Abendualdia, etorriko denaren zain egotea

Betiko galdera da: nola ospatu aurten Eguberriak. Kezka interesgarria; baina arrisku bat duena: abendualdiaren zentzuaz, hein batean, ahaztea.

Abendualdiak bi xede edo helburu ditu: batetik, urtean urteko Eguberriak prestatzea; bestetik, gure kristau-kredoan esaten dugun hau prestatzea: Jauna berriro etorriko da; ez lehenengoan bezala gorputz hilkorrean eta apal-apal, baizik eta aintzatsu, biziak eta hilak epaitzera.

Zer esan nahi du juzkatzera etorriko delako honek? Hauxe: gauza guztiak argi jartzea.

Zer espero dugun eta nor espero dugun, hala bizi ohi gara. Oinazerik handienetan ere, sendatuko dela espero duena pozikago bizi ohi da, sufritzen egonik ez duela erremediorik dakiena baino. Sufrimendu handienak izan arren, laster irtengo dela dakiena pozikago bizi da, egun batzuk barru hilko dela dakiena baino.

Guk Jauna itzuliko dela espero dugu, hau da, berarekin aurrez aurre topo egingo dugula. Espero dugu ez garela eginak hilda gelditzeko, baizik eta bizia espero dugu. Jaunarekin aurrea aurre topo egingo dugula betiko.

Jesusen itzulera hori espero izateko modurik hobena, dagoeneko, bizitzaldi honetan berean, Jesus gurekin dugula jakitea eta uste izatea da, eta horren arabera bizitzea. Baina non topo egin, orain berean, Jesus horrekin?

Liturgiak esaten digu: Jauna bidera datorkigu Ā«pertsona bakoitzarengan eta gertaera bakoitzarengan, fedez harrera ona egin diezaiogun, eta maitasunez beraren erreinua espero dugula pozik aitortu dezagun, erreinu horren lekuko pozgarri eta poz-emaile izan gaitezenĀ».

Frantzisko aita santuak argitaratu berri duen Fratelli tutti (denak anai-arreba) entziklika eskuliburu ederra izan daiteke: gizadi berri bat egitera gonbidatzen gaitu, anai-arreba artekoagoa, zeinetan guztientzat izango baita etxerik eta ogirik, zeinetan inor ez baita bereiziko arrazagatik, sexu-joeragatik, jaioterriagatik, gaixotasunagatik, pobretasunagatik.

Gizatasun hau da Jainkoak nahi duena, prestatu behar duguna. Gizatasun berri hau prestatzearekin, bidea urratzen eta irekitzen dugu Jauna etor dadin, orain berean jadanik gutako bakoitzarentzat.

Dionisio Amundarain
(Religion Digitalean, 2020-12-05an,
Manuel Gelabertek argitaratua moldatuz)