Erregua, errealitatea, adi bizitzea (Markos 13,33-37)
Abendualdiko 1 igandea B (2017-12-03)

Zenbat aste ote ditugun Jesusen jaiotza gogoratzea prestatzeko? Ez da hori. Hori baino zerbait gehiago da Abendualdia. Arazoa ez da iraganeko gertaera bat era erromantikoan gogoratzea; gertatua sakon ulertzea da arazoa, eta Jaunarekin behin betiko topo egitera prestatzea da.

Erregua (Isaias 63,16b-17.19b; 64,2b-7)

Jesus etorri aurreko mendetara garamatza lehen irakurgaiak. Israel herriak trapu zikin bezala dakusa bere burua, hosto ihartu eta zimeleko arbola bezala. Egoera ez bide zen gurearen oso desberdina. Baina herriak, errua politikoei, bankeroei, Nazioarteko Diru Funtsari eta Merkel andereari leporatu ordez, uste du, den-dena Jainkoagandik datorrela, herriari beronen bekatuengatik bere aurpegia ezkutatu diolako; inork ez diolako dei egin Jainkoaren izenari, inor ez zaiolako atxikitzen Jainkoari. Arrazoizkoa, herriak jokabideaz aldatuko dela promes egitea izango litzateke, Jainkoaz axolatuko dela. Baina, herri horrek, bera aldatuko dela promes egin ordez, Jainkoari eskatu dio alda dadin: gogora dezala gure Aita dela (ideia hau irakurgaiaren hasieran eta bukaeran ageri da), itzul dadila, urra dezala zerua eta jaitsi dadila. Nola erantzungo dio Jainkoak eskari horri?

Errealitatea (2 Korintoarrei 1,3-9)

Jainkoaren erantzunak nasaiki gainditu du Isaiasen irakurgaian datorren herriaren eskaria, nahiz eta beste era batean egin. Jainko Aitak ez du urratu zerua, ez da etorri bera gurekin topo egitera. Jesus bidali du, eta haren bidez gauza guztietan aberastu gaitu eta bere Seme horren bizitzan parte hartzera gonbidatu gaitu. Horrenbestez, dio Paulok: «Ez duzue inolako dohainen faltarik». Krisialdi batean, hainbat jende, falta duen gauza asko falta izateaz, batzuetan arrazoi osoz, kexatzen denean, hitz hauek mingarri gerta daitezke: «Ez duzue inolako dohainen faltarik». Une egokia izan daiteke Abendualdia, pentsatzeko, zein gauza jotzen dugun baliozkotzat: gauza materialak, sarritan falta zaizkigunak, ala Jesusek ekarri dizkigunak: Jainkoa leiala delako ziurtasuna, Jainkoa geure alde dugula eta irmo eutsiko digula berarekin behin betiko topo egin arte.

Adi bizitzea (Markos 13,33-37)

Ironikoa ere bada gaurko ebanjelioak, hain juxtu, ez hitz egitea, ez Jainko Aitaz, ez Jesusez. Gu hartu gaitu ebanjelio honek ardatzaz, bizi behar dugu jarrera, alegia: «adi bizi», «zain bizi», «zain bizi». Hiru bider agindu bera lerro apur batzuetan. Abendualdia ez baita Jaunaren etorrera gogoratze hutsa; batez ere, berarekin behin betiko topo egitera prestatzea da.

José Luis Sicre