EZ DU BALIO EDOZEIN GAUZAK (Lukas 13,22-30)
Urteko 21. igandea C 2016-08-21

Jesus Jerusalemerantz doa. Haren ibilera ez da bere eginbehar erlijiosoak betetzera tenplura doan erromesarena bezalakoa. Lukasek dakarrenez, «irakatsiz» zeharkatzen ditu Jesusek hiriak eta herrixkak. Badu zerbait jende hari komunikatu beharra: Aita ona da Jainkoa, guztiei eskaintzen die salbazioa. Guztiak gonbidatzen ditu haren barkazioa onar dezaten.

Guztiak harriarazten ditu Jesusen mezuak. Pozak betetzen ditu bekatariak, Jainkoaren atzeman ezineko onberatasunaz hitz egiten hari entzutean: berek ere espero dezakete salbamena. Fariseuen alderdikoek, alabaina, kritikatu egiten dute haren mezua; orobat zerga-biltzaileei, prostitutei eta bekatariei eskaintzen dien harrera ona ere: ez ote da ari Jesus lasaikeria erlijioso eta moral onartezin bati bide ematen?

Lukasek dakarrenez, ezezagun batek eten du Jesusen ibilera eta zenbat salbatuko diren galdetu dio: gutxik batzuk?, asko?, guztiak?, zuzenak bakarrik? Jesusek ez dio zuzeneko erantzunik eman. Garrantzizkoa ez da zenbat jende salbatuko den. Inporta duena bizitzan jarrera argia eta erantzulea izatea da, Jainko On horren salbazioari harrera ona eskaintzeko. Guztiei esan die Jesusek: «Ahalegindu zaitezte ate estutik sartzen».

Horrela, bere mezua lasaikeriarako gonbitetzat hartu dutenen erreakzioa errotik moztu du. Aitari burla egitea izango litzateke lasaikeria hori. Salbamena ez da Aitagandik axolagabe hartzen den zerbait. Ez da hautatu batzuen pribilegioa ere. Ez da aski Abrahamen seme edo alaba izatea. Ez da aski Mesias ezagutu izana.

Jainkoaren salbamenari harrera ona egiteko, beharrezkoa da ahalegina, borroka, Aita imitatzea, haren barkazioan konfiantza izatea. Jesusek ez dakar beherapenik horretaz guztiaz: «Izan errukitsu zuen Aita errukitsu den bezala»; «ez inor epaitu eta ez zaituzte Jainkoak epaituko»; «barkatu hirurogeita hamarretan zazpi aldiz» zuen Aitak bezala; «bilatu Jainkoaren erregetza eta haren zuzentasuna».

«Ate estutik sartzea» delako gonbit hori zuzen ulertzeko, Joanen ebanjelioan irakur ditzakegun Jesusen hitz hauek hartu behar ditugu gogoan: «Neu naiz atea; norbait nigandik sartzen bada, salbatuko da» (Joan 10,9). Ate estutik sartze hori «Jesusi jarraitzea» da, hura bezala bizitzen ikastea; haren gurutzea lepoan hartu eta hura berpiztu duen Aitagan konfiantza izatea.

Jesusi jarraitze honetan, ez du balio edozein gauzak, ez dira guztiak gauza bera; leial erantzun behar zaio Aitaren maitasunari. Jesusek eskatzen duena ez da legekeriazko zorrozkeria, baizik Jainkoa eta haurridea errotik maitatzea. Hargatik, haren deia eskakizun-iturri da, baina ez estutasun-iturri. Beti irekia den atea da Jesu Kristo. Ezin du itxi inork. Geuk bakarrik itxiko dugu, haren barkazioari atea ixten badiogu.

Jose Antonio Pagola