GARIZUMAKO 1. IGANDEA C 2016-02-14

SARRERA

Senideok, joan den asteazkenean Garizuma hasi genuen. Garizuman gure ideia nagusia ez da izango penitentzia edo sakrifizioak egitea. Ideia nagusia Pazkoak izan behar du, Piztuerak. Hura da gure jomuga. Garizuma, harako bide egitea da, erromes izatea.
Gaur Garizumako lehen igandea ospatzen dugu. Gogoan izan dezagun Garizuma prestaketa dela, Pazkorako prestaketa. Hau da, Jesusen eta gure Piztuerarako prestaketa. Garizumaren helburua, beraz, Pazkoa da. Piztuera da. Bizia da.
Bizi horren seinale berezia da Bataioa. Bataioan Jainkoaren seme edo alaba egin gaitu Espiritu Santuak. Hain juxtu, garai batean, Bataiorako prestaketa luze samar egiten zenean, Garizumako lehen igande honetan eman behar izaten zuten izena Pazko Gauean bataiatu nahi zutenek. Gure artean, ohitura bikain hori galdua da, baina denok izan beharko genuke gogoan egun batean hartu genuen bataioa; Pazko Gauean berrituko duguna.
Garizuma, funtsean, Salbamen Historiako gertakizun handiak, mirari handiak, gogoan hartzea da. Eta haiek bihotzeko begien aurrean izanik, geure buruari galdetzea: zein da nire Jainkoa?, zein da nire Jauna? Lehen irakurgaiak eta ebanjelioak, hondo-hondoan, arazo hori jartzen digute begi-aurrean.

LEHEN IRAKURGAIA Deuteronomio liburutik (26,4-10)

Israel herria, Egiptoko esklabotzatik ihes egin ondoren, iritsi da Jainkoak agindutako lurraldera. Han zer egin behar duten gogorarazten diote. Besteak beste, Jainkoa maitatu eta harekin egindako hitzarmenari leial eutsi. Horrekin loturik doa beste hau: errukia pobreekiko eta ahulekiko. Bestetik, Jainkoarekin egina duten hitzarmen hori gogoan bizi-bizi izateko, honako hau berritu behar dute behin eta berriz: ┬źNire aita, erromes ibili beharra izan zuen aramearra zen┬╗. Esan nahi da, noraezean ibili behar izatetik, toki on batean egonkorturik bizi ahal izatea eman diola Jaunak Israel herriari.
Israel herria erromes edo batetik bestera ibiltze hori irudi bat da: guk mundu honetan bizi dugun erromesaldiaren irudi. Eta Israel herria leku jakin batean egonkorturik bizi izaten haste hori, beste irudi bat da: gure geroko biziaren irudia; neurri batean, Jesus etortzearekin, mundu honetan berean hasi dugun biziera egonkorraren irudia; izan ere, Bataioaren bidez, Jesusengan txertatuak izan gara guztiok. Saia gaitezen esker oneko izaten.

BIGARREN IRAKURGAIA Erromatarrei egindako gutunetik (10,8-13)

Paulo kezkaturik ageri da, bere herriak, Israelek, Jesu Kristo salbatzailea onartu ez duelako. Zer izango da herri horretaz?, galdetu dio bere buruari.
Testuinguru horretan hartu behar da gaurko pasarte hau.
Gizon-emakume guztiak salbatzera etorri da Jesu Kristo; baita kriminalik handienak ere. Kristo etorri aurretik, legea betetzean jartzen zuten israeldarrek salbaziorako bidea; legea betez lortuko zuten salbazioa. Paulok dio, oraindik errazago bihurtu duela salbazioa Jesusek. Aski du pertsonak Jesu Kristo piztu dela aitortzea; aski du Jesu Kristo Jainkoa dela aitortzea. Eta fede hori ez da inoren pribilegioa. Gizon-emakume guztiei eskaini die Jainkoak fede hori. Denok gara pareko: juduak eta greziarrak; pobreak eta aberatsak; hangoak eta hemengoak. Horrela, Paulo konbentziturik dago, Israel herriak ere lortuko duela salbazioa egun batean.
Konturatzen al gara zer egiten dugun norbaiti gorrotoa, ezin ikusia diogunean? Guk gorrotatzen dugun hori Jainkoaren maite-maitea da.
Kristo etorri aurretik, Jainkoaren nahi hori honetan oinarritzen zuten: denak eta guztiak Jainkoak kreatuak bagara, nola ez du nahi izango Jainkoak guztiak salbatzea? Kristo etorri ondoren, Paulok, gainera, beste oinarri hau aipatu du: Kristo gizon-emakume guztiak salbatzera etorri da. Beraz, Jainkoak kreatuak eta Kristok salbatuak baldin bagara, nola ez sinetsi uste osoaz salbatuak garela?

EBANJELIOA Lukasen liburutik (4,1-13)

Salbamen Historia kontuan harturik bakarrik uler daiteke gaurko ebanjelioa; Jesusek jasan dituen tentazioetan ezkutuan dagoen Salbazioa da. Tentazio horietan, lainopean bada ere, agerian daude Adam eta Eva; Jainkoaren agindua bete ordez, sugearen tentazioan erori ziren haiek. Lehenengo Adam horri Adam berria kontrajarri zaio: Jesus. Gizon-emakume guztiak bezala jasan du tentazioa; baina ez du bekaturik egin. Jesusek tentazioa garaitu duelako, guk jasaten dugun tentazioak ez du jada heriotzarako indarrik. Horrela entzun eta hartu beharko ditugu Jesusen tentazio hauek.
Espiritu Santuak basamortura bideratu du Jesus. Han, deabruak tentatu egin du. Baina Jesusek garaitu egin ditu tentazio guztiak.
Hiru tentazio horiek, Jainkoaz askotan izaten dugun uste faltsua agertzen digute. Gezurrezko gure ikuspegi hori zuzendu egin du Jesusek, tentazioak garaituz.
Lehenengo tentazioak hau dakar: Jainkoa mirarigile dela uste izatea; zulo betetzaile dela uste izatea; guk geuk egin nahi ez duguna, Jainkoak egingo duela uste izatea: harriak ogi bihurtuko dituela uste izatea.
Bigarren tentazioak hau dakar: munduaren nagusia eta sortzailea Satanas dela aitortzearen kontra Jainkoa bakarrik adoratzea.
Hirugarren tentazioak hau dakar: Jainkoak gure zuhurtasun-falta erremediatuko duela uste izatea; gu axolagabe bizirik ere, Jainkoak dena konponduko duela uste izatea.
Tentatzailea Jainkoaren Hitzaz baliatu da Jesus tentatzeko. Eta Jesusek Jainkoaren Hitzaren bidez erantzun dio kontra. Konturatzen al gara zer adierazten duen horrek? Askotan izaten dugu tentazioa; zertako? Ba, Jainkoaz baliatzeko, Jainkoaren beraren kontra joateko.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztien alde: Jainkoaz dugun ustea berritzen eta zuzentzen joan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Kristoren bidea alde batera utzi dutenen alde: txikitan Kristoz hartu zuten ikuspegi kaxkarrarekin geldi ez daitezen, baizik eta hobeto ezagutzeko zoria izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gaixo, preso, goseak direnak Kristoren argiak argi ditzan. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Aita Santua Kubara eta Mexikora egiten ari den bidaia, jendeari Jainkoaren onginahia agertzeko, eta munduan elkartasun handiagoa eragiteko gerta dadin. Eska diezaiogun Jaunari.