San Pedro eta San Paulo (ekainaren 29a)
HOMILIA

Anai-arrebok!

San Pedroren eta San Pauloren jaia ospatzen dugu. Bi apostolu handi. Jesusen eta Jesusen asmoaren bi maitemindu suhar eta bero. Jesusengatik eta Jesusek eman zien egitekoarengatik bizia emateko gai izan ziren.

Jesus hil ondoren, Jerusalemgo lehen kristauek zailtasun handiak bizi izan zituzten, judu eta Jerusalemgo erromatar agintariekin. 36. urtean Esteban hil zuten; hilketa hartan parte hartu zuen Saulok, gerora Paulo izango zenak.

Ondoren bakealditxo bat izan zuten. Baina 44an Santiago Zebedeo hiltzeko agindua eman zuen Herodes erregeak, Jesus jaio zenean agintari zen Herodes Handiaren bilobak. Santiago hil, eta Pedro kartzelan sartu. Kristau-elkarteak otoitz eta otoitz aritu ziren, eta Pedrok lortu zuen ihes egitea.

Bigarren irakurgaia, Paulok ez baino Pauloren ikasle batek idatzi zuen, lehen mendearen azken aldera edo bigarrenaren hasieran. Pauloren ikasle min bati, Timoteori, idatzia da. Jaiotzez paganoa zen Timoteo, Paulok bataiatua, eta lankide fina gero. Pasarte honek Pauloz dioskuna zaigu inporta. Jesusek gurutzean agertu zuen bihotz-jarrera bera agertu du Paulok: «bete dut neure egitekoa».

Ebanjelioan, jendea nahasi samar dabil. Ez dakite Jesus zer eta zein den. Pedrok aitorpen handia egin du: «Zu, Mesias zara, Jainko biziaren Semea». Jesus harritu da aitorpen horrekin, eta saritu egin nahi izan du Pedroren jarrera: zure gainean eraikiko dut nik Eliza; zuri emango dizkizut zeruko erreinuaren giltzak.

Halere, batetik, Pedrok ideia zaharra du mesiasi buruz; Jesusek, segida-segidan, esan dionean, berak asko sufritu beharko duela eta hil egingo dutela, Pedrok burutik kendu nahi dio Jesusi ideia hori; bestetik, zeruko erreinuko giltzak emate hori, geroago (Mt 18,18) ikasle guztiei aplikatu die Jesusek: «Zuek mundu honetan lotua, zeruan ere lotua geldituko da…».

Dena den, Apostoluen Eginak liburuan askotan (1,15; 2,14; 3,1) ageri denez, Pedro benetako lider ageri da beste apostolu eta ikasleen artean. Jesusek bidalia da, eta eginkizun hau eman dio: bera hilko dutenean, taldeari eusteko, eta Pedrok bete du egiteko hori.

Paulo fariseua zen, eta lehen kristauen kontrako pertsegitzaile amorratua izan zen. Baina Damaskoko bidean Jesus ikusi zuen. Eta Jesusek bidalia dela esango du berak; bera ere apostolua dela. Agian, hobeto izango litzateke esatea, kristau-elkarteak bidali duelako dela apostolua. Horra, beraz, apostolu terminoaren esanahia: Jesusek berak zuzenean bidalia izatea edota Jesusek elkartearen bidez bidalia izatea.

Biek, Pedrok eta Paulok, beren bizia eskaini zioten Jesusi Erroman. Jo dezagun biengana, gaur munduan apostolu handiak sortzeko Jesusei erregutu diezaioten. Eta eskerrak emazkiegun Jesusen berri eman digutelako.

DIONISIO AMUNDARAIN