BARNEZ BILATU (Joan 10,11-18)
Pazkoaldiko 4. igandea B (2018-04-22)

Ezin taxutu da Jainkoagana automatikoki eraman zaitzakeen egitarau edo teknikarik. Ez da metodorik, harekin era seguruan topo egiteko modukorik. Nork bere bidea egin behar du; izan ere, nork bere era du Jainkoaren misteriora irekitzeko. Halaz guztiz, bide guztiek ez dute balio, neurri berean, fedea esnatzeko.

Bada jenderik, Jainkoaz inorekin hitz egiten ez duenik. Gai tabu bat da; mundu pribatuko gauza da. Baina, gero, pentsatu ere ez du egiten Jainkoagan, ez du gogoratzen ere bere kontzientziaren barnekoitasunean. Jarrera honek, aski sarria beren burua fededun aitortzen dutenengan ere, fedea ahultzera eraman ohi du bat kasik beti. Zerbait inoiz ere gogoratzen ez denean, galdu egiten da azkenean ahaztearen ahazteaz eta ahuleriaz.

Bada, alderantziz, gauza erlijiosoez ardura handia duela ematen duen jenderik. Gustukoa izaten du arazoak harrotzea Jainkoaz, kreazioaz, Bibliaz… Galdera galderaren gain jardun ohi dira, baina erantzunik espero gabe. Ez du ematen inporta zaienik ere. Jakina, hitz guztiak hutsal gertatzen dira, barnean Jainkoaren zinezko bilaketarik ez bada. Garrantzizkoa ez da «erlijio-gauzez» hitz egitea, baizik eta Jainkoari lekutxo bat egitea norberaren bizitzan.

Beste batzuei, berriz, erlijioaren gainean eztabaida egitea gustatzen zaie. Ez dira gai Jainkoaz hitz egiteko, beren posizioa defenditzeko ez bada eta arerioarena atakatzeko. Izatez, gai erlijiosoen inguruko aski eztabaidak ez du egiten beste ezer: intolerantzia eta posturak gogortzea aldeztu. Alabaina, Jainkoaren bila zinez dabilenak gustukoa izaten du harengan sinesten dutenei entzutea, eta baita Jainkoa alde batera utzia dutenei ere. Nork bere bidea topatu behar du, baina axolagarri zaio ere jakitea besteek non aurkitzen duten zentzua, arnasa eta esperantza bizitzari aurre egiteko.

Nolanahi den, gauzarik inportanteena Jainkoagana jotzeko, bihotzaren bakardadetik berari dei egitea da, norberak bakarrik, norberaren kontzientziaren barnetik. Hor irekitzen ahal zaio bat Jainkoaren misterioari konfiantzaz edota, alderantziz, hor erabakitzen du bakarrik bizitzea, era ateoan, Jainkoa gabe. Norbaitek esaten ahal dit: «Baina nolatan dei egiten ahal diot Jainkoari, beragan sinesten ez badut, ezertaz seguru ez banago?» Egin daitekeena da. Iluntasunean eta duda-muda artean egindako zinezko dei hori da, segur aski, biderik garbienetako eta apalenetako bat geure burua Misterioari irekitzeko eta geure izatearen hondoenean dugun Jainkoaren presentziaz sentibera bihurtzeko.

Laugarren ebanjelioak gogorarazten digu, badirela beste ardi batzuk, «artegiko ez direnak», elkarte fededunetik urrun bizi direnak. Eta Jesusek dio: «Hauek ere erakarri beharra dut, nire ahotsa entzun dezaten». Jainkoa zinez bilatzen duenak sentituko du, goiz edo berandu, Jesusen erakarmen hori bere bihotz barnean. Lehenik, agian, kontu handiz; gero, fedez eta konfiantzaz; halako batean, poz sakonez.

Jose Antonio Pagola