«Zorionekoak sinesten dutenak ikusten dutena ikusi arren» (Joan 20,19-31)

Pazkoaldiko 2. igandea C 2019-04-28

Jesus berpiztuaren agerpen guztiak dira berezi-berezi. Agerpen bat bera kontatzen dutenean ere, desberdin kontatzen dute ebanjelariek: Markosengan hiru dira hilobira joan diren emakumeak (Mª Magdalena, Maria Kleofasena eta Salome); Lukasengan ere hiru, baina desberdinak (Mª Magdalena, Joana eta Maria Santiagorena); Mateogan, berriz, bi dira (bi Mariak); Joanengan, azkenik, bakarra (Mª Magdalena, gero pluralean ari bada ere: ez dakigu non ezarri duten). Markosengan mutiko bat ikusi dute, zuriz jantzia, hilobi barruan eseria; Mateogan aingeru bat ikusi dute, itxura dirdiratsukoa, hilobi ondoan; Lukasengan, unetxo baten ondoren, bi gizon agertu zaizkie, jantzi distiratsuz. Markosengan eta Lukasengan ez bezala, Mateogan Jesus ere agertu zaie. Beste alde asko seinalatzen ahal genuke gainerako kontaeretan. Ebanjelariek halakoak azpimarratu nahi balituzte bezala, azalekoekin, anekdotikoekin geldi ez gaitezen. Kontaerarik interesgarrienetakoa eta besteetarik desberdinagoa Pazkoaldiko 2. igande honetakoa da (Joan 20,19-31).

Joanen kontaeraren berezitasunak

1.-Ikasleen beldurra. Kasu bakarra da, gauza hain logiko hau nabarmentzen, eta atea itxirik edukitzearen xehetasun ikusgarria dakarkigu. Erail berria dute Jesus, biraolari eta Erromaren kontrako matxinotzat joz gaitzetsi dute. Haren aldekoen zori bera jasateko arriskua bizi dute. Gainera, kasik guztiak galilearrak dira, gaizki ikusiak Jerusalemen. Kalera irteten badira, ez dute izango gauza erraza defendatzailerik aurkitzea.

2.-Jesusen agurra: «bakea zuei». Aipatu dugun juduekiko beldurraren ondoren, agurrik logikoena, Biblian sakon errotua, beste hau izango zen; «ez beldur izan». Halaz guztiz, hiru bider errepikatu du Jesusek «bakea zuekin». Azti ustekoren batek bota lezake: «Normala; juduek shalom aleken erabiltzen dute agurtzeko, arabiarrek salam aleikun bezala». Baina arazoa ez da tipo horrek uste bezain begi-bistakoa. «Bakea zuei» agur hau, hemen eta Lukasengan (24,36) ikasleei egin dien agerpenean bakarrik ageri da. Gehienetan Jesusek ez die agurrik esaten: ez hamaikei, Galilean agertu zaienean (Mk eta Mt), ez Emausera doazen biei (Lk 24), ez aintziran agertu zaien zazpiei (Jn 21). Eta emakumeei Mateogan beste agur bat egin die: «poztu zaitezte». Zer dela-eta errepikatu du gaurko pasarte honetan «bakea zuei» hiru bider? Jesusek Azken Afarikoan jaulkitako hitzak datoz gogora: «Bakea uzten dizuet, neure batean ematen, eta ez munduak ematen duena bezalakoa. Ez zaitezte larritu, eta koldartu» (Jn 14,27). Ikasleentzat hain latz diren une hauetan, Jesusek opa eta komunikatzen dien bakea, berak bere bizitza guztian eta, bereziki, bere nekaldikoan bizi izan zuena da.

3.-Eskuak, saihetsa, frogak eta fedea. Agerpenen kontaerek Jesus berpiztuaren errealitate fisikoa egiaztatu nahi dute, eta horretarako baliabide oso desberdinez baliatu dira. Emakumeek oinak besarkatu dizkiote (Mt); Mª Magdalena bera besarkatzen saiatu da (Jn); Emauskoek bidelagun izan dute, solaskide eta ogia zatitzen ikusi dute; Lukasen arabera, ikasleei agertu zaienean, eskuak eta oinak azaldu dizkie, bera ukitzeko aukera eskaini die mamu bat ez dela argi uzteko, eta haien aurrean jan du arrain-puska bat. Ildo berean, gaurko honetan eskuak eta saihetsa azaldu ditu, eta Tomasi diotso sar ditzala hatza eta eskua beraietan. Goreneko argudioa da piztueraren errealitate fisikoa frogatzeko. Gauza bitxia, ordea, Joanen ebanjelioan dator hori guztia, fedea oinarritzeko froga fisikoen eta mirarien etsairik handiena den ebanjelioan. Joan ebanjelio sinoptikoen mailan jarri izan balitz bezala da, azkenean hau botatzeko: «Zorionekoak ikusi gabe sinetsiko dutenak».

4.- Ikasleen poza. Jakingarria da Lukasek dioenarekin Joanenari nabari zaion kontrastea. Lukasenean, Jesus agertu zaienean, ikasleak «beldurtu egin ziren eta, izuturik, mamu bat zela pentsatu zuten»; geroago, pozak harridura izan zuen lagun. Erreakzio oso logikoak dira. Aitzitik, Joan pozaz bakarrik mintzo da. Horrela bete da Jesusek Azken Afarikoan egindako promesa: «Orain triste zaudete zuek; baina bisitatuko zaituztet berriro eta poztuko zarete eta ez dizue inork kenduko» (Jn 16,22). Beste sentimendu guztiak ez dira ezer.

5.- Misioa. Formula desberdinez bada ere, ebanjelio guztiak mintzo dira Jesus berpiztuak ikasleei gomendatu dien misioaz. Kasu honetan konnotazio edo ñabardura berezi bat du misioak: «Aitak ni bidali bezala, hala zaituztet nik zuek bidaltzen». Arazoa ez da eginkizunari segida emate hutsa. Segida eman beharrekoa kate bat da, eta Aita da kate-burua.

6.-Espiritu Santuaren dohaina eta barkazioa. Markosek eta Mateok ez dute aipatzen ere dohain hau, eta Lukasek Mendekoste egunerako gorde du. Laugarren ebanjelioak, Joanek, une honetan kokatu du, bekatuak barkatzeko edo atxikitzeko ahamenarekin kateaturik. Nola interpretatu behar dugu ahalmen hau? Ez du ematen, sakramentu-aitorpenaz ari denik, geroagokoa baita jarduera hau. Gainerako beste ebanjelioetan, ikasleen misioa bataioarekin estu erlazionaturik ageri da. Joanen ebanjelioan, ematen du, bekatuak barkatu edo atxikitze horrek bataiorako onartzea edo ez onartzea esan nahi duela, eskatzen duenaren prestaketaren eta jarreraren arabera.

«Zorionekoak sinesten dutenak ikusten dutena ikusi arren»

Ebanjelio honetan garrantzizko aldaketa bat nabari da hartzaileei dagokienez. Lehen zatian, Jesus hamaikei ari zaie: haiek agurtu ditu bakea emanez, haiek bidali ditu misiolari. Bigarrenean, Tomasi mintzo zaio, sinesgogor ez izateko eskatuz. Hirugarren zatian, gu guztioi ari zaigu: «Zorionekoa ikusi gabe sinetsiko dutenak».

Gehitzen ahal genuke: «Zorionekoak sinesten dutenak ikusten dutena ikusi arren». Aski da gogora ekartzea geure mundu honetan sarritan gertatzen diren zoritxarrak, Elizan egiten diren oker handiak, beronen baitan boterea lortzeko gutxi-asko ezkutuan egiten diren borrokak, ebanjelioaren aurkako beste mila xehetasun. Jende askorentzat, aski arrazoi dira hauek guztiak Eliza uzteko, fedeari berari uko egiteko. Komeni zaigu Jesusi entzutea, esaten baitigu: «Zorionekoak sinesten dutenak ikusten dutena ikusi arren».

Lehen irakurgaia arretaz irakurri behar da (Eginak 5,12-16)

Ebanjelioak zorioneko eman ditu ikusi gabe sinetsiko dutenak. Lehen irakurgai hau, berriz, mirariak ikustearen eta haietatik onura ateratzearen zoriontasunaz mintzo da. Esanez hasi da: «apostoluek seinaleak eta mirariak egiten zituzten herriaren aurrean». Eta Pedroren zerekin nagusia azpimarratuz bukatu da; jendearen ustean, aski da haren itzal hutsa norbait sendatzeko. Horregatik dakarzkiote gaixoak, Jerusalem ingurutik beretik ere.

Lehen begiratu arin batean, ematen du, mirari hauek direla kristau-elkartea hedatzeko lagungarri («haziz zihoan Jaunari atxikitzen zitzaienen kopurua»). Alabaina, Lukasek dioena ñabarragoa eta zorrotzagoa da.

Apostoluez gain, zeregin nagusia du horretan elkarteak («fededunak elkarrekin biltzen ziren Salomonen aterpean»). Eta horri zaizkio atxikitzen fededun berriak.

Apostoluen eta Pedroren mirariek Jesusen lana jarraitzen dute, «on eginez bizi baitzen» Jesus. Gaixo horiek onura lortzen dute baina ez dira elkartean sartzen. Honen partaide egiten direnak, elkartearen biziera ikusten dutenak dira.

José Luis Sicre