ARGIAREN LEKUKO Joan 1,6-8.19-28

Abendualdiko 3. igandea B 2020-12-13

Gauza bitxia da nola aurkezten digun laugarren ebanjelioak Joan Bataiatzailearen irudia. «Gizon» bat da, beste nolakotasunik eta zehaztasunik gabeko. Ez digu ezer esaten beraren jatorriaz, ez gizarte-izaeraz. Bataiatzaileak berak ere badaki ez dela garrantzizko pertsona. Ez da Mesias, ez Elias, ezta guztiek espero duten Profeta ere. Honela dakusa bere burua, soil-soilik: «basamortuan oihu hau egiten duen ahotsa: Zelaitu bidea Jaunari». Alabaina, «argiaren testigu» bidali du Jainkoak, guztien fedea esnatzeko gai delarik. Argia eta bizia kutsa ditzakeen pertsona da. Zer da, ordea, argiaren lekuko izatea?

Joan Bataiatzailea bezalakoa izan ohi da lekukoa. Ez da harrotzen bere buruaz. Ez da ibiltzen nola izango besteak ez bezalako, ezta nola nabarmenduko ere. Ez du amesten inori zirrara eragitea. Soil-soilik, bere bizitza konbentzimenduz bizitzea du asmo guztia. Nabari ohi zaio Jainkoak argitzen diola bizitza. Bere bizieraz eta sinesteko eraz irradiatzen du.

Argiaren lekukoa ez da oso hiztuna, baina ahots bat da. Nahastezin den zerbait bizi du. Bera biziarazten duen hura komunikatzen du. Ez du esaten ezer Jainkoaren gainean, baina «zerbait» kutsatzen du. Ez du irakasten doktrina erlijiosorik, baina sinestera gonbidatzen du. Lekukoaren bizitzak erakarri egiten du eta zaletasuna iratzartzen. Ez du inor erruduntzat jotzen. Ez du gaitzesten. Jainkoarekiko konfiantza kutsatzen du, beldurra utzarazten du. Bideak irekitzen ditu beti. Bataiatzailea bezalako izan ohi da, «Jaunari bidea zelaitzen dio».

Lekukoa ahul sentitzen da eta pertsona mugatu. Askotan egiaztatzen du, beraren fedeak ez duela izaten gizartean ez sostengurik, ez oihartzunik. Are gehiago, nabari ohi du, axola-ezak edo ukoak inguratzen duela bera. Baina Jainkoaren lekukoak ez du juzgatzen inor. Gainerakoak ez ditu hartzen areriotzat, borrokatu edo konbentzitu beharrekotzat: Jainkoak badaki nola topo egin bere seme-alabetako bakoitzarekin.

Esan ohi da, gaurko mundua «basamortu» bihurtzen ari dela; baina lekukoak agertzen digu, badakiela berak zerbait Jainkoaz eta maitasunaz, badakiela zerbait gizakiak bere baitan duen zoriontasun-egarria asetzeko «iturburuaz» eta asetzeko moduaz. Lekuko txikiz betea dago bizitza. Fededun xume dira, apal, ezagunak beren inguruan bakarrik. Pertsona barru-barrutik onak dira. Egiaren maitatik eta maitasunaren baitatik bizi dira. Horiek digute Jainkoaganako «bidea zelaitzen». Elizan dugun alderik hobena dira.

Jose Antonio Pagola