URTEKO 5. IGANDEA C 2016-02-07

SARRERA

Anai-arrebok, ongi etorri Eukaristia ospatzera. Jainkoaren misterioa agertuko zaigu; Jainkoak gutaz duen asmo zoragarria. Lehenengo irakurgaian, batetik, Jainko hori handi eta santu ageri da; aldi berean, txiki eta xume: Isaias bezalako gizon kaxkar eta bekatari bati agertzeraino. Eta zertako agertu? Esateko: gizon kaxkar eta bekatari horren beharra duela Jainkoak munduan bere asmoa gauzatzeko. Horixe da Jainkoaren handitasunik handiena: bera ahul dela agertzea eta gizakiaren beharra duela, mundua aurrera eramateko. Esan diezaiogun Jainkoari otoitz labur hau, azken mundu-gerratean Alemaniako naziek gas-labean hil zuten Etty Hillesum neska gaztearekin bat eginez: Jauna «ez diguzu guri Zuk lagunduko, baizik guk dizugu lagunduko Zuri, eta, hori eginez, geure buruari lagunduko diogu».
Baina ohargarria da Isaiasen gertaera hau: Jainkoa ikusi, eta, haren santutasuna ikustean, bera bekatari dela ikusi du. Beste horrenbeste gertatu zaio Pedrori gaurko ebanjelioan: Jesusek egin duen miraria ikustean, haren oinetara erori da; Jesusen ondoan, bere burua bekatari ikusi du Pedrok.
Azkenik, «santu, santu, santu» esaten entzun die Isaiasek aingeruei. Guk geuk zenbat aldiz abesten dugu hori bera? Jabetzen al gara kantu horrekin zerukoekin bat egiten dugula, Jainkoaren santutasuna goratzen eta aitortzen?

LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (6,1-2a. 3-8)

Lehengo igandean Jeremias profetaren bokazioa entzun genuen. Gaurko irakurgai honek, berriz, Isaias profetaren bokazioa dakarkigu.
Hiru zatitxo ditu irakurgaiak:
Lehenengoa. Jainkoa bere handian ageri da. Ezin da kabitu tenpluan. Munduaren gainetik dago. «Nik, ezpain kutsatuko honek, neure begiez ikusi dut Gudarosteen Erregea eta Jauna», dio Isaiasek. Harriturik gelditu da Isaias, Jainkoak munduan dituen arreta eta ardura ikustean. Eta bere burua ez du gai ikusten Jainkoarekin hitz egiteko.
Bigarren zatitxoa. Jainkoaren mandatari batek, serafin batek, ilinti batez ezpainak ukitu dizkio Isaiasi, eta hau garbi gertatu da. Gai egin da profeta izateko. Isaias erabat aldaturik sentitu da.
Hirugarren zatitxoa. Jainkoak Isaiasi profeta izateko prest ote dagoen galdetu dio. Eta Isaiasek inolako duda-mudarik gabe: «Hemen nauzu, Jauna, bidal nazazu».
Jainkoak gizakiaren beharra du bere asmoa aurrera eramateko. Isaiasek bezala, ager diezaiogun geure borondate ona; pentsa dezagun Jainkoa geurekin izango dugula.

BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik (15,1-11)

Paulok, Korintoarrei egindako lehen gutuneko pasarte honetan geure esperantzaren oinarria agertu nahi digu. Lau urratsetan deskribatu du Kristoren misterioa: Kristo hil zen, hobiratu zuten, piztu zen, agertu zen.
Bi gauzatxo agertu nahi nituzke hemen. Zergatik dio Liburu Santuen arabera? Ba, eskandalagarri zelako Mesias gurutzean hiltzea; Paulok adierazi nahi du, aspaldidanik iragarria zegoela Mesiasen heriotza. Bestetik, hirugarren egunean piztu da, dio Paulok. Zergatik aipatu hiru egun hori? Aldi labur baten ondoren piztu zela esan nahi du, eta ez 24 orduko hiru egun; gainera, hiru egun aipatzen baditu, piztuera benetan gertatu zela adierazteko da: espazioa eta denbora aipatzen direnean, gauza bat egiazkoa dela adierazi nahi izaten da.
Horiek horrela, gure esperantzaren oinarria da Kristo piztu izana. Hona Paulok zer esaten digun: nik ebanjelioa hots egin dizuet eta zuek onartu duzue. Eta hauxe da ebanjelio horren muina: Jesus hil dutela, baina piztu egin dela. Hau da: Jesus horrek bizirik segitzen du, eta inork ez dio kenduko bizi hori.
Senideok, jakin dezagun, ordea, Jesusen heriotza eta piztuera ez direla maila berekoak. Jesus hil zutela eta hobiratu zutela egia historikoak dira; esan nahi da, historikoki frogaturik dago Jesus hil eta hobiratu zutela. Baina Jesus piztu izana ez da gauza historikoa, ezin frogatu da; Jesus piztu izana fedezko gauza da. Ikasleek eta apostoluek ez dute ikusi Jesus pizten, baina seguru daude bizi dela, piztu dela: agertu egin zaie, ez modu fisikoan, baizik misteriozkoan. Horren esperientzia bizia izan dute, eta horixe agertu digute. Horixe dagokigu gaurko kristauei ere: Jesus piztuaren esperientzia bizia lortzea, Jesusen beraren Espirituari argia eskatuz eta bihotz xumez onartuz.

EBANJELIOA San Lukasen liburutik (5,1-11)

Gaurko ebanjelioak lau zati ditu:
a.- Jesus irakasten ari zaio jendetzari; Jesusek, ordea, ez du irakasten lege-maisuek bezala; aginpidez irakasten du; bere barnetik ari da irakasten; ez da beste autore batzuen komentariogilea.
b.-Pedrok eta besteek gau osoa egin dute arrantzuan; hala zen ohitura: gauez egitekoa. Jesusek, berriz, eguerdi aldean ateratzeko esan dio, eta Pedrok kasu egin dio, nahiz ohitura guztien kontrakoa izan.
c.- egin duen arraunketa handia ikusirik, bekatari sentitu da Pedro Jesusen aurrean. Eta Jesusek: Ez beldur izan. Giza arrantzale izango zara.
d.- Hiru ikasleak, dena utzirik, Jesusen jarraitzaile bihurtu dira.
Gaurko pasadizo honen aurretik, ikasleek badaramate alditxo bat Jesusekin. Baina artean ikuspegi lausotua dute hartaz. Jesusek agindurik sareak bota eta halako arrain-piloa harrapatu dutenean, txunditu eta harritu dira. Isaiasen kasua errepikaturik ageri da hemen.

KRISTAU ELKARTEAREN ESKARIAK

1.-Eliza osatzen dugun guztion alde: mundua askatzeko lanean, mundua zoriontsuago eta zuzenago bihurtzeko lanean, Jainkoari laguntzeko prest ager gaitezela. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Goseak hiltzen ari diren haurren alde; tratu txarra jasaten ari diren neska gaztetxoen alde: mundua begiak ireki eta izurrite hori erremediatzen saia dadin. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Lanik gabe dauden guztien alde: beren aldetik, ahal dutena egin dezaten eta, besteen aldetik, sostengu bizia izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Gure gizartearen alde: ondradutasuna, egiatasuna, jatortasuna… bezalako giza balioak berreskuratzen eta bizitzen saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.