PAZKOALDIKO 8. Ig. A MENDEKOSTE 2020-05-31
HOMILIA

Anai-arrebok!

Mendekoste eguna ospatzen dugu gaur. Espiritu Santua Jesusen ikasleen gainera etorri izana. Ikasleen artean, jakina, ikaslerik handiena ere han zegoen: Andre Maria. Eta, ebanjelioak aipatzen ez baditu ere, Magdalena eta beste. El Greko pintoreak ederki irudikatu du eszena hau; bada hor xehetasuna bat garrantzizkoa: Andre Mariaren ondoan Maria Magdalena ageri da. Esan nahi du, Espiritu Santua ez dela jaitsi Hamabien gainera bakarrik, baita Andre Mariaren gainera ere (Jesusen Ama delako ondo dagokio, baina baita sekular baten, hau da, Magdalenaren gainera ere). El Grekok ezin pintatu zuen 120 lagunen elkarte bat; baina askotarikotasuna eta osotasuna adierazteko, Magdalena pintatu du. Guztiok ordezkatzen gaitu Magdalenak.

Beraz, beste behin, ez zaigu axola Bibliako idazleek erabili duten hizketa, baizik eta esan nahi dutena.

Eta esan nahi dutena hauxe da funtsean. Jesusen Espiritua beharrezkoa dugula Jainkoaren eta gizakiaren misterioa ezagutu eta betetzeko. Eta Espiritu hori, Jesusek pertsona guztien gainera isuri duela.

Guztien gainera. Har dezagun egun hauetako adibide bat. Atsegin handiz irakurri dugu. Indian gertatu da. Gizon bat, kamioi gidaria, Koronabirusaren eraginez, lanik gabe geratu da, dirurik gabe, eta gaixo. Alabak, 15 urtekoak, bere aita bere txirrinduan hartu eta 1.000 km egin ditu, pedalari eraginez. Zeinek, Espirituak ez bada, eman dio neskatila horri gogo eta indar hori?

Gaurko munduan, hizkuntza asko hitz egiten den giroan aurkitzen gara. Eguneroko hizkuntza arruntaz aparte, beste hizkuntza batzuk jakin edo interpretatu beharra gertatzen zaigu. Askotan, interpretatu behar horrek konpromiso handia hartu beharra eskatzen digu: Txiki hauetako bati egin zeniotena, neuri egin zenidaten. Jakina, interpretazio horrek berak sakon pentsatu beharra eskatuko digu. Bereizmena egin beharra. Kasu guztiak ez dira izaten zaku berean sartzekoak. Horretan Espirituaren behar handia dugu.

Mendebaldeko katolikoek, oro har, Espirituari ez diogu eman izan garrantzi handirik. Sicrek, esaterako, agertu digu, liturgian Espiritua ez dela behar bezala aintzat hartzen. Kontzilioaz gero, zerbait aldatu da, ordea.

Espiritua ikasleen gainera etorri izanak argitu digu ere, gauza bat dela beldurra (errespetua, begirunea, itzala… adierazten duena), eta beste bat ikara. Ikasleak ikaraz daude, zurrundurik, ezin irten dira kalera. Espiritua etorri orduko, hor hasi dira bat alde batera eta bestea beste batera, mundu zabalera joaten, munduko herri guztiei Jesusen beraren eta Jesusen ebanjelioaren berri emateko. Espirituaren etorrera ez da gauza polit huts bat. Espiritua misiolari da.

Azkenik, Espiritua ez da uniformatzailea. Ez dator denok buru-janzkera berean jartzera. Jesusek bere Espirituaz abian jarri duen mugimendu hori ez da ideologia bat. Espiritua hartu duen pertsona ez dator ideologia bat, pentsaera bat, ezartzera. Baizik eta pertsona bizi bat begi-bistan ipintzea du bere xedea eta helburua.

Zatoz, Espiritu Santua, eta bete munduko zirriztu guztiak zeure argiaz, zeure ilusioaz, zeure pozaz, zeure ahalmenaz. Amen.

Dionisio Amundarain