JESUS GABE EZIN (Jn 21,1-19)
Pazkoaldiko 3. igandea C (2016-04-10)

Jesus berpiztuak Galileako aintzira ondoan ikasleekin topo egin izana katekesi-asmoarekin deskribatu du ebanjelariak, argi eta garbi. Kontakizunak, hondoan, itsasoan egindako arrantzaren sinbolismoa du erdigune. Haren mezua ezin gaurkoagoa da kristauentzat: soilik, Jesus berpiztuaren presentziak bihur dezake eraginkor haren ikasleen lan ebanjelizatzailea.

Kontakizunak, lehenik eta behin, ikasleak gau ilunean burutzen ari diren lana deskribatzen digu. Dena Simon Pedroren ekimenaz hasi da: «Arrantzura noa». Gainerako ikasleek bat egin dute harekin: «Zurekin goaz geu ere». Berriro elkarrekin dira, baina Jesus falta da. Arrantzura doaz, baina ez dira irten Jesusen deiari jarraituz, baizik Simon Pedroren ekimenari.

Kontalariak argi utzi du ezen lan hau gauez egin dela eta fruiturik gabeko gertatu dela: «gau hartan ez zuten ezer harrapatu». «Gauak» ebanjelariaren hizkuntzan Jesusen falta adierazten du, Argia den haren falta. Jesus berpiztuaren presentziarik gabe, haren arnasarik eta hitz orientagarririk gabe, ez da ebanjelizazio emankorrik.

Egunsentia iristearekin, presente egin da Jesus. Ertzetik, bereekin komunikatu da bere Hitzaz. Ikasleek ez dakite Jesus dela. Soilik, haren gomendioari leial jarraituz, harrapatze harrigarria lortuko dutenean ezagutuko dute. Soilik, Jesusen lana izan daiteke harrapatze hura, egun batean «giza arrantzale» izatera dei egin zien Profeta harena.

Kritikoa da parrokia eta kristau-elkarte ez gutxiren zoria. Indarrak gutxituz doaz. Kristau konprometituenak biderkatzen ari dira lan-mota askori eskua ezarriz: beti berak eta beti berak lan guztietarako. Geure ahaleginak biziagotzen eta emaitza edozein modutan bilatzen jarraitu behar ote dugu, ala pausatu beharra dugu geure lanean Berpiztuaren presentzia bizia hobeto zaintzeko?

Jesusen Berri Ona zabaltzeko eta haren egitasmoan lankide eginkor izateko, garrantzizkoena ez da «mila gauza egitea», baizik burutzen dugunaren kalitate gizatarra eta ebanjeliozkoa hobeto zaintzea. Gauza erabakigarria ez da ekinaren ekin beharra, baizik kristauek isla dezakegun bizi-testigutza.

Ezin geldi gintezke «fedearen azalean». Beste ezer baino gehiago, funtsezkoa zaintzeko garaiak dira. Geure elkarteak hitzez, testuz eta idazkiz aspertzen ditugu, baina gauza erabakigarria, gure artean, Jesusi entzutea da. Bilera asko egiten dugu, baina garrantzizkoena Jaunaren Afaria ospatzeko igandero elkartzen gaituena da. Hartan bakarrik elikatzen da gure ahalmen ebanjelizatzailea.

Jose Antonio Pagola