Pazkoaldiko 7. igandea A IGOKUNDEA (2017-05-28)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Jesusen zeruratzea ospatzen dugu gaur: Jesusen IGOKUNDEA.

Gaurko jai honen muina, duela gutxi, Frantzisko aita santuak adierazi digu; Fatiman; Andre Mariaren benetako debozioaz ari dela, kristau-bizitzaren ardatz Kristo berpiztua eta zeruratua dela esan du. Eta gaurko jaiari dagokionez, hau dio hitzez hitz: «Jesus zerura igo zenean, zeruko Aitaren ondora eraman zuen gizatasuna –gure gizatasuna−, Ama Birjinaren sabelean beretu zuena, eta sekula ere utziko ez duena». Eta, bakearekin batean, bere erromesaldiaren helburu izan zuen esperantzara joz, gehitu zuen: «Aingura bezala harturik, finkatu dezagun geure esperantza gizatasun horretan, zeruan Aitaren eskuinaldian jarria den horretan. Esperantza hori izan dadila geure bizitzan eragingo diguna».

Senideok, hiru gauza ageri dira hitz horietan: batetik, gure gizatasuna Aitaren ondoan kokatu du Jesusek; bigarren, geure esperantzaren aingura edo heldulekua izan behar dugu gertaera hori; hirugarren, esperantza hori eragile eta sustatzaile izan behar dugu geure bizitzan.

Horrenbestez, ez genuke denborarik galdu behar gaurko ebanjelioaren eta gaurko lehen irakurgaiaren xehetasun batzuen inguruan. Mateok ebanjelioan dio, Galileako mendi batean ikusi zutela ikasleek Jesus zerura igotzen. Lukasek, berriz, lehen irakurgaian dio, Jerusalemen ikusi zutela zerura igotzen. Kontuan izan behar dugu, Galilea eta Jerusalem aski urrun daudela bata besteagandik. Beste behin, Biblia ez da hitz hitz hartzekoa. Mateok bere ikuspegia du: esan nahi du, kontua ez dela zerura begira egotea, baizik eta Galileara itzuli behar dugula: Jesusek Galilean egin zuen bizimodura, alegia. Lukasek ere bere ikuspegia du: Itun Zaharrean jadanik munduko hiri nagusitzat emana den Jerusalemendik, munduko bazter eta zoko guztietara eraman behar dela Jesusen Berri Ona.

Jesus berpiztuari eta zeruratuari dagokionez, Juan Massia-k badakar pasadizo bat, oso esanguratsua. Arteaz eta Teologiaz ari zen irakasle batek galdera hau egin zien ikasleei: «Baldin eta Pilatok, Golgota mendiko tragediatik 50 egunera, Jesusen hilobia ireki balu eta usteltzen ari zen gorpu bat aurkitu balu, zein problema sortuko zuen testigantza horrek ikasleak Jesusen piztueraz egiten ari ziren predikuaren kontra?»
Teologiako ikasle batek −fundamentalista eta ikaratia− erantzun zuen: «Ez zen Jesusen gorpua, baizik eta zaharren kontseiluaren aginduz goardiek hilobian ezarri zuten beste batena». Filosofiako ikasle batek, berriz −sinesgabea eta zientifista−, erantzun zuen: «Argudio horrek hankaz gora botako zuen hilobia hutsik aurkitu izana». Hirugarren, informatikako neska ikasle batek erantzun zuen: «Hilobiko argazkia manipulatua zegoen. Segidako twitterrean Igokundearen bat-bateko argazki bat ageri da: suziri espazial batean hodeietarantz doa Jesus». Laugarren neska ikasle batek −estetikako eta arte ederretako ikaslea− bikain bat atera du; dio: «ADN batek Jesusen gorpua dela baiesten badu ere, horrek ez du piztuera ukatzen. Izan ere, gauza bera ageri da beste kasu honetan: Andre Mariak bere besoetan du Jesusen gorpua gurutzetik jaitsi dutenean. Eta badakigu, Jesusen hiltzeko momentua eta pizteko momentua bat bera direla. Beraz, Amak bizi den Jesus kontenplatzen du gurutze ondoan. Jesus gorpu izatea eta Bizidun izatea bateragarriak dira. Biziki ondo ulertu zuen hori Migel Anjel artistak [Pietá irudia zizelkatu zuenean]: ama Jesusen gorpua kontenplatzen ari da, baina Bizi Denaren Presentzia kontenplatzen».

Arrazoi zuen neska horrek. Jesus berpiztuaren gorpua lehengoa bera da, baina beste izaera bat du berpiztu ondoren. Jesus zeruratua, Andre Mariagandik jaio dena bera da, baina beste izaera bat du orain. «Zerura igo» esaten dugunean, esateko modu bat da. Hau da esan nahi duguna: Jesusen heriotza, esperantza guztien bukaera zela ematen bazuen ere, biziaren eta piztueraren iturri bihurtu da.

Senideok, gure gizatasuna Aitaren ondoan kokatu du Jesusek. Baina Jesusek egin zuen bidea egitea falta zaigu, zeruko egoera horretaz erabat eta osorik gozatu ahal izateko. Itzul gaitezen Galileara: Jesusek bizi izan zuen bizimodura. Har dezagun Jerusalem hiri santutzat, baina munduko zoko guztietara joateko esaten digula kontuan izanik.

Bukatzeko, hausnar ditzagun Unamunoren hitz hauek: «Zu zara hildakoen lehen jaioa, / Zu zara fruitua, Heriotza dela medio jada heldua, / akabatzen ez den biziaren arbolaren fruitua… Zu zara Bizia, / piztuera azken batean, bere heriotzaz bizia ematen diguna».

Dionisio Amundarain