Erramu igandea C 2019-04-14
HOMILIA

Anai-arrebok!

Jesusen Nekaldiaren kontaera entzun dugu. Eguberrialdian, Jainkoaren Semea, gu salbatzeko, gizon egin zela ospatu genuen. Gero, on eginez bizi izan zela entzun dugu: Jainkoaren Erregetza hots eginez bizi izan dela. Agertu digu ere, errege izate hori ez datzala gauza miresgarriak egitean.

Azkenean, gu guztiongatik bizia eman du. Bere erregetza gurutzean agertu digu: zeruko Aitari, bere hiltzaileei berei barkatzeko eskatuz hil da. Azken orduan damutu den lapur onari paradisua hitzemanez hil da. Bere espiritua edo bizia Aitaren eskuetan ipiniz hil da.

Ebanjelioek gurutzean zegoen Jesusen ahoan zazpi hitz famatu ipini zituzten.
Mateok eta Markosek hitz horietako bat bera dakarte: «Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu»
Lukasek, arestian aipatu ditugun hiru horiek dakartza: «Aita, barka iezaiezu, ez baitakite zer ari diren»; «benetan diotsut: gaur nirekin izango zara paradisuan»; «Aita, zure eskuetan jartzen dut neure bizia».
Joanek, azkenik, beste hiru dakartza (datorren ostiralean entzungo ditugunak); «Emakume, horra hor zeure semea» eta «horra hor zeure ama»; «egarri naiz»; «bete da dena».

Benetan ikuspegi errealista eman digute ebanjelariek Jesusen heriotzaz. Gutako edozeinek bezala, bakardadearen larria sentitu du Jesusek: «Aita, zergatik utzi nauzu». Heriotzako ordua, modu gizatarrean bakarrik harturik, sekulako bakardadea da. Halere, Jesusek bikain gainditu du modu gizatar soil hori: «Aita zure eskuetan uzten dut neure bizia». Badaki, Aitak ez duela utzi eskutik. Eta heriotzako orduan ere gogoan izan du Aitak gomendatu dion misio edo zeregina: «Aita, barka iezaiezu, ez dakite-eta zer ari diren».

Senideok, aste honetan hausnar ditzagun Jesusen gurutzeko hitz hauek. Har dezagun lagun Andre Maria. Eta, batez ere, Jesusen beraren Espiritua.

Dionisio Amundarain