Garizumako 4. igandea C 2016-03-06
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko ebanjelio-pasartea ikusgarrienetakoa dugu: aita on-onaren parabola.
Parabola honi izen asko eman izan zaizkio: seme hondatzailearen parabola edota bi semeen parabola edota aita on-onaren parabola.

Benetako izena zein den erabakitzeko, pasartearen testuingurua hartu beharko genuke kontuan. Lukasen ebanjelioaren 15. kapituluan dator.
Kapitulu horretan, Lukasek hiru parabola dakartza. Hirurak Jainkoaren poza eta errukia adierazten dituzte.
Artzain batek ardi bat galdu du; ez du bakerik izan aurkitu arte; aurkitutakoan pozez gainezka ageri da. Jakina, ardia, Jainkoagandik alde egin duen gizakia da; artzaina, berriz, erruki hutsa den Jainkoa.
Emakume batek txanpon baliotsu bat galdu du. Etxea hankaz gora jarri du haren bila. Aurkitakoan pozez ageri da. Emakumea, Jainkoagandik alde egin duen gizakia da; artzaina, berriz, erruki hutsa den Jainkoa.
Hirugarren parabola, gaurko hau. Hiru protagonista ageri dira: seme gazteena, seme zaharrena, aita ona.

Behar bada, laugarren protagonista diren beste batzuk aipatu beharko genituzke. Honela hasi da gaurko parabola: «… fariseuak eta lege-maisuak marmarrean ari ziren esanez: “Honek harrera ona egiten die bekatariei, baita beraiekin jan ere”».

Horiek horrela, ez du ematen parabolaren izena ohikoa den hori den: seme hondatzailearen parabola.
Egokiagoa izango litzateke, bi anaien parabola izena. Tradizio handia du bitasun honek Biblia osoan, bi pertsonen arteko aldea edo desberdintasuna adierazteko. Adibidez: Abel eta Kain: honek ezin jasan du Abelek Jainkoaren faborea lortu izana; Ismael e Isaak, Abrahamen bi semeak: Isaak faboratuagoa; Isaaken bi semeak: Esau eta Jakob; Jakob faboratuagoa; beste bitasun bat: Jakoben 11 semeak eta Jose ere Jakoben semea; hau faboratuagoa; Itun Berrian, Mateogan: seme batek «bai» esan aitari eta «ez» egin; beste semeak «ez» esan aitari eta «bai» egin. Gaurko honetan, bekatariak alde batetik: faboratuak; fariseuak bestetik: gaitzetsiak.

HONDO-HONDOAN, Jainkoari BAI esateko DEIA da parabola guztia.

Baina gatozen parabolara xehekiago.
Seme gazteena etxetik urruntzeak, aitaren mundu barnekoitik urruntzea esan nahi du; Jainkoaren mundutik urruntzea. Etxera itzuli izanak POZA dakar. Adamen semea edo Adam bera da gazte hori. Eta gu guztiok ere Adam gara. Jainkoa bidera atera zaigu, besarkatzera, musuka jan beharrean.
Seme zaharrenaren jarrera beste bat da. «Ona» da, ez du etxea utzi, aitaren ondoan bizi izan da. Baina ondoan egonik ere, ez du ezagutu aita. Fariseuen eta lege-maisuen kasua da. Legea maite dutela esan, baina legearen muina, legearen egilea ez dute ezagutu.
Funtsezkoena, aita da. Ezin ulertua. Jainkoaren irudi da. Jainkoa Jainko da, eta haren jokabidea ez da gurea bezalakoa. Lukasek, parabola hau idaztean, gogoan izan du, noski, Oseas profetaren hura (11,1-9): «Zer tratu emango dizut, Efraim? Agian, bazter utziko ote zaitut, Israel? Bihotza nahas-nahas egiten zait. Efraim ez dut suntsitu berriz; izan ere, Jainko naiz ni, eta ez gizaki».

ETA JESUS? Non gelditzen da Jesus parabola honetan? Aitaren onberatasun, ontasun, erruki hau agerturik, fariseuei eta lege-maisuei erantzun nahi izan die: «fariseuak eta lege-maisuak marmarrean ari ziren esanez: “Honek harrera ona egiten die bekatariei, baita beraiekin jan ere”» Zeruko Aitaren jarrera agerturik, bere buru zuriturik dakusa Jesusek: Aita zer den agertzera etorria da. Parabola honekin Aitaren profeta bihurtu da.

Senideok, mezu hau entzunik; batez ere, Jesus ezaguturik, lehenengo irakurgaian entzun duguna inoiz baino gogotsuago ospatu beharko genuke. Hitzemandako lurrera iritsi zirenean, israeldarrek pazkoa ospatu zuten, Egiptotik askatu izana ospatu zuten. Guk, Eukaristian, Kristoren pazkoa ospatzen dugu: bere heriotzaz eta bere piztueraz guztiok salbatu gaitu. Eskerrak zuri, Aita; eskerrak zuri, Semea; eskerrak zuri, Espiritu Santua. Andre Maria, lagundu gaitzazu zurekin bat egiten poz beteko zure esker onean.

DIONISIO AMUNDARAIN