Ustekabeko hiru protagonista (Joan 20,1-9)

Piztuera Igandea (2019-04-21)

Aukera arraroa

Pazko igande honetan Elizak gehienik errepikatzen dituen esaldiak dira bi hauek: «Kristo piztu da» eta «Jainkoak Jesus piztu du». Itun Berriak gai honetaz dakartzan baieztapenen laburpen dira.

Halaz guztiz, igande honetarako aukeratu duten ebanjelioaren protagonista, ez dira, ez Jainko Aita, ez Kristo, ezta Jesusen piztuera aitortzea ere. Aipatzen dituen hiru protagonistak beste gizatar soil hauek dira: Maria Magdalena, Simon Pedro eta ikasle maitea. Aingerurik ere ez da ageri. Joanen ebanjelioaren kontaerak pertsonaia hauen, oso desberdinen, erreakzioak ditu erdigune.

Mariak oso presaka erreakzionatu du: aski izan du hilobiko harria kendu dutela ikustea, gorpua norbaitek eraman duela ateratzeko; piztuera ez zaio burutik pasatu ere.

Simon Pedrok inspektore arduratsu bezala jardun du: korrika doa hilobira eta ez da gelditu, Maria bezala, harria baztertu dutela ikustearekin; barnera sartu da, ikusi du bendak zoruan daudela eta buru-zapia tolesturik dagoela beste txoko batean. Gauza arraroa. Baina ez du ondoriorik atera.

Ikasle maitea ere korrika joan da, Simon Pedro bera baino lasterrago, baina ondoren zain egon da egonarriz. Eta Pedrorena bera ikusi du, eta Jesus piztu dela atera du.

Joanen ebanjelioak, urtean barna bere hitzaldi nahaspilatuekin hartaraino sufriarazten digun horrek, mezu bikain bat eskaini digu gaur: Jesusen piztueraren aurrean, pentsa genezake iruzur bat dela (Maria), gerta dakiguke zer pentsatu ez jakitea (Pedro) edota fedearen jauzi misteriotsua egitea (ikasle maitea).

Zer dela-eta egon da ikasle maitea Pedro etorri zain?

Sarritan honela interpretatu izan da gertaera hau. Ikasle maiteak (Joan dela edo beste zeinahi) kristau-elkarte aski berezi bat eratu zuen, gainerako elizak baino goragokoa zela uste izateko arriskua izan zuen eta besteengatik erabat bakantzekoa. Izatez, laugarren ebanjelioak argi utzi du eratzailearen sekulako intuizio erlijiosoa, Pedrorena baino gailenagoa: aski izan du ikustea sinesteko; gauza bera gertatu zaio geroago, Galileako lakuan Jesus berpiztua agertuko zaienean, berehala antzeman dio: «Jauna da». Alabaina, intuizio berezi horrek ez du ipini Pedroren gainetik: honen zain egon da hilobian sartzeko orduan, Pedroren begirunez. Ikasle maitearen elkarteak, bere eratzailea imitatuz, Eliza osoaren partaide dela sentitu behar du, zeinen erantzule Pedro baita.

Beste bi irakurgaiak

Ebanjelioak ez bezala, igande honetako beste bi irakurgaiek bipilki baieztatu dute Jesusen piztuera (Eginak 10,34ª.37-43 eta Kolosarrei 3,1-4). Biek, oso desberdinak diren aren, badute batasunik.

a) biek aipatzen dituzte Jesusen piztuerak guretzat dituen onurak: bekatuen barkamena (Eginak) eta geroko aintza (Kolosarrei);
b) biek baieztatu dute Jesusen piztuerak konpromiso bat dakarrela kristauentzat: predikatzea eta testigantza egitea, Apostoluek bezala (Eginak), eta goiko, Kristo dagoen hartako, ondasunez amets egitea, eta ez lurrekoez (Kolosarrei).

José Luis Sicre