Joan Bataiatzailearen nahasmendua (2016-12-11)
Abendualdiko 3. Igandea A

Gaurko irakurgaiek ez dute erlaziorik beren artean, baina aurreko igandeetako ildoari jarraitzen diote. Lehena (Isaiasena) antzinako eta gaur egungo arazo handietako batez ari da: erbestetuen eta lekualdatuen problemaz. Ebanjelioak zerikusi estua du joan den igandekoarekin: Jesusen jarduerak nahasmendua sortu dio Joan Bataiatzaileari. Bigarren irakurgaiak, Santiagorenak, aholku berri bat dakar Abendualdia bizitzeko.

1.-Duela mendeko askotako erbestealdia eta berrerriratzea; gaur egungo aterpetuak eta lekualdatuak.

Abendualdiko lehen bi igandeek gerlaren eta zuzengabekeriaren problema larriak ekarrarazi zizkiguten gogora, ordezkotzat bakearen eta paradisu berri baten esperantza eskainiz. Hirugarren igandeko Isaiasen testuak beste esperientzia bat, Israel herriak bizi izana, dakarkigu: erbestealdiaren esperientzia.
Lehen erbesteratze handia Iparraldeko israeldarrek nozitu zuten, K.a. VIII. mendearen azken aldera (720. urtean). Famatuenak, ordea, K.a. VI. mendean (598. eta 586. urteetan) protagonistatzat juduak izan zituztenak dira. Handiak izan ziren erbesteratze hauek eragin zituzten tragedia, estutasuna eta gorrotoa. Baina handiagoa izan zen kasu askotan, ez beti, aberrira itzultzeko gogoa. Jeremiasen, Ezekielen, Isaiasen liburuetako testu profetiko ugarik iragartzen dute berrerriratze hau.
Ildo honetan mugitzen da Abendualdiko hirugarren igandeko lehen irakurgaia. Ulertzeko, kontuan izan behar da, milaka kilometroko distantzia dagoela Babilonia eta Jerusalem artean, eta ez zegoela orduan (gaur egun ere ez) autopista miresgarririk aire girotuko autobus erosok zeharkaturik. Ibilbide luze hori egiten zuen edozein karabanak bizi ohi zuen basamortu beldurgarri idor bat igarotzen ari zen ustea. Adineko jendea, emakume haurdunak, haurrak bidaide zituen edozein gizatalde desanimatzen ahal zen halako bidaia luze horri ekiteko orduan. Profetak, ordea, sakonki poetiko diren hitzez bihotz ematen die.
Hirugarren igandeko irakurgai honek gogo ematera bultzatzen gaitu antzinako israeldarren egoera berean aurkitzen den gaur egungo milioika pertsona, eta, antzinako haiei bezala, esperantza eta kontsolamendua emango dizkieten hitza eta ekintza eskaintzera eragiten digu.

2.- Nahasmendua (Mateo 11,2-11)

Joan den igandeko ebanjelioak Joan Bataiatzailearen esperantzaz hitz egin zigun: Mesias adoretsu bat, aizkora eskuan arbola antzu oro botatzeko prest, eta sardea lastoa suan erretzeko. Alabaina, Jesusen jardueraz kartzelara datozkion albisteak oso bestelakoak dira.
Oso esanguratsua da hasiera: «Joanek izan zuen… Mesiasek burutzen zituen egintzen berri». Ez dio Jesus, baizik eta Mesias. Eta «egintzak» aurreko guztiari dagozkio: hitzak, sendatzeak, eginkizuna. Baina, hain juxtu, Joani bihotz eman behar zion hark berak duda-muda eragin dio. Mesias zorrotz bat espero zuen, arazoak behin betiko konponduko zituena, fruiturik gabeko arbola botako zuena (3,1), gari-alea eta lastoa bereiziko zituena, baliogabea itzalezineko suan erreko zuena (3,12). Jesusek huts egin dio; gutxienez, nahasarazi egin du. Berak ez bezala dihardu oso: ez dabil gamelu-larruz jantzirik, ez da elikatzen matxinsaltoz eta basa-eztiz, ez die irakasten ikasleei otoitz egiten, ez die eragiten barau egitera, aizkorakada jardun ordez, gaixoak sendatzeari eta istorio politak kontatzeari emanik bizi da. Joan, Jesus espero zuten Mesias zela konbentziturik zegoen hura, galdezka hasi zaio bere buruari –eta galde Jesusi berari ere− beste norbaiten zain jarraitu behar ote duten.
Jesusen erantzuna nahasgarri da lehen begiratuan: Joanek badakiena errepikatu du: itsuek ikusten dute eta herrenak badabiltza, legendunak garbitzen dira eta gorrek entzuten dute, hildakoak pizten dira eta behartsuei Berri Ona hots egiten zaie. Alabaina, gauza bat da ikustea eta beste bat ulertzea. Eta Mesiasen egintzak ulertu, Liburu Santuaren argian kontenplatzen direnean ulertzen dira. Kontua ez da Jesusek bi itsu sendatu dituela, mutu bat edo lepradun bat sendatu duela jakitea. Hau da inporta duena: horretan guztian antzinako profetek iragarria betetzen ari dela jakitea. Promes horietarik abiaturik landu du Jesusek bere erantzuna, gaixotasun fisikotik (itsuak, herrenak, lepradunak, sorgorrak) heriotzara eta pobreak ebanjelizatzera doana. Isaiasen liburutik abiaturik eraikitzen ahal zen oso bestelako irudi bat, Joan Bataiatzailearen ildokoagoa. Alde baikorra bakarrik azpimarratzen duena aukeratu du Jesusek. Eta honek kontrako erreakzioa eragin dezake. Horregatik, abisu serios bat jaulki du bukatzeko: «Zorionekoa nitaz eskandalizatzen ez dena!» Hau da ikasleek Joani kartzelan adierazi behar diotena.
Pasadizo hau oso garrantzizkoa dugu Jesusez dugun irudia aztertzeko. Eskuarki, Jesus Jainkoaren Semea delakotik abiatu ohi gara, Hirutasun Santuaren bigarren pertsona. Ondorioz, egin edo esan lezan edozein gauzak bete-betekoa izan beharko luke. Oso arriskutsua da jarrera hori, fedean sakontzea galarazten duelako.
Jesusen hitzak eta egintzak nahasbide izan ziren Joan Bataiatzailearentzat, eskandalagarri lege-maisu eta fariseuentzat, ezin ulertuzko ikasleentzat. Zorakeria izango litzateke uste izatea, guk ez dugula zailtasunik izango haiek ulertzeko.
Aurreko pasadizo horrek erre gustu txarra uzten al digu Joan Bataiatzailearen irudiari dagokionez. Horregatik, Mateoren eta Lukasen ebanjelioek hari dagozkion Jesusen hitz batzuk gehitu dituzte testuinguru honetan.
Pasadizo hau ulertzeko, gogoan izan behar da funtsezko datu bat. Jesusekin erlazionaturik ikusi izan dugu guk Joan beti. Honen eginkizun bakarra Mesiasen etorrera iragartzea bakarrik izango litzateke. Soiltze oso handia izango litzateke hori. Lehen mendearen hasierako juduen ingurumarian, Jesus baino ezagunagoa zen Joan Bataiatzailea, eta, are gehiago, honen ikasleak kristauak baino lehen iritsi ziren Greziara. Bestalde, aurreko pasadizo horiek adierazten dute, Joan Bataiatzailearen ikasleek ez zutela galdu beren nortasuna Jesus agertu zenean, baizik eta Joani atxikirik jarraitu zutela, haren irakaspenei loturik (adibidez, barauari dagokionez).
Hartara, nolabaiteko tirandura bat sortu zen Jesusen ikasleen eta Joanen ikasleen artean, bietan inportanteena zein izango ote. Hemen, Joan goratuz tratatu da gaia eta, aldi berean, dagokion lekuan ezarriz.
Baieztapenak aski desberdinak dira eta, batzuetan, enigmatikoak. Lehenik eta behin, Joanen giza koalitateak goresten ditu Jesusek: irmotasuna, soiltasuna. Baina aszeta baino gehiago da: profeta da eta hori baino gehiago ere bai: mezularia da, Jaunaren bidea prestatu du, «etortzekoa zen Elias» da (Irteera 23,20; Malakias 3,1). Horregatik, «ez da jaio emakumeagandik Joan Bataiatzailea baino handiagorik».
Baina, Joanen duintasuna, hain juxtu, Jesusen aitzindari izatean datza, eta Itun Zaharraren eremuan gelditu da. Horregatik, «Jainkoaren Erreinuko [kristau-elkarteko] txikiena hura baino handiagoa da». Esaldi hau oso gogorra da, baina ondo ahokatzen da ideia biblikoan, dioelarik, gauza inportantea Jainkoa dela eta hark egiten duena, eta ez gizon-emakumeak. Pertsonen handitasunaz, santurik handienez ere, liluratzea ez da metodo ona Jainkoaren egintza baloratzeko. Eta okerra izango litzateke Julius Welhausen-en interpretazio hau: «kristaurik hutsalena…, kristaua den aldetik, judurik gailenena baino goragokoa da». Kontua ez da, ordea, erlijioak bata bestearen aurka jartzea, baizik eta Joan Bataiatzailea bere leku egokian ipintzea, Jainkoaren egitasmoaren baitan.

3.- Pazientzia

Hirugarren aholkua Santiagoren gutunetik (Santiago 5,7-10) datorkigu, eta pazientzia eta eroapena ditu erdigune; etsenplutzat, jende landatarra eta profetak bezain pertsona desberdinak eman dizkigu.

José Luis Sicre