EZ IKUSIA EGIN DIOTEN IRAULTZA
Garizumako 5. igandea C 2016-03-13

Adulterioan harrapatu duten emakume bat dakarkiote Jesusi. Guztiek ezagutzen dute halakoaren zoria: legeak arautua duenez, harrikatua izanen da, hiltzeraino. Inork ez du kontuan hartu gizon adulteriogilea. Beti bezala, gizarte matxista da, emakumea galdu eta gizonezkoa desenkusatu. Aurrez aurre egin diote Jesusi desafioa: «Moisesen legeak emakume adulteriogilea harrikatzeko agindu digu. Eta zuk zer diozu?»

Jesusek ezin jasan du gizarte-hipokresia hori, gizonezkoen agintekeriak elikatua. Hiltzeko agindu hori ez dator Jainkoagandik. Xume eta miresgarriki ausart, aldi berean eta batean bildu ditu Jesusek adulteriogilearen kontrako auzi horretan egia, zuzentasuna eta errukia: «zuetan bekaturik ez duenak bota diezaiola lehen harria».

Eta salatzaileak han doaz lotsaturik. Badakite ezen berak direla gizarte hartan egiten diren adulterioen erantzule handienak. Orduan hila izatetik libratu den emakumeari mintzatu zaio Jesus, eta samurkiro eta errespetu handiz diotso: «Nik ere ez zaitut gaitzesten». Ondoren, barkazio hori biziera berri baten abiapuntu bihur dezan erregutu dio: «Zoaz, eta ez gehiago bekaturik egin».

Horra zer den Jesus. Azkenean izan da lurrean ez inongo legek, ez botere zapaltzailek makurrarazi ez duen norbait. Norbait askea eta bihotz-handia, sekula inor gorrotatu eta gaitzetsi ez duena, gaitzik gaitzaren truke itzuli ez duena. Adulteriogile honi eskaini dion defentsan eta barkazioan gure eskabide zorrotzetan eta sumindurazko gaitzespenetan baino egia eta zuzenbide handiagoak nabari dira.

Kristauak ez gara oraino gai izan emakumearen zapalkuntzaren aurrean Jesusek izan duen jarduera askatzailearen ondorioak ateratzeko. Gehiengo nagusian gizonezkoek gidatu eta arnasturiko Elizan, ez gara iritsi jabetzera emakumea bizitzako eremu guztietan jasaten ari den zuzengabekeriaz.. Teologo bat, duela urte batzuk, kristauek «ez ikusia egin dioten iraultzaz» mintzo zen.

Nolanahi, hau da egia: hogei mende ondoren, ustez kristau-erroak dituzten lurraldeetan, gizarte baten bizi garela, zeinetan emakumea sarritan ezin baita mugitu libreki gizonezkoari beldur izan gabe. Bortxakeria, tratu txarra eta umilazioa ez dira irudipen huts. Aitzitik, indarkeriarik errotuenetarik dira eta sufrimendurik gehien eragiten dutenetarik.

Ez ote luke emakumearen sufrimenduak oihartzun biziagoa eta zehatzagoa izan behar gure ospakizunetan?, ez ote luke izan behar leku inportanteago bat gizartea kontzientziatzeko gure lanean? Baina, batez ere, ez ote genuke bizi behar emakume zapaldu ororengandik hurbilago, abusuak salatzeko, defentsa burutsua eta babes eraginkorra eskaintzeko?

Jose Antonio Pagola.