Pazkoaldiko 3. igandea B 2018-04-15
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko hiru irakurgaiak gai bat beraren inguruan mintzo zaizkigu: gizon-emakume guztien bekatuen barkamena, Jesusen gurutzeko heriotzari esker.

Lehen irakurgaia honela bukatzen da: «Beraz, damutu eta bihotz-berri zaitezte, zuen bekatuak ezabatu daitezen». Bigarrena honela hasten da: «Ene seme-alabok, idazten dizuet, bekaturik egin ez dezazuen. Halere, norbaitek bekatu egiten badu, badugu abokatu bat Aitaren ondoan: Jesu Kristo, gizon zuzena». Eta ebanjelioak esan digu: «Jesusen izenean, konbertsioa eta bekatuen barkamena hots egingo zaie herri guztiei».

Funtsean, fedea dago jokoan. Eta zehazkiago, esango nuke, fedea hots egitea. Fedearen lekuko edo testigu izatea. Eta zenbat bekatu fedearen inguruan!

Gaur goizean [larunbata], lerro hauek prestatzen hasi aurretik, Puerto Ricoko emakume bati idatzi diot. Eta, bukatzeko, segidan homilia prestatzera noala esan diot; eta sekula pena bizi ohi dudala homilia prestatzean: neure barnean sentitzen dudana ezin adierazia behar bezala; halere, gehitu diot, badakidala nire entzuleen fedea ez dagoela nire hitzen indarrean, baizik eta Jesus gure adiskide eta anaia maitearen esku dagoela.

Eta aipatu eskutitza idatzi eta homilia prestatzen hasi aurretik, igandero bere homilia bidaltzen digun jesuita batena irakurtzea egokitu zait. Eta Migel Unamunoren fedeaz mintzo da.

Gaurko ebanjelioko hitz hauek jarri ditu lerro-buru aipatu jesuitak: «Zergatik dituzue duda-muda horiek bihotzean?» Eta segidan Unamunoren tragedia kontatu digu, fedearen inguruan; Unamunok berak kontatua nobela batean. Nobelako protagonista, Zamoran bizi den apaiz bat da; ez du sinesten betiko bizitzan; kredoa esatean, isildu egiten da «sinesten dut haragiaren piztuera eta betiko bizitza» iristen denean. Unamunoren beraren egoera islatzen du apaiz horrek. Apaiz horrekin batean, nobelan beste bi pertsona ageri dira: emakume bat, oso fededuna, apaiza animatzen duena fedean sakontzera, eta gizonezko ateo bat, apaizaren fedearen inguruko ahuldadea eta bila egiten duen borroka ikusirik, konbertitu egin da.

Unamunok, nobela horretan, bere argazkia egin digu, eta gu guztiona. Askotan sentitu ohi dugu geuk ere apaizaren zalantza hori. Hitzez eta teorian ez bada, geure jokabideetan. Zenbat bider ez diogu uko egin Jesusen lekuko izateari? Beldurrez? Lotsaz? Zer esango dutenagatik? Gauzak behar bezala esango ez ditudan beldurrez? Gorago esana dut, homilia prestatzean halako pena eta duda bat sentitu ohi dudala. Zenbat aldiz, zergatik ez isildu? ere bai.

Unamumo 1936ko abenduaren 31n hil zen. Bere hilobian epitafio hau jartzeko eskatua zuen: «Sar nazazu, Aita betikoa, zeure bularrean, sukalde misteriotsu horretan, hor egingo dut lo, zeren eta lur jota bainator hain kinka gogorra pasatu behar izatetik. Hau soilik eskatzen diot Jainkoari: izan dezala errukia ateo honen arimarentzat»

Senideok, batak besteari lagundu beharra dugu. Ahal dugun moduan. Batek dudak homilia behar bezala egingo ote duen. Beste batek dudak nire bizitzako saltsa honetan gauzak behar bezala egiteko gai izango naizen. Beste batek dudak honetaz edo besteaz. Jesusek esaten digu: «Zergatik dituzue duda-muda horiek bihotzean?»

Argitu gaitzala Jesusen Espirituak, Markosen ebanjelioarekin esan ahal izateko: «Sinetsi nahi dut! Lagundu sinesgabe honi!» (Markos 9,24).

Dionisio Amundarain