Urteko 17. Igandea B 2018-07-29
HOMILIA

Anai-arrebok!

Hona gaurko ebanjelioaren muina: Jesus arduratsu da jendeak zer jana izan dezan. Ez bakarrik betiko bizirako jana, baita mundualdi honetakoa ere.

Aspaldiko igande hauek San Markosen liburutik hartu izan dugu ebanjelioa. Gaur eta ondorengo lau igandeetan, San Joanen liburutik hartuko dugu.

Hain justu, San Joanen 6. kapitulua entzungo dugu bost igande hauetan. Benetan, bihotzez hausnartzeko egoki-egokia dugu kapitulu hau. Hona kapitulu horretako gai nagusiak: Jesusek jendetzari jaten eman; Jesus ur gainean oinez; bizi-ogiaz hitzaldia; betiko bizia duten hitzak.

Nagusiki, bizi-ogiaren hitzaldia dakar kapitulu honek. Baina, hasteko eta hitzaldi horretarako prestaketa gisa, Jesusek jendetzaz duen errukia adierazi digu. Eta erruki horrek eraginik, leku urrun batean jaten nola eman dion dakarkigu. Gaurko ebanjelioaren gaia.

Gaurko lehen irakurgaia (2 Erregeak 4,42-44), Eliseo profetaren mirariaz mintzo zaigu. Gosete handi bat bizi zuen Israel herriak. Honetan, aski aberatsa zen batek erregalu bat egin dio Eliseori: hogei garagar-ogi. Eliseok, erregalua beretzat gorde ordez, jendeari banatzeko agindu dio bere zerbitzariari. «Zer da hau ehun lagunentzat?», galdetu dio zerbitzariak. Eta Eliseok berriro: «Banatu». Zerbitzariak kasu egin dio. Denak ase dira, eta sobera ere gelditu da. Ez dakigu garbi zer gertatu zen. Mezua dago garbi. Daukaguna banatzen dugunean, denentzat iristen da zer jana.

Ebanjelioan antzeko mezua dakarkigu Jesusek. Oraingoan, ordea, ez dira ehun lagun; baizik eta 5.000, gizonezkoak bakarrik. Oraingoan ez dira hogei garagar-ogi; baizik eta bost garagar-ogi eta pare bat arrain. Honetan ere ez dakigu garbi zer gertatu den. Baina mezua da argia: esku artean duguna banatzen dugunean, guztientzat izaten da nahikoa. Senideok, munduan ez da janari-faltarik. Sobera dago. Arazoa banatzean dago.

Jendeak, ordea, ez du ulertu Jesusen mezua. Moisesen tamainako profetatzat hartu dute, eta errege izendatu nahi dute Jesus. Maila guztiz materialean hartu dute Jesusen egintza. Beste zerbaiten “seinaletzat” egin du Jesusek ogi-ugaltze hori. Baina haiek ez dira gai izan seinale hori atzemateko.

Zeruko ogiaren seinaletzat eman die ogi material hori. Jesusen aurreko juduentzat legea zen zeruko ogia; Bibliako jakinduria-liburuetan, legeak irismenean jartzen duen jakinduria da zeruko ogia. Horrenbestez, ezin sumatu dute Jesusek adierazi nahi diena: ni naiz bizi-ogia.

Ez dira jabetu, gizakiak legea baino zerbait gehiago behar duela; ogi materiala baino zerbait gehiago behar duela. Jainkoa ogi bihurtu da; batez ere, gizon egin denean: Hitza haragi egin da. Baina hori baino gehiago: Jesusek bere buruaren eskaintza egin du.

Jesusentzat gizakia ez da aspergarri. Dena dena ere gizakia, Jesusek erruki sentitu du gizakiaz. Artzainik gabeko ardi bezala ikusi du gizakia. Eta errukiz hurbildu zaigu.

Horren aurrean, bi galdera:

1.-Sentitzen al dugu Jainkoak maite gaituela? Sentitzen al dugu Jesusek maite gaituela. Oso garrantzizkoa dugu maiteak garela sentitzea. Eska diezaiogun uste sendo hori Jesusen Espirituari.

2.-Elizak, guk alegia, errukiaz begiratzen al diogu jendeari? Aita Santuak, gotzainek, apaizek, laikoek errukiz begiratzen al diogu elkarri, batez ere pobreei, presoei, gaixoei. Baina kontuz. Jesus ez da konformatu erruki zaituztet esatearekin; jaten ematen die. Poz handia sentitu beharko genuke Caritas lanean ari dela ikustean, munduan hain bat jende joaten dela pobreei laguntzera ikustean, gure agintariak hainbat etxe eta egoitza sortzen eta kudeatzen dituztela ikustean behartsuei, gaixoei, haurrei laguntzeko: hori guztia gure diruaren, gure zergen, gure eraginaren fruitua dela ikustean. Ezinbestekoa dugu bizi-poza; eska diezagun Jesusen Espirituari.

Jesus artzain ona gogoan izateak eragin diezagula haren urratsei jarraitzen.

Dionisio Amundarain