Piztuera igandea Joan 20,1-9 (2019-04-21)
HOMILIA

Anai-arrebok!

«Kristo piztu da». «Jainkoak Jesus piztu du». Horra behin eta berriz entzungo ditugu hitzak, geure liturgian.

Joan ebanjelariarentzat, Jesusen piztuera da bera aintzatzearen une gailurra. Piztuera hori deskribatzeko, Joan ebanjelaria ez da baliatuko hitz handiz; Joanentzat, Jesusen piztuera errealitate bat da, hotsik eta zaratarik gabe bistaratzen dena: fededunak isiltasunean eta Jesusen Espirituaren presentzian jabetu dira Jesus piztu dela.

Halere, gaurko ebanjelioan ez dira protagonista, ez Jainko Aita, ez Kristo bera. Beste hiru pertsonaia hauek dira protagonista: Maria Magdalena, Pedro eta ikasle maitea.

Maria Magdalena goizean goiz joan da hilobira. Harria kenduta ikusi du. Eta pentsatu du ostu egiten dutela Jesusen gorpua. Ez zaio burutik pasatu ere Jesus piztu dela. Eta korrika joan da Pedro eta beste ikasleengana, albistea ematera.

Pedro berehala irten da hilobirantz. Hilobian sartu da. Egiaztatu du ez dela lapurreta-konturik. Izan ere, lapurreta izan balitz, ez ziren arituko gorpuari tapakiak kentzen. Askoz gutxiago burua biltzeko zapia tolestatzen. Baina Pedrori ere ez zaio burutik pasatu Jesus piztu dela.

Ikasle maitea ere Pedrorekin batean irten da hilobirantz. Pedro baino lehen iritsi da. Baina ez da sartu, Pedro iritsi arte. Orduan sartu da bera ere. Pedrok ikusi duen gauza bera ikusi du. Eta ikusi eta sinetsi egin du.

Zergatik sinetsi du ikasle maiteak, eta Pedrok ez? Zaila da ulertzeko eta esateko. Baina bada pista bat ebanjelioan berean.

Ikasle maiteak kristau-elkarte berezi bat fundatu zuen. Joan ebanjelariak garbi uzten du fundatzaile honek intuizio erlijioso handi bat izan zuela, Pedrorena baino zorrotzagoa. Ikasle maiteak aski izan du hilobian sartu eta ikustea; besterik gabe sinetsi du. Gauza bera gertatuko da geroago, Galileako laku edo aintziraren ertzean Jesus agertu zaienean: Pedro ez da jabetu, baina ikasle maiteak berehala antzeman dio Jesusi, eta esan du: «Jauna da».

Esan daiteke, beraz, ikasle maiteak maitasun-lotura berezia izan duela Jesusekin, eta maitasun horrek bihotzeko begiak zorroztu dizkiola ikusteko.

Eta zergatik itxaron du ikasle maiteak Pedro etorri arte, hilobian sartzeko? Jesusekin maitasun-lotura berezia izateak intuizio zorrotzagoa eman badio ere, badaki Pedro dela buru apostoluen elkartean. Zain egote hori ez da izan, beraz, errespetu-seinale hutsa. Pedroren lehentasuna aitortu nahi izan du.

Badira, beste puntu batzuk kontuan hartu beharrekoak gaurko ebanjelio honetan.

Esaten du, Maria Magdalena astearen lehen egunean irten zela hilobirantz. Kristauontzat, aste berriaren lehen eguna da, aro berri baten hasiera, piztueraren oroitzapen-eguna; lehen kristauek «Jaunaren Eguna» deitu ohi zuten (dies Domini, dominica).

Jesusi Jauna esatean, Jesusen jainkotasuna aitortzen dugu. Jainkoari ematen zaio Biblian «Jaun» izena.

Oihal-zerrendak aipatzen dira. Segur aski, gorputza estaltzeko-edo maindirea adierazten dute oihal horiek; hauek lurrean daude. Baina bazen burua biltzeko zapi bat ere; hau ez zegoen lurrean, baizik toki berezi batean ondo jasoa. Segur aski, esan nahi da, burua biltzean hartutako forma biribila zuela artean.

Bukatzeko, zer esan nahi dugu Jesus piztu dela aitortzean? Pentsa genezake, Maria Magdalenak hasiera batean bezala, Jesusen gorpua lapurtu egin dutela. Esan genezake, Pedrok hasiera batean bezala, ez dakigula zer pentsatu. Edota, ikasle maiteak bezala, egin genezake jauzi handi bat: fedearen jauzia: bai Jesus piztu da.

Jesu Kristo gure Jaunaren Aitak, aintzaren Aitak, eman diezagula jakinduriaren eta errebelazioaren espiritua, Jesus berpiztua bikain ezagutzeko; eta argitu ditzala gure bihotzeko begiak, Kristok azaldu eta eskaini digun esperantza ezagutu, bizi eta mundu osoan hots egiteko.

Dionisio Amundarain