Abendualdiko 1. igandea A (2016-11-27)
2013ko abenduaren 1a

Abendualdiko lau igandeetako testu biblikoak ez dira, juxtu esateko, Eguberrietarako prestaketa, baizik eta sarrera bat dira urte liturgiko berri osorako. Horregatik aro oso desberdinak hartzen dituzte: 1) etorri aurretik Mesiasen zain egon zena; 2) Mesiasen jaiotza; 3) beraren jendaurreko bizitzaldia eta eragin zituen erreakzioak; 4) beraren itzulera aldien azkenean.

Igandero nahasten dira lau aro hauek, eta zail gertatzen da irakurketa desberdinak erlazionatzea. Osagai komun bat nahi izanez gero, esperantzarena izango litzateke hori: zeren zain bizi behar dugu?, nola egon behar dugu zain?

1.- Zeren zain bizi? Bake unibertsalaren utopia

Lehen irakurgaia (Isaias 2,1-5) esperientzia unibertsalenetako batez ari da: gerlaz. Israelek estatu bezala hasieratik beretik egin behar izan zien aurre: bai herri txikiei, bai gerla zibilei, bai inperio handiei. Baina gerla hauen biktima ziren, israeldarrak ez ezik, Ekialde Hurbileko lurralde guztiak ere, gaur egun munduko herrialde asko diren bezalaxe.

Gertakari hau eszeptizismoz hartzen ahal genuke: gizakiak ez du erremediorik, esanez. Handinahia, gorrotoa, indarkeria beti ateratzen dira menderatzaile, beti sortzen dituzte azkenik gabeko gatazkak eta gerlak. Alabaina, Isaiasen irakurgaiak beste ikuspegi bat, oso desberdina, proposatu digu. Herri guztiek –asiriar, egiptoar, babiloniar, mediar, pertsiar, greziar− gerla egiteaz eta elkar hiltzeaz ok eginik, Jerusalem hirirantz jo dute, israeldarren Jainkoagan epaile zuzen bat ikusi dute, beren iskanbilak ebatziko dituena eta behin betiko bakea ezarriko duena.

Isaiasen testuak logikoki elkartzen ditu gerla ezkutatzea eta armak desegitea. Testuinguru honetan, gaur egun sarritan hitz egiten da arma atomikoez, urpeko nuklearrez, azken sorraldiko dronez. Datu oso desberdinak ekarri nahi nituzke gogora, arma askoz ere xumeagoez.

Kalkulatzen dugu, munduan badela armategi bat, 639.000.000 su-arma dituena; horietako erdia zibilen eskuetan; gainerakoa polizia- eta segurtasun-gorputzen eskura; esan nahi da, hamar pertsonako arma bat dagoela munduan.

Munduko Bigarren Gerratea bukatu zenetik (1945), 30 milioi pertsona inguruk galdu du bizia planetan gauzatu diren arma-gatazka desberdinetan; horietarik 20 milioik arma arinen eraginez. Arma hauek dira, eta ez itsasontzi tzarrak edo gudu-hegazkin sofistikatuak, bostetik lau biktimen erantzule material, %90 kasutan zibilak izan direlarik (emakume eta haur bereziki).

Lehen irakurgai honek espero izatera eta ahalegintzera eragiten digu, egun batean egia bihur dadin profetak iragarria: Ezpatak golde bihurtuko dituzte eta lantzak igitai. Ez da naziorik nazioren aurka altxatuko, ez dira gehiago gudurako prestatuko.

2.- Nola egon behar dugu zain? Erne, Jesus noiz etorriko (Mateo 24,37-44)

Liturgiak egundoko jauzia egin du: Isaiasek adierazitako antzinako esperantzatik, Jesusen bigarren etorrera igaro da, behin betikora. Abendualdiaren testuinguru honetan, irakurgai honek ohikoa ez bezalako zerbaitetara gidatu nahi du gure arreta. Abenduaren 24 aurreko egunak Kristoren lehen etorrera, jaiotzetan sinbolizatua, hausnartzeari eman ohi dizkiogu. Oroitzapen erromantiko huts batean gelditzeko arriskua du horrek. Elizak, batetik, etorkizunari errepara diezaiogun nahi du, baita oso urruneko etorkizunari ere: Jesus behin betiko itzuliko den uneari; bestetik, nola adi egoteari.

Zain egoteko jarrera, bi konparazioz adierazi du ebanjelioak. Lehena Itun Zaharrean oinarritua, eta bestea eguneroko esperientzian.

Lehenak uholdekoan gertatu zenari egin dio erreferentzia. Uholdearen aurretik jendeak biziera arrunta ari zuen, axolagabe. Imajinaezina iruditzen zitzaion hondamendia. Gauza bera gertatuko da Gizonaren Semea etorriko denean. Beraz, bizi erne, ez dakizue-eta noiz etorriko den zuen Jauna.

Bigarren konparazioa eguneroko bizitzatik hartua da: lapurren aurka bere etxea babestu nahi duen etxejabearena da. Lehengo hori bera da mezua: bizi erne.

Konparazio hauei dagokienez, bi ohar:
1) Biek azpimarratu dute Gizonaren Semearen etorrera ezustekoa izango dela eta ezin aurreikusia; ez da izango apokaliptikak hain gustukoak zituen aldez aurreko seinale horietarik (eguzkia eta ilargia iluntzea, lurrikarak, gerlak, berezko hondamendiak).
2) Konparazio biek zain egotea gomendatzen dute, prest egotea, baina ez dute esaten zertan datzan zain eta prest egote hori; gaiaz ardura sortzera mugatu dira. Zehaztapen-falta honek desengaina zaitzake agian. Baina autoaz bidaiari batek ekitean, esaten dizuten gauza bera da: «kontuz ibili». Zorakeria izango litzateke gidariari esatea: «Kontuz atzetik datozkizun autoekin», edota «kontuz motorzaleekin». Kristauak, auto-gidariak bezala, gauza guztiekin ibili behar du kontuz.

3.-Nola egon behar dugu zain? Jesusez mozorrotu (Erromatarrei 13,11-14)

Lehen kristau-elkarteen esperientzia tipiko honetatik abiatu da Paulo: berehala izango da Jesusen etorrera, «gure salbazioa hurbilago dago», «eguna gainean dugu». Kristauak, argiaren seme edo alaba denez, uko egin behar die gehiegizko jan-edanei, hordikeriari, lizunkeriari, neurrigabekeriari, haserreari, norgehiagokeriari. Portaera morala da, maila oso desberdinetan (janaria, sexualitatea, besteekin harremanak), kristauaren ezaugarri izan behar duena, Jesusen behin betiko etorrerarako prestatzeko modua izango dena. Zerrenda labur hori edozein filosofo estoikok sinatzen ahal zuen. Baina ñabardura berezi bat gehitu du Paulok: «Jantzi zaitezte Jesu Kristo Jaunaz». Hau ez da estoikoena, bereziki kristauena da: Jesus da imitatzeko eredua; halako moduan, non jendeak gu ikusiko gaituenean, Jesus bera ikustea bezala izan dezan. Uste dut Paulok ez lukeela eragozpenik izango beraren hitzak honela euskaratuko bagenitu: «Mozorrotu zaitezte Jesu Kristo Jaunaz». Joka ezazue, jendeak harekin nahasi zaitzaten moduan. Egitarau ona Abendualdia hasteko.

José Luis Sicre