PAZKOALDIKO 7. IGANDEA A IGOKUNDEA 2017-05-28

SARRERA

Senideok, Jesusen zerura igotzea ospatzen dugu gaur. Baina, zer esan nahi du zeruratzeak, zerura igotzeak?
Hasteko, esan dezagun zer den gaurko jai honen funtsean: Jesus gurutzean hiltzea, ematen zuen esperantza guztien akabera zela. Baina ez, egiaz eta benetan, biziaren eta piztueraren iturburu dela agertu da. Gaurko jai hau, beraz, esperantzaren iturburu da: biziaren iturburu.
Baina gatozen, jai honen xehetasun batzuetara. Beste garai batean uste zuten Jainkoa goian dagoela, gizadia erdian eta deabrua behean. Gauzak horrela harturik, Bibliako eta Liturgiako hizkera oso argia zen ulertzeko. Adibidez, Jesusez hau esaten da: zerutik jaitsi zen, gizon egin zen, infernuetara jaitsi zen eta berriro zerura igo zen.
Gaur, ordea, Biblia eta Liturgia beste era batean ulertzen ditugu. Gaur egun infernua eta zerua ez ditugu hartzen, ez lekutzat, ez tokitzat. Zerua ez da leku bat. Bizitzeko era bat da zerua. Pertsonaren izaera berezi bat da zerua. Tokirik ez du, lekurik ez. Espirituala da Jesusen eta gizakion zerua. Jainkoaren izaera du gizaki berpiztuak: ikusten ez dena, ukitzen ez dena, baina beste ezer baino errealagoa dena.
Nola ulertzen dugu gaur hori guztia? Jesusen zeruratzea edo Igokundea pazko-misterio bat da; Pazkoa eta Igokundea misterio bakarra dira. Piztuera, Igokundea, Aitaren ondoan esertzea, aintzatua izatea, Espirituaren etorrera: dena bat da. Gertaera bakarra. Dena misterio bakarra.
Mundualdi honetan, gizon-emakumeoi dagokigunez, batez ere misio-eguna da Igokunde-egun hau. Zoazte eta egin nire ikasle mundu guztia, esango digu Mateok gaurko ebanjelioan. Jakina, misio hori era zaba-zabalean harturik. Esaterako, misioa da Mediterraneoan hain jende ito ez dadin arduratzea.
Senideok, Jainkoari eskerrak emateko aukera dugu. Eta benetan pozteko ordua. Piztuera-bidean, aintzaren bidean, goratzearen bidean jarri gaitu gu guztiok Jesusek, bera zeruratu denean

LEHENENGO IRAKURGAIA Apostoluen Eginak liburutik (1,1-11)

Gaur entzungo dugun ebanjelioa Mateorena da. Hartan esaten da, ikasleak Galilean zeudelarik igo zela Jesus. Oraingo irakurgai honetan, berriz, Lukasek esaten digu, Jerusalemen zeudelarik igo zela Jesus. Halere, Galilea eta Jerusalem aski urrun daude bata bestetik.
Arrazoi bat gehiago, jakiteko Biblia ezin dela hartu hitzez hitz. Mateok bere ikuspegia du: Galilean hasi zuen Jesusek bere ebanjelio-predikua, eta hasiera hartara itzuli behar dugu kristauok. Lukasek ere bere ikuspegia du: Jerusalemen eraman du Jesusek gailurrera bere ebanjelioa. Jerusalemdik mundu guztira zabaldu behar da ebanjelio hori.
Inporta zaiguna mezua da, esanahia. Gaur baino lehenago, Jesusen Antzaldatzearen pasartea irakurri genuen. Piztuera eta Igokundea dira benetako antzaldatzea. Jesusen aintzatzea da, goratzea, distiratsu bihurtzea.
Poztu gaitezen, senideok: Jesus da lehena. Guztioi atea ireki digu.

BIGARREN IRAKURGAIA Efesoarrei egindako gutunetik (1,17-23)

Entzungo dugun Efesoarren gutuneko testua zail samarra da ulertzeko. Laburtuz, hau esaten du: Kristok bukatu duela salbamen misterioa:
─ lehenik eta behin, Jainko Aita ezagutzera eman digu;
─ bigarren, jakinarazi digu, ezen Jainko Aitak ahalmena duela kreazio osoaren gain, eta, ahalmen hori dela medio, gizadiari piztuera eta goratzea eman dizkiola;
─ hirugarren, Aitak Jesusi ahalmen osoa eman diola.
Hori guztia dela eta, esan dezagun: gure Jainkoa ez da urruneko Jainkoa, baizik eta gure arteko egin den Jainkoa da. Hurbiletik ezagutzen gaitu eta guk ere ezagutzen dugu bera.

EBANJELIOA San Mateoren liburutik (28,16-20)

Lehen irakurgaiaz hitz egitean esan dugunez, Mateoren gaurko ebanjelio honen arabera, Galilean zeudela agertu zitzaien Jesus ikasleei azkenekoz. Eta gomendio handi hau eman zien: Zoazte eta egin nire ikasle herri guztiak. Ondoren, Aitagana igo zen; igo, lehenago esan dugun zentzuan: aintzatua, goratua, distiratsu bihurtu zen. Mundu honetan hasia zuen egitekoa, ordudanik ikasleen esku utzi zuen. Halere, ez zituen utzi bakarrik. Gure artean da Jesus beti.
Besteak beste, har ditzagun gogoan Jesusen bi baieztapen hauek: batetik, zoazte mundu osora eta egin nire ikasle herri guztiek; bestetik, zeuekin izango nauzu munduaren azkena arte.

Herriaren otoitza

1.-Kristau guztien alde: Kristok esan bezala, munduan Jesusen testigu bizi izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Gure familietako gazteen alde: beren bizitzan bila eta bila dabiltzala, Jesusen bila ibiltzea bazter utzi ez dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Komunikabideetan (egunkari, aldizkari, irrati, telebista) lan egiten dutenen alde: kontuan har dezaten egiaren aldeko erantzukizuna. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Euskal Herriko politikoen alde: egingo dituzten hitzarmenak eta konponketak herriaren onerakoak izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.