Barkazioa, piztuera eta misioa (Lukas 24,35-48)
Pazkoaldiko 3. ig. B (2018-04-15)

Gaurko hiru irakurgaiak bat datoz mundu guztiari bekatuen barkazioa emateari dagokionez, Jesusen heriotzari esker. Lehena honela bukatzen da: «Beraz, damutu zaitezte eta bihotz berritu, zuen bekatuak ezereztu daitezen». Bigarrena honela hasten da: «Ene seme-alabok, bekaturik egin ez dezazuen idazten dizuet hau. Baina, norbaitek bekatu egiten badu, badugu Aitaren aurrean geure alde aterako dena, Jesu Kristo, zuzena». Ebanjelioan, berriz, Jesusek dio: «beraren izenean bihotz berritzea eta bekatuen barkamena hots egingo zaiela herri guztiei».

Antzinako kultura oso gutxi ezagutzen duen jende batek esan ohi du, bekatuaren kontzientzia mentalitate judu-kristauaren fruitua dela, jendeari bizitza mikazteko. Alabaina, bekatuagatiko estutasuna dokumentatua dago milaka urte lehenago, Babilonian eta Egipton. Itun Berriaren alde berezia bekatuen barkazioa hots egitea da, Jesusen heriotzari esker.

Piztuera eta beronen frogak

Igande honetako ebanjelioak garrantzi berezia eman dio piztueraren gaiari. Irudika dezagun lehen kristau-misiolarien egoera. Nola konbentzitu jendea, sinets dezan heriotzarik lotsagarrienera galdua izan den pertsona batengan; hain zuzen, agintari erlijioso, intelektual eta politikoek galdu duten horrengan? Konbentzimendu handia behar zuten, Jesusen heriotza ez zela izan porrot bat sinesteko, Jesusek egiaz bizirik jarraitzen zuela sinesteko. Eta haren piztueraren ziurtasuna agerpenen kontakizunekin adierazten zuten. Kontakizun hauetan eboluzio oso interesgarria nabari da.

1.-Kontakizunik zaharrenean, Markosenean, Jesus ez da agertu; aingeru batek komunikatu die emakumeei Jesus piztu dela, eta emakumeek izuturik egin dute ihes, inori ezer esan gabe (Mk 16,-8).
2.-Mateoren geroagoko kontakizunean, aingerua agertzeari Jesusen beraren agerpenak jarraitzen dio: haren piztuera hain bistakoa da, non emakumeek besarkatu ahal baitizkiote oinak (Mt 28,9-10).
3.-Lukas, ematen duenez, piztueraz duda-muda handiak dituen jendearen artean mugitzen da (izan gogoan, Korinton bazela jenderik piztuera ukatzen zuenik), eta apostoluengan proiektatzen du egoera hori: haiek dira lehenak duda izate horretan eta sinesteari uko egitean; baina Jesusek ukaezineko froga fisikoak eskaini dizkie: Emausko bi ikasleen bidelagun izan da, biekin eseri da mahaian, ogia bedeinkatu eta zatitu du. Baina, batez ere, segidako pasadizo honetan, gaurko igandean irakurtzen dugun honetan, ezarri du froba fisikoen indar guztia: Jesusek bere eskuak eta oinak erakutsi dizkie, ukitzeko aukera eman die, eta beraien aurrean arrain-puska bat jateraino iritsi da.
4.- Azkenik, ematen du, Joanek ñabardura bat ezarri nahi izan diola Lukasen ikusmoldeari: Jesusek Tomasi bere hatza beraren eskuetan eta saihetsean sartzeko aukera eskaini dio. Alabaina, froba fisikoen mota hori ez da ideala. «Ikusi gabe sinestea da» ideala Jonen arabera. Ildo honetan berean doa azken agerpena ere, aintziraren ondokoa: ertzera iritsi eta txingarra ikusi dute prest, eta arraina (Jesusek ez du jan); «ikasleetako inor ez da ausartu nor den galdetzera, bai baitakite Jauna dela». Joanek maisuki adierazi du ziurtasun-ezaren eta ziurtasunaren batasuna. Ez da hor Jesus den frobarik, baina ikasleek ez dute bera den dudarik.

Ebanjelarien arteko alde hauek agertzen luzatu nahi izan dut; izan ere, agerpenen kontakizunak askotan erabiltzen dira arma jaurtigarri gisa dudak dituztenen aurka. Dudak denek izan zituzten eta, ingurugiro desberdinen arabera, era desberdinean kontatu zuten Jesus piztu izanaren ziurtasuna, eta baietsi zuten harengan sinesten ahal zela, Salbatzailetzat hartuz, eta pena merezi zuela nork bere bizia hari ematea.

Lukasen azken saila

Jesusek arrain-puska bat jan izana erabateko froba izan zitekeen ikasleentzat, baina ez ebanjelioaren irakurleentzat: fede-egintza berria egin behar zuten hauek: Lukasek kontatzen duena sinetsi.

Horregatik, Jesusen hitzaldi labur bat gehitu du Lukasek, guri guztioi eskainia: horretan ez du ezer frogatu nahi; soilik, bere nekaldiaren, heriotzaren eta piztueraren esanahia argitu nahi du Jesusek. Eta bide bakarra, adimena irekitzea dugu Liburu Santuak ulertzeko. Horrela, Moisesek, profetek eta salmoek iragarritakoa dela medio argituko da beraren heriotzaren misterioa, guretzat barkazio eta salbazio-kausa denaren horrena.

Jesusen piztueraren frogaren hobena

Jesusen azken hitzek geroa iragarri dute: «Beraren izenean bihotz berritzea eta bekatuen barkazioa hots egingo zaizkie herri guztiei, Jerusalemdik hasita. Zuek zarete honen lekuko». Ematen du, hogei menderen ondoren, guretzat esana dela esaldiaren azken zati hori: «zuek zarete honen lekuko». Hain juxtu, lekuko gara ebanjelioa zabaltzen ari dela jendearen artean, Pedrok lehen gutunean dioen bezala: «maite duzue ikusi gabe». Horixe da Jesusen piztueraren frogarrik hoberena.

José Luis Sicre