Urteak igaroko dira. Bizirik eutsiko ote diote Jesusen espirituari beraren jarraitzaileek? Premiarik handiena dutenentzat eta ezgaituenak direnentzat hark bizi izan duen zerbitzu-espirituari gogoan eutsiko ote diote? Hark urratu duen bideari jarraituko ote diote? Beraren kezka nagusia Eliza lokartuko ote den izan da. Horregatik, hiruraino errepikatu die: «bizi zaitezte esna». Ez da momentuan entzuten ari diren lau ikasleei egindako gomendioa, baizik eta aldi guztietako fededunei emandako agindua: «Zuei esaten dizuedana, jende guztiari diot esaten: egon esna».

Eliza bertan behera utzi ez duten kristauen ezaugarririk orokorrena pasibotasuna da segur aski. Mendetan hezi ditugu fededunak menpeko eta esaneko izaten. Jesusen etxean gutxi batzuek soilik sentitzen dute gaur egun eliz erantzukizunen bat dutela.

Iritsia da erreakzionatzeko unea. Ezin jarraitu dugu «agintzen dutenen» eta «obeditzen dutenen» arteko aldea oraino handiago egiten. Hoztasuna, elkar zokoratzea edo pasibotasuna sustatzea bekatua da. Guztiok esna ikusi nahi gintuen Jesusek, guziok eginkor, argi eta erantzukizunez auzolanean.

Jose Antonio Pagola