Fedearen misterioa: segurtasuna ziurtasunik gabe
Pazkoaldiko 3. igandea C (2016-04-10)

Aita Santua ez da rock kantari

Joan den igandean Frantzisko aita santuaren hitzak entzun nituen telebistaz. Asko gustatu zitzaizkidan. Baina haien aurretik, espainol hizkuntzako hamabost urteko neskatxa batzuen histeria jasan behar izan nuen (genuen): artista bat bailitzan txalotzen zuten. Gaurko ebanjelioak oso bestelako irudia eskaintzen digu Pedroz eta haren egitekoaz.

Pedro, bista gutxiko lider bat, oldartsua eta eginkorra

Laugarren ebanjelioak bi argitalpen izan zituen. Bata 20. kapituluan bukatzen zen. Geroago, ez dakigu noiz, beste kontakizun bat gehitu zioten, gaur entzungo duguna. Bukatua zen ebanjelio bati gehitu izanak, idazleak garrantzi berezia eman ziola esan nahi du.
Hasiera oso interesgarria da. Laugarren ebanjelioaren arabera, Jesusek, ikasleei astearen lehen egunean agertzean, esan zien: «Aitak ni bidali nauen bezala, hala bidaltzen zaituztet nik zuek». Baina ikasleek ez daukate oso garbi, ez norantz bidaltzen dituen, ez noiz abiatu behar duten. Galileara itzuli dira, beren arrantzale-ogibidera; nolanahi ere, interesgarria da Natanael, Kanakoa, ez dela joan bere herrira; besteekin gelditu da. Baina ez dira hamaika, baizik zazpi bakarrik. Arrantzura joatea proposatu die Pedrok, eta garbi ageri da Pedroren lidergoa: guztiek jarraitu diote, ontziratu dira… baina ez dute ezer harrapatu.
Komentariogile batzuek Lukasen eta Joanen ebanjelioetako zenbait antzekotasun bitxi azpimarratu dituzte. Gaurko honetan egongo litzateke horietako bat. Lehen lau ikasleen bokaziokoan ere gau guztia eman dute ezer harrapatuko gabe; gero, aski izan da Jesusen agindu bat arrantza ugaria lortzeko. Bestalde, Pedroren proposamenean, «Arrantzura noa» delakoan, Jesusen beste hitz hauen oihartzuna nabari da: «Giza arrantzale egingo zaituztet».
Segidan datorrenaren kontakizuna oso laburra da; ematen du, irakurlea irudimena abian jartzera gonbidatu nahi duela, falta dena osatzeko. Kontrasterik markatuena, Jesusek hartaraino maite zuen ikaslearen eta Pedroren artekoa da. Lehenak berehala antzeman dio Jesusi, baina ontzian gelditu da besteekin. Pedrok orduan, artean Jesus zela burutik pasatu ez zitzaionak, salto egin zuen urera… baina ez dakigu zer egin zuen ertzera iristean. Jesusek ere ez dio hitz egin. Guztiak etorri zain egon da, arrain batzuk ekartzeko esateko; berriro Pedro da ontzira doana, berak ekarri du sarekada ertzera. Bi protagonismo-mota ageri dira kontakizun honetan: intuizioarena eta fedearena, Jesusek maite zuen ikaslearena, eta ekintza oldartsuarena, Pedrorena.
[Arrainen kopuruak −153− teoria asko eragin du, baina ez da ezarri bat bakarrik ere.]

Fedearen misterioa: segurtasuna ziurtasunik gabe

Harridurarik handiena irakurlearentzat, eta kontakizunaren mezurik garrantzizkoenetako bat, hitz hauena da: «Ikasleetarik inor ez zen ausartzen nor zen galdetzera, ondo baitzekiten Jauna zela». Badakite, baina ez dute ziurtasunik, haren itxura osoa bestelakoa delako. Joanen eta Lukasen arteko loturetako beste bat da. Biek azpimarratu dute Jesus berpiztua antzemanezina dela lehen begiratuan: Maria Magdalenak baratzezainarekin nahastu du, hamaikek lehen unean mamu bat dela uste izan dute.
Txikitan irakatsi ziguten apologetika merkearen kontra, zeinetan Jesusen piztuera Pitagorasen teorema bezain demostragarria baitzen, ebanjelariak askoz ere sakonagoak dira eta ondraduagoak. Badakigu, baina ez gara ausartzen galdetzera.

Pedro berriro: apaltasuna eta misioa

Azken zatiak, liturgian alde batera utz daitekeenak, Pedro du erdigune. Jesus ordezkatzeko misio edo eginkizun erraldoia hartuko du, Jesusen artaldea bazkatzeko eginkizuna. Gaur egun, gotzain bat izendatu nahi denean, txosten zehatza eskatzen du Erromak izangaiaren iritzi politikoez, eta abortuaz, ezkontza homosexualaz, emakumearen apaizgoaz… dituen iritziez. Jesusek ere aztertu du Pedro. Baina, soilik, maitasunaz. Hiru aldiz ukatu du Pedrok Jesus; hiru aldiz erantzun beharko du hiru aitorpen eginez, gailurtzat guztiok geure buruari aplikatu beharko genizkiokeen hitz hauek emanez: «Jauna, zuk den-dena dakizu, zuk badakizu maite zaitudala». Saldukeriak eta guzti, ahuldadeak eta guzti.
Eta Jesusek hiru bider errepikatu dio eginkizun edo misio berria: «zaindu nire ardiak». Esaldi hau entzutean, berehala datorkigu burura Pedroren misioa, baina ez diogu erreparatzen «nire ardiak» delako horrek adierazten duen berritasunari. Herria artaldetzat hartzeko irudia, Itun Zaharreko irudi berezia da, baina artalde hori «Jainkoarena» da. Jesusek, «Nire ardiez» ari denean, bere buruari egozten dizkio ahalmen eta aginpide horiek, Aitarenaren antzeko horiek, laugarren ebanjelioak hainbat aldiz aipatzen dituen horiek.

José Luis Sicre