Andre Mariaren zeruratzea (2016-08-15)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Andre Mariaren zeruratzea! Benetan jai pozgarria. Kristo eta gure ama zeruan. Gu ere zerurako eginak garen seinalea.

Bi alde edo aldi bereizi ditzakegu Andre Mariaren bizitzan: batetik, lurrean egin duen bizitzaldia; bestetik, zeruko bizitzaldia. Lurreko bizitzaldiaz ezer gutxi dakigu, baina gutxi hori esan nahi handikoa da. Zeruko bizitzaldiaz ezer ez dakigu giza begiez, giza adimenez; baina ikusgarria, miresgarria eta esperantzagarria da fedez dakiguna.

Lurreko bizitzaldiaz dakiguna. Ebanjelioek esan digutena da. 1/ Emakume jainkozalea izan da Andre Maria: «egin bedi zuk diozuna», erantzun dio aingeruari, honek Jainkoaren ama izan nahi duen galdetu dionean. 2/ Emakume leiala izan da. Ez da konformatu «bai» esateaz; Jainkoaren ama izateak zer esan nahi duen hausnartzen jarraitu du bere bizitzan: Semearen gorabeherak bere bihotzean gorde eta hausnartuz joan da, eta den-dena bere bizi eginez; «egin bedi» luzea bizi izan du; ez bihotzean soilik, baizik bere bizi eginez; ebanjelioek esaten digutenera mugatuz, han dago Jesusen gurutzearen oinean; han dago, Jesus piztu ondoren, ikasleekin bildurik Espiritua etorri zain.

Zeruko bizitzaldiaz fedez dakiguna. Oker handia izango litzateke pentsatzea, Andre Mariaren zeruratzea lekualdatze bat izan dela. Oker handia izango litzateke pentsatzea, Andre Maria leku batetik, lurretik, beste leku batera, zerura, igaro dela. Duela urte batzuk Joan Paulo II.a aita santuak esana da: zerua ez da leku bat, zerua izaera bat da. Gehitu dezagun: Jainkoa ez dago leku batean, Jainkoa ez dago inon. «Egon» aditza, zuzen hitz egitera joz gero, ezin aplikatu diogu Jainkoari. Ezta Andre Mariari ere, behin zeruratuaz gero. Jainkoaz esan dezakegun gauza bakarra « izan» aditza da: «Jainkoa izan, da». Ez diot «izan da», baizik «izan, da». Baina giza hizkuntza hain laburra eta zabarra delako, hizkuntza guztietan erabiltzen ditugu beste hizkuntza-forma batzuk ere Jainkoaz hitz egiteko. Gauza bera gertatzen zaigu Andre Mariaz hitz egiteko ere.

Andre Mariaren zeruratzeak esan nahi du:

1/ Jainkoarekin bat egin duela, jainkotu egin dela. Bere betera iritsi dela. Ez ote zoragarria gertaera hori. Kristoren eta gure amaz ari gara.
2/ Jainkoarekin bat egite horrek esan nahi du, Andre Mariaren gurekiko ardurak Jainkoak eta Jesusek gutaz duen ardurarekin bat egin duela. Lurreko bizitzaldian ere bazuen gurekiko ardurarik; adibide bat Kanako ezteietan eman zuen: «Ez dute ardorik» esan zion Jesusi, ezkonberrien estualdiaz arduraturik.

3/ Zeruratze horrek esan nahi du, gure azken zoria zein den: Andre Maria gure aurrelaria da. Andre Mariaren zeruratzea gure esperantza da, gure esperantza-iturri. Ez pasiboki bakarrik; batez ere, aktiboki: gu arnasten ari da Andre Maria, gu zirikatzen.

4/ Andre Mariaren zeruratzea, Jainkoaren garaipena da. Jesus ez da gelditu hilobian; gaitza ez da garaile atera; Jesus piztu da; ez bera bakarrik; Jesusek bizia ematean gogoan izan duen Andre Maria ere piztu da; Jesusek bizia ematean gogoan izan dituen gizon-emakumeak ere piztu dira. Eta, bere bizia eskaintzean, Jesusek gu ere gogoan izan gaitu. Gu ere Andre Maria bezala piztuko gara. Andre Maria aurrelari izan dugu; eskua emateko prest bizi da besoa luze-luze eginda.

Saia gaitezen, Andre Mariaren «bai» handi hura geure egiten; saia gaitezen Andre Mariaren leialtasun hura geure egiten. Eta, horrela biziz, Andre Maria zeruratu izana aitortzeak eman diezagula esperantza, geu ere egun batean zeruratuko garela uste izateko.

Dionisio Amundarain