BEGIAK IREKIRIK (Mateo 24,37-44)
Abendualdiko 1. igandea A (2016-11-27)

Lehen kristau-elkarteek urte oso zailak bizi zituzten. Erromako inperio handian galdurik, gatazka eta pertsekuzio artean, kristau haiek indarra eta arnasa bilatu ohi zuten, Jesus berehala etorriko zain eta haren hitz hauek gogoan: «Egon erne. Bizi esna. Eduki begiak irekirik. Egon adi».

Esna bizitzeko Jesusen hitz hauek esaten al digute guri zerbait? Zer esan nahi du gaurko kristauentzat geure esperantza Jainkoagan ipintzeak begiak irekirik? Erabat eta behin betiko galtzen utzi behar ote dugu Jainkoak azkenean zuzenbidea egingo dien esperantza, geure mundu sekular honetan, inolako errurik gabe sufritzen ari diren biktima errugabe horien gehiengo handiari?

Hain juxtu, kristau-esperantza faltsutzeko erarik errazena horixe da: Jainkoagandik geuretzat betiko salbazioa itxarotea, bizkarra emanik orain berean munduan ageri den sufrimenari. Egun batean aitortu beharra izango dugu geure itsutasuna Kristo Epailearen aurrean: noiz ikusi zintugun goseak edo egarri, arrotz edo biluzik, gaixo edo preso, eta guk laguntzarik eman ez? Hau izango dugu geure azken solasa harekin, orain begiak itxirik bizi bagara.

Esnatu beharra dugu eta begiak ondo ireki beharra. Erne bizi beharra, geure probetxu kaxkarra eta kezkak baino harago ikusi ahal izateko. Kristauaren esperantza ez da jarrera itsu bat, ez da ahazten sufritzen ari direnez. Kristau-espiritualitatea ez datza nork bere barnera bakarrik begiratzean, kristauak adi du bihotza beren zorira utziak direnei begira.

Kristau-elkarteetan gero eta gehiago zaindu behar dugu, geure bizitzeko erak pobreez axolagabe bizitzera eta ahaztera eraman ez gaitzan. Ezin hesitu gara erlijioaren baitan, egunero goseak hiltzen ari direnen deiadarra ez entzuteko. Ez dugu zilegi geure errugabetasun-ilusioa elikatzea, geure lasaitasuna babestu eta zuritzeko.

Jainkoarekiko esperantza, lur honetan ezer espero gabe bizi direnez ahazten den hura, ez ote genuke hartu behar baikortasun faltsuko ikuspegi erlijiosotzat, kosta ala kosta bizitakotzat, baina inolako argitasunik eta erantzukizunik gabe? Norberaren betiko salbazioa sufritzen ari direnei atzea emanik bilatzea, ez ote litzateke salatu behar «haragoko hartara luzatutako egoismo» sotiltzat?

Segur aski, munduan bizi den egundoko sufrimenduaz nabari den sentiera koxkorra da gaur egungo kristautasuna zaharkiturik ikustearen zantzurik larrienetako bat. Frantzisko aita santua «Eliza pobreago eta pobreena» aldarrikatzen ari denean, bere mezurik garrantzizkoena eta interpelagarriena ari zaigu hots egiten ongizatearen lurraldeetako kristauei.

Jose Antonio Pagola