LEKUKOAK (Lukas 24,35-48)
Pazkoaldiko 3. igandea B (2018-04-15)

Jesus berpiztuak eta ikasleek topo egin izana esperientzia fundatzaile bezala deskribatu du Lukasek. Argi dago Jesusen gogoa. Bere egitekoa ez du bukatu gurutzean. Hil ondoren, Jainkoak berpizturik, harremanetan jarri da bereekin, «lekukoen» mugimendua abian jartzeko; herri guztiei Berri Ona kutsatzeko gai izango dira hauek: «Ene lekuko zarete zuek».

Ez da izan gauza erraza gizon haiek, nahasmenduak eta beldurrak joak diren haiek, lekuko bihurtzea. Pasadizo guztian, ikasleak isilik egon dira, guztiz mutu. Narratzaileak haien barneko mundua bakarrik deskribatu du: izuak joak dira; larri eta ustekabeko sentitzen dira; ederregi iruditzen zaie hura guztia egia izateko.

Jesusek berregingo du haien fedea. Gauzarik garrantzizkoena, ez daudela bakarrik senti dezaten da. Bizirik, bete-bete bizirik, sentitu behar dute Jesus beren artean. Hauek dira Berpiztuagandik entzun dituzten lehen hitzak: «Bakea zuekin… Nolatan duda-muda horiek zeuen baitan?».

Geure artean Jesusen presentzia biziaz ahazten garenean, geure protagonismoa dela medio Jesus ikusezineko bihurtzen dugunean, tristurak haren bakea ez beste guztia sentiarazten digunean, batak besteari ezkortasuna eta sinesgabetasuna kutsatzen diogunean… bekatu egiten dugu Berpiztuaren aurka. Horrela, ezinezkoa da lekukoen Eliza.

Beren fedea esnatzeko, Jesusek ez die eskatzen aurpegira begira diezaioten, baizik eskuetara eta oinetara. Ikus ditzatela gurutzeko beraren zauriak. Izan dezatela beti beren begi aurrean heriotzaraino eman duen maitasuna. Ez da mamu bat. «Ni neu naiz, ni neu». Galileako bideetan ikusi eta maite izan duten hura bera.

Berpiztuarekiko geure fedea geure burutazioetan oinarritu nahi izaten dugun guztietan, mamu bihurtzen dugu Jesus. Harekin topo egin ahal izateko, ebanjelioen kontakizunetara jo behar dugu: gaixoak bedeinkatzen eta haurrak ferekatzen zituzten esku haiek aurkitzeko; ahaztuenak direnen bila nekatuak ziren oin haiek aurkitzeko; Jesusen zauriak eta nekaldia aurkitzeko. Jesus huraxe da orain bizi dena, Aitak berpiztua.

Beldurrez eta duda-mudazko ikusi dituen arren, konfiantza izan du Jesusek ikasleengan. Berak bidaliko die sostengu izango duten Espiritua. Horregatik gomendatzen die munduan bere presentzia luza dezaten: «Gauza hauen guztien lekuko zarete zuek». Ez dute zertan irakatsi irakaspen handiosik, baizik, soilik, beren esperientzia kutsatu. Ez dute zertan predikatu teoria handi-mandirik Kristoz, baizik, soilik, haren Espiritua distiratu. Beren bizieraz egin behar dute sinesgarri, eta ez hitzez bakarrik. Hauxe da Elizaren betiko zinezko arazoa: lekukorik eza.

Jose Antonio Pagola