Garizumako 1. igandea C 2016-02-14
HOMILIA

Anai-arrebok!

Garizumako lehen igandean, ebanjelioa urtero Jesusen tentazioez ari ohi zaigu. Ematen duena baino sakonagoa da tentazio hauen esanahia.

Jesusek bere bizitzan zein bide hartuko duen adierazten digute. Munduko joera guztien kontra, Jainkoaren asmoari lotuko zaio Jesus erabat.

Markos ebanjelariak oso labur kontatzen digu tentazioen pasadizoa: Espirituak eraginda, basamortura joan da; 40 egin ditu han; Satanasek frogatu egin nahi izan du. Satanasi gaizki atera zaio jokoa.

Mateok eta Lukasek detaile gehiago eman dituzte. Ezagunak ditugun hiru tentazioak xeheki agertu dizkigute.

Hona lehen tentazioa. 40 egunen ondoren, gosea sentitu du Jesusek. Eta Satanasen hitza: esazu, harriak ogi bihur daitezela. Horra. Norberaren ahalmena norberaren probetxurako erabiltzeko joera. Israel herriak askotan jasan zuen tentazio hau, eta askotan atera zen Jainkoaren kontra. Basamortuan goseak zenean, Jainkoari miraria eskatu ohi zion. Geure buruari galdetu beharko genioke: ez al diogu eskatzen Jainkoari harriak ogi bihurtzeko? Jainkoaz dudan ikusmoldea dago jokoan. Biblian esana da hau: «Jainko Jaunak gizakia hartu eta Edengo baratzean ezarri zuen, landu eta zaindu zezan» (Has 2,15). Landu eta zaindu, gizakiak egin behar du. Tentazio honetan Jesusek ematen digun irakaspena argi dago: ez baliatu Jainkoaz zeure probetxurako. Eta hor dago beste hau ere: izan konfiantza Jainkoagan, baina ez ahaztu zeure egitekoaz.

Hona bigarren tentazioa. Botere guztia izan nahia. Hau dena emango dizut, esan dio Satanasek Jesusi. Baina Jesusek beste ikuspegi bat du. Satanasek berea balu bezala eskaini duen erreinu ez da Satanasena. Jainkoa da gauza guztien kreatzailea. Eta Jesusek Jainkoa nahi du adoratu. Kontuan hartzekoa da tentazio hau. Dena nork bere eskura izan nahiak, Jainkoaz ahaztera eraman gaitzake. Jainkoa ez balitz bezala bizitzeko joera dugu. Ahaztekoa, Jainkoak guztia guztientzat egin duela. NEURE GAUZEKIN NIK NAHI DUDANA EGITEN DUT. Nahi dudana: gauzak hondatu ere bai, suntsitu ere bai. Bitartean, jende asko goseak hiltzen. Ahaztu egiten gara, Jainkoa dela kreatzailea. Ez garela ezeren jabe eta nagusi.

Hona hirugarren tentazioa. Bota zeure burua Tenpluaren hegaletik behera, esan dio Satanasek; aingeruek hartuko zaituzte eskuetan; horrela, jendeak sinetsiko du zugan. Horra tentazioa. Jainkoari mirari bat eskatu, jendea zeureganatzeko. Jesusek kontra egin dio: «Ez tentatu zeure Jainko Jauna» (Dt 6,16).

Azken batean, seinale bat eta mirari bat eskatzeak Jainkoaren arduraz duda-mudak dituzula adierazten du. Jainkoa zutaz eta munduaz ahazturik ote dagoen duda. Gure garai honetan Jainkoa lo ote dagoen duda.

Tentazio hauek sustrai sakonak dituzte Biblia osoan. Zergatik jan zuten Adamek eta Evak debekatutako arbolatik. Sugeak esan zion Evari: «Ondo daki Jainkoak arbola hartatik jango duzuenean, begiak ireki zaizkizuela, eta bera bezalako bihurtuko zaretela, dena ezagutzeko ahalmena lortuz» (Has 3,5).

Horra tentazio guztien hondo-hondoan dagoena: Jainkoa bezala izan. Jainkoa zokoratu. Jainko baztertu. Eta badakigu: Jainkoa baztertzeak, lagun hurkoa baztertzea esan nahi du.

Garizumak galdera hau egitera bultzatzen gaitu: zeren bila zabiltza?, noren bila? Eta erantzun gisa, Jesusen eta gure Pazkoa jartzen digu helmuga. Jainko Jaunak Salbamen Historia guztian egin dituen mirariak, mirarietan mirariena den Jesusen Piztueraren irudi dira. Egiptotik Israel herria atera zuen Moises hura, gurutzean askatasuna lortu digun Jesusen irudi da. Bere semea hil ordez, Jainkoari arkume bat eskaini zion Abraham hura, munduaren salbaziorako bere burua eskaini duen Jesusen irudi da. Testamentu Zaharrean Jainkoak Israel herriarekin egin zituen adiskidetasun-itunak, Jainkoak bere adiskidetasuna agertu eta bete-betera eramateko bere Semea bidali izanaren irudi dira.

Jainkoaren Hitza entzun, irakurri, batak besteari adierazi eta beteaz iritsi gaitezela geure helmuga den Pazkoaz poztera.

DIONISIO AMUNDARAIN