz. « Zilatu
dutenari behatuko diote », dio Jondoni Joanik Zakariasen ondotik eta hunek segitzen du erranez:
« Iturburu bat sortuko da; beren bekatu eta kutsaduratik garbituko ditu ».
Bainan herra, bortizkeria, berekoikeria beti hor direla ikusiz, salbamen hori egina ote da? Beha
dezogun idatziari. « Huna zer dion Jaunak » errepikatua da behin baino gehiagotan, iduriz erran nahi
duela: « Ez duzue errexki sinetsiko, bainan agintza horiek obratuko dira, Jainkoak berak baitu
hitzeman ».
« Egun hartan » errepikatzen da, betidanik igurikatua dena erraiteko. « Egun hartan »
Jainkoaren eguna ; Jainkoak berak igurikatzen duen eguna; munduaren eta gizadiaren eguna; bere
agintzaren eguna: « Egun hartan, Dabiden etxe gainerat eta Jerusalemgo bizilagunen gainerat ixuriko
dut… » Juduentzat, lerro hau Mesiasen aipamena da: Biblia, Dabiden etxeaz mintzo delarik, Mesiasez
da mintzo, eta egun famatu hartaz, noiz Mesias etorriko den Jainkoaren xedea gauzatzeko.
Babiloniako desterruaz geroztik, ez da erregerik Jerusalemen ez eta ondokorik Dabiden errege
alkian. Bainan, Zakariasek diona argi da: « Dabiden etxe gainerat, eta Jerusalemgo bizilagunen
gainera ixuriko dut… ». Horrek erran nahi du, itxurengatik ere, Dabiden etxea ez della baztertua.
Jainkoak bere xedea gogoan du. Horrek erran nahi du ere Jerusaleme edo Izrael herria, herri hautatua
dagola gizadiari salbamena ekartzeko.
Goazen aitzina: « Grazia eta otoitz-izpiritua ixuriko dut Dabiden etxe gainerat, eta Jerusalemgo
bizilagunen gainerat ». Mesiasen egunak Jerusaleme eta bere bizilagunen konbertitzearekin hasiko
dira.
« Zilatu dutenari behatuko diote »: behatu edo Jainkoaren ganat itzuli, salmoetan aurkitzen da
erran hori. Herri hautatuak zilatu duen norbait dute aipatzen eta ondotik haren baitan Jainkoaren
egoitza dute onartuko. Zakariasek lehenik Mesias zilatua izanen dela dio, eta gero haren herriaren
begiak idekiko direla eta onartuko duela Mesias dela. Orduan, dolu eta nigar saminak beren buruaren
kontra: « dolu eginen dute seme bakarragatik bezala; nigar samina eginen dute lehen haurragatik
egiten ohi den bezala; handia izanen da dolua Jerusalemen…. » doluzko nigarrak, ohi den bezala.
Mesiasen hiltzea, ezin baliotsuagoaren hilketa izanen da.
Begiekin, bihotzak dira idekiko, Ezekielek erran bezala: « Bihotz berria emanen dauzuet eta
izpiritu berria ezarriko zuen baitan: harrizko bihotza kenduko dauzuet eta haragizkoa emanen. » (Ez
36,26). Grazia, otoitz-izpiritua, dolu eta nigar aipu direlarik, harrizko bihotzak ideki direla erraiten da,
haragizko bihotz bilakatu direla. Ezekielek zion ere : « Zihauren buruaz okazta jauziko zaizue, huts
eta jokabide higuingarriengatik ».
Azken oharra: « Egun hartan iturburu bat sortuko da Dabiden etxearentzat eta Jerusalemgo
bizilagunentzat; beren bekatu eta kutsaduratik garbituko ditu ». Herriaren bihozberritzea heriotze
horren fruitua izanen dela misterioski senditzen da; Mesias horraraino joanik direla begiak (eta
bihotzak) idekiko… Bekatua, kutsadura, harrizko bihotzetan, begi hetsietan kokatuak dira. Bainan
Mesiasen hitzak iturburu bat sortuko du.
Zakariasek erran bezala gertatu dira denak, bainan jenden bihotza ez da arras itzulia. Zer erran?
Jainkoak libre egin gaitu; gure gain da begiak altxatzea Jainkoari buruz; ez gaitu bortxaz konbertituko.

Salmoa 62

Leloa: Altxa begiak Jaunaganat, Salbatzen gaitu gurutzean.

Nere Jainkoa, goizetik noa zure bila:
Zutaz egarri banabila.
Lur agortua uriz egarri den bezala,
Ni zure minak nerabila.
Zauden etxean zu, Jauna, ikus zaitzadala,
Indarrez, ospez hoin zabala.
Bizia baino zure grazia gozoago:
Zuri gogotik kantuz nago.
Jaun izenari nere bizian laudorio:
Eskuak luze nagokio.
Nere arimak Jauna du Jauna gozoz gozo;
Nere ezpainek bozkario.
Izan zare zu nere laguntza galbidean:
Gostuz nagozu hegalpean.
Nere arima badago tinki zu ondoan,
Atxik beti ni zuk eskuan.

Salmo hau Jerusalemeko tenploko apezentzat egina izan ziteken. “Zauden etxean zu,
Jauna, ikus zaitzadala” (apezak bakarrik sar zitezken tenpluan), “Eskuak luze (Jaunari)
nagokio”, “Zuri gogotik kantuz nago” (apezek zuten hola otoitz egiten tenpluan).
Bainan salmo hau parabola bat bezala da. Otoitzean kantuz ari den apez hori Izrael osoa
da, bere historiaren hastetik Jainkoaren adiskidantzan bizi dena. “Goizetik noa zure bila :
zutaz egarri banabila…”. “Goizetik” diolarik, “denboren hastapenetik” erran nahi du.
Betidanik Izrael Jainkoaren ondotik dabila. “Lur agortua uriz egarri” : betidanik Israel
Jainkoaz egarri da.
Eta egarri hori ezin asea du, Jainkoaren hurbiltasuna bizi izan duelakotz. Beraz bigarren
mail huntan, salmo hau Izraelen esperientziaren lekuko izan daiteke. Adibidez “Zutaz egarri
banabila, lur agortua uriz egarri den bezala” ez ote da Izrael basamortuan egarriak xuritua
bizi izan zen urteen oihartzuna (Jal 17) ? Otoitzik ederrena gure ezeria izpiritualetik jauzten
den hura da, urgabetuaren oihua : Egarri naiz !
“Zauden etxean zu, Jauna, ikus zaitzadala” bertsuak Sinai mendia gogoraraz dezake.
Jainkoak han bere herriarekin elkargo egin zuen. Han ikusi zuen Izraelek bere Jainkoa
“indarrez, ospez hoin zabala.” Iraeldarrek ezin ahantzia zuten Jainkoak Moisi erran ziona :
“Ikusi dut ene herriaren atsegabea Egipton eta entzun haren oihua zapaltzaileen pean : bai
badakit haren oinazeen berri.” (Jal 3,7) Konprenitzen da zergatik librantza harek Izraeli
gogorat emaiten zion arranoaren irudia : “Arranoak, kafiaren gainean hegaldaka, umeak
airatzera sustatzen dituen bezala, berdin Jaunak ere : hegalak zabaldu, Izraeldarrak hartu
eta hegatsen gainean eremaiten ditu.” (Dt 32,11)
“Nere Jainkoa, goizetik noa zure bila” bertsuak erraiten du ere Jainkoa ez dela
eskumenean, haren xeka ibili behar dela : Izraelen enborrean xertatua den Eliza ere
esperantzaren herria da , geroari buruz itzulia, Jesus piztua bere aintzan noiz etorriko den zain
dagona.

Bigarren irakurgaia

( Kristoren baitako fedeak hausten ditu gizonen arteko berexgoak )

Jondoni Paulok Galaziarreri 3, 26-29

Haurrideak,
26 Jesu Kristoren baitan, denak Jainkoaren seme zirezte, fedeari esker.
27 Alabainan, bataioaz Kristori lotuak izan zirezten guziek,
Kristo jauntzi duzue.
28 Ez da gehiago ez Judu, ez paganorik,
ez esklabo, ez librorik, ez gizon, ez emazterik,
zuek, guziak bat zirezte Kristo Jesusen baitan.
Kristorenak balinbazirezte, Abrahamen ondokoak zirezte,
eta Jainkoak hitzeman ondoriotasuna, zuena da.

Galaziako anaidiari mintzo da Jondoni Paulo, eta anaidi hori gatazka gorrian ari zen
denbora hartan. Hortakotz, « ez da gehiago ez Judu, ez paganorik, ez esklabo, ez librorik, ez
gizon, ez emazterik » lerroak badu bertze itxurarik! Guhaurek, gure ezberdin eta berezitasun
guzietan, asmatzen dugu: ez balitz kontrakorik! « Guziak bat zirezte Kristo Jesusen baitan »:
bainan egun oroz, izaitearen eta itxaropenaren arteko zer leizea!
Bainan Jondoni Paulok ez du amor emaiten; itxurak nahi ditu baztertu. Izaite konkretua
deitzen duguna, leinu, seksu, sozial mail ezberdinak dira, bainan itxurak baizik ez dira. Itxura
horiek baino ainitz garantzisuago gure batasuna, Jesu Kristo baitan xertatuak baigira. Odol
bera dugu zainetan.
« Bataioaz Kristori lotuak izan zirezten guziek, Kristo jauntzi duzue ». Soinekoaren
itxura aski ederra da : Kristoren jauntziak beztitzen gaitu eta gure berezitasun guziak
estaltzen. Jondoni Paulok diolarik: « Ez da gehiago ez Judu, ez paganorik », erran nahi du
eztabada gogorrak bazirela Judu-giristinotu eta pagano-girixtinotuen artean; eta « ez da
gehiago ez esklabo, ez librorik », eta « ez da gehiago ez gizon ez emazterik » erranez,
bereizgoen ginditzera gomitatzen gaitu Paulok. Denak bataiatuak gara, denak Kristoren lagun,
hortan da lehentasuna, dio Paulok. Ezberdintasunak baldin badira gizon eta emazteen artean,
Elizan ere, fedearen aitzinean, denak bataiatuak zaizte, dio Paulok.
Ororen buruko galdea hau zen girixtinoen artean : fedea aski ote da? Edo fedearekin
behar ote da gainerat Juduen Legea eta bereziki ebakitza? Paulok dio: Abram ez zen ebakitua
Jainkoaren agintzak entzun zituelarik, eta Jainkoaren baitan bere konfiantxa ezarri zuelakotz
ontzat hartua izan zen. « Abramek Jauna sinetsi zuen eta, horrengatik, Jaunak ontzat hartu
zuen » (Has 15,6) . Eta agintza bat lurreko herri guzientzat izan da: « Zure bitartez
benedikatuko ditut lurreko herri guziak » (Has 12,3). Lurreko herri guziak, beraz zuek
Galaziako herria ere.
Eta Paulok oraino: Galaziarrek herri guzien benedizionea gozatzen dute eta Abramen
ondoko dira, agintzen herriaren(erran nahi baita Juduen) haurride. Bataioak haurride egin ditu.
Bataioaz, Kristautuak gaude Jesu Kristo baitan eta Haren bitartez Abramen ondoko
bilakatuak : « Bataioaz Kristori lotuak izan zirezten guziek, Kristo jauntzi duzue », eta lotura
hori batasun da. Gure izenak berak, Kristoren jabe gaudela du aitortzen. Haren bitartez,
Jainkoaren Seme, Abram fededunaren ondoko bilakatuak gira. « Kristorenak balinbazirezte,
Abrahamen ondokoak zirezte. » Ebakituak edo ez, fededunak izanez geroz, Abramen
ondokoak gira.
Egia erraiteko, desberdintasunak badira frango orain ere eta hoinbertze kontraerranen
artean gure burua tirabirakatua da. Jondoni Pauloren erraneri kasu egin bagineza, gure arteko
desberdintasunak ikusiz eta bataiatuak garela kontuan harturik, gure ikus-moldeak arras
bertzelakoak izan litaizke, Kristori lotuak eta xertatuak girelakotz. Hemen ere erran ginezake :
« ez berex Jainkoak bat egina ».

Ebanjelioa

Alleluia, Alleluia

Kristo gurutzefikatua predikatzen dugu,
Gizonentzat erokeria,
Bainan Jainkoaren indar eta zuhurtzia

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 9, 18-24

18 Jesus, bakarrik, otoitzean ari zen batez,
dizipuluak hurbildu zitzaizkion, eta Jesusek galdegin zioten:
“ Nor naizela diote jendeek?”
19 Heiek ihardetsi zioten:
“ Batzuek Joanes Bataiatzailea zirela, beste batzuek Eli;
besteek, berriz, lehengo profeta bat, piztua.”
20 Jesusek erran zioten:
“ Eta zuek, nor naizela diozue?”
Petrik ihardetsi zuen:
“ Jainkoaren Mesias.”
21 Jesusek larderiatu zituen, nehori erran ez zezaten.
22 Erran zioten ere:
“ Gizonaren Semeak ainitz sofritu behar du;
zaharrek, apezburuek eta lege-irakasleek arbuiatuko dute eta hilen;
eta hirugarren egunean piztuko da.”
23 Gero, deneri erraiten zioten:
“ Nere ondotik etorri nahi duenak uko egin bezo bere buruari,
har beza egun oroz bere gurutzea, eta jarraik bekit.
24 Zeren, bere burua salbatu nahi duenak galduko du,
bainan bere bizia neregatik galtzen duenak salbatuko du.”

Jesusek eri zirenak sendatu ditu eta ogia aniztu jendeari jatera emaiteko. Eta orduan du
bere dizipulueri galde hau egiten: « Nor naizela diote jendeek ? » lehenik, eta gero
dizipulueri: « eta zuek, nor naizela diozue? » Zerbait erakatsi nahi du: bere dizipuluak nahi
ditu fedearen bidean ezarri. Zuek, zer diozue? Eta hemen heien fede aitorpena du galdetzen.
Zoin dira jendeen gogoetak? Batzuek, Joanes Bataiatzailea dela, berpiztua; bertzeak, Eli
dela; bertze batzuek, berpiztu den profeta bat. Lehen oharra : hilen piztearen sinestea hedatua
zen. Joanes Bataiatzailearena bai eta profetena aipatua da. Beraz, Juduetarik zonbait Bazko
goizeko berria entzuteko prest ziren. Bigarren oharra : galde hau ogia aniztu ondoan dator.
Elik berak ogiaren mirakuilua egin zuen (Sareptako alargunaren ixtorioa). Eli itzuliko zelako
berria Malakiasek aitzinetik errana zuen: « Jaunaren eguna, egun haundi eta ikaragarria
etorri aitzin, Eli profeta igorriko dauzuet. Aitak beren haurrekin eta haurrak beren aitekin
baketuko ditu» (Ml 3,23) Matiuren ebanjelioan Jesusek dio testo hori ez dela hartaz ari.
« Dizipuluek galdegin zioten: « Lege-irakasleek zergatik diote, bada, Eli etorri beharra dela
lehenik? » Jesusek ihardetsi: « Bai, Eli etorriko da eta denak beren hartan ezarriko ditu.
Bainan, nik diozuet: Eli etorri da, eta ez dute ezagutu, nahi zuten guzia egin diote. Berdin
Gizonaren Semeak ere heienganik sofritu beharko du. Orduan konprenitu zuten dizipuluek
Joanes Bataiatzaileaz mintzatu zitzaiotela. » Itxuraldatzean, dizipuluek Eli Jesusen ondoan
ikusiko dute : Jesus ez dela Eli profeta lurrerat itzulia konprenituko dute.
Orain heieri da erantzun baten aitzinatzea: « Eta zuek, nor naizela diozue? » Lehena,
Petrik ihardesten du : « Jainkoaren Mesias » , erran nahi baita gantzutua dena, Jainko
Izpirituaren egoitza, Jainkoaren erreinua eraikitzen duena. Bertzalde, Petrirentzat, ogiaren
aniztea, froga bat da: Jainkoaren Erreinua gutartean da.
Harrigarri dena, Jesusek galdea egin orduko, Petrik xuxen ihardesten du, bainan Jesusek
hori errepikatzea debekatzen dio. « Jesusek larderiatu zuen, nehori erran ez zezaten! » eta
argitzen ditu: bai, egia duzu, Mesias naiz… bainan kasu, Mesias ez da arras zuek pentsatzen
duzuen hura! Eta sofritzen duen Mesias bat du mezutzen: « Gizonaren Semeak ainitz sofritu
behar du; zaharrek, apezburuek eta lege-irakasleek arbuiatuko dute eta hilen; eta hirugarren
egunean piztuko da. » Ondotik, girixtinoek Isairen eta Zakariasen erranak, nola Mesiasek
pairatuko zuela mezutu zuten, bainan Jesusen denboran, holako gertakizunik ez zitaiken
pentsa: gerla-buruzagi eta irabazle loriotsu bat, Erromanoen aztaparretik Juduak libratuko
zituen Mesias bat zuten gogoan.
Hemen ere Jesus erakasle agertzen da: dizipuluak nahi ditu fedean sartzera gomitatu,
jendeen sinestetik baztertuz, bai eta bere egiazko misioneari -zerbitzari eta ez nagusi – heien
begiak ideki. Eta holako berria, jendeak ez dira batere gai onartzeko.
Azkenik, zoin izanen den bidea du Jesusek bere dizipulueri erraiten : « Nere ondotik
etorri nahi duenak uko egin bezo bere buruari ». Erran hunek ebanjelizatzearen lanak,
nekeak, trabak ditu aipatzen. Beren Jainko Jaunaren bidea hartuz, dizipuluak ez dira hobeki
tratatuak izanen. Jondoni Joanik idatzi bezala, ogi-bihiaren bizia beharko dute onartu: « bere
burua salbatu nahi duenak galduko du, bainan bere bizia neregatik galtzen duenak salbatuko
du. » Lerro hau ez da dizipulueri buruz bakarrik errana, bainan jendalde guziari. Gomita ezin
zabalagoa da. Ez da bertzelako baldintzarik Jesusi jarraikitzeko: Jainkoaren Erreinuaren berria
zabaldu ospe haundirik igurikatu gabe, ogi-bihiaren lurperatzea onartuz.